Inoiz aipatu dudala uste dut, Xuan Bello asturiar idazlearen istorioa: Bretainiara doan autobus batean kokatzen du, hainbat asturiar abertzale barruan. Paimpol izeneko herrian bat egiten dute bretainiarrek, euskaldunek, galiziarrek, katalanek, eskoziarrek, korsikarrek, frisiarrek, irlandarrek, palestinarrek eta sioux indiar batek, «zeinak dakota hizkuntzaz, Allen Ginsberg eta Jack Kerouacen lanak imitatzen zituzten eleberri historikoak eta poemak idazten zituen». Honela laburbiltzen du kontua siouxak: «Hemen gaude borrokarik sekula irabazi ez dugunok».
Antzeko ekimen ugaritan egon naiz, gure inguruko herriekin edo urrunagokoekin. Asteon, askorentzat guztiz ezezagunak diren herrien bilera egokitu zait Krimeako penintsulan, Itsas Beltzean. Asia Erdialdeko kirgizak, kazakhak, Txinak zapaldutako uigurrak, Tartaristango tartariarrak eta Krimeako tartariarrak. Denen babesle, otarteko euroasiarraren ogi zati biak, Finlandia eta Japoniako PEN zentruak egon dira. Ingelesez egin dute horiekin eta euskal gonbidatuekin, eta harrituta ikusi dugu zelan elkar ulertzen zuten gainontzekoek nork bere hizkuntza turkikoa erabilita. Uigurrei esker egin dute auzoa ulertzeko ahalegina, osterantzean aski dute errusiera. Baten batek errusieraz gusturago diharduela ere aitortu digu. Sobiet Batasuna desegitean azken gelditu ziren herriak dira, independentziarik inoiz eskatu ez zutenak eta marra administratiboak estatu-mugak bihurtzean sekulako korapilo etnikoak aurkitu dituztenak. Tartaristango tartariarrek aldiz, independentzia aldarrikatu zuten, baina Errusiako zati zirenez atzera egin behar izan zuten. Eta atzera beharrean aurrera, Stalinek 1944an deportatutako Krimeako tartariarrek, lau mendez Itsas Beltzeko potentzia izandakoen ondorengoek, Uzbekistandik itzultzea erabaki zuten 53 urte beranduago. Oraindik dauzkaten arazoen berri eman digute: Ukrainan egon arren Krimean errusiarrak dira nagusi, baita agintean ere. Tartariera erabat baztertuta dago, eskolak geroz eta gutxiago, eta urtetan etxerik gabe egon diren tartariarrek nekez lortzen dute eraikitzeko baimenik. Tartariarren erdiak hil ziren deportazioan. Itzultzea ez da askoz errazagoa izan.
Euskaldunon esperientziak arretaz entzun dituzte. Aipatu diegu zer gelditu zen gaur duela 75 urte, Bilbo jausita, 'Eguna' itxita, Lauaxeta fusilatuta. Gutxi-asko, egin dugu zeozer ordutik. Bilera ostean egun pare bat hartu ditut Itsas Beltzean ekialderantz egin eta Krimea utzita Errusiara sartzeko. 'Zirkasia' ageri da mapa zaharretan. Gaur Kubango lautada deritze; ibai horrek markatu zuen luzaroan tsarraren aginte eremua. Hegoalderantz kaukasiar basatien lurraldea zen, astiro-astiro kosakoak hedatzen joanda ere. Lautadak mendi harroei egin die leku Sotxira iristerako. Errusiako hiri turistiko nagusia da, baina baita euskaldunokiko lotura berezia sentitzen duen herri baten hiriburu historikoa ere. Zirkasiarren ehuneko 90 itsasontzietan kanporatu zituzten 1864an inperioak konkistatzean, denak ez ziren Turkiara iritsi. Egun, hamabost mila lagun dira doi-doi milioitik gorako eskualdean. Baina asimilaziotik urrun, harro eusten diote nortasunari eta hizkuntzari, turistei txerkeskak eta papakha txanoak jantzita argazkiak egiten dizkieten bitartean. Azken borrokaldiaren lekuan, Olinpiar Jokoak egingo ditu Errusiak urte bi barru, genozidioaren abiapuntu izan zen Krasnaya Polyana eski estazioan. Kexu dira zirkasiarrak, bertako herriarekiko inongo begirunerik, are aitorpenik gabe antolatuko dutelako. Turkia eta Ekialde Hurbileko diasporak boikota ere eskatu du. Orain arte oihartzun txikia izan du, baina asteon deialdiarekin bat egin dute hainbat siriarrek, Al-Assaden babesle eta arma hornitzaile nagusia baita Mosku. Jokoak antolatzea uste baino nekezagoa suerta dakioke Errusiari.
«Leku guztiek zirkasiar izenak dituzte», diost Sotxiko batek, «baina herri askotan ez da zirkasiarrik, eta egungo biztanleek, ez dakite leku-izenek zer esan gura duten ere». Kantatzen ditu Ruper Ordorikak Joseba Sarrionandiaren berbak: Jendeak misterio aire batekin ahoskatuko ditu izen zaharrok.
Leku-lekutan
Izen zaharrak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu