ander perez zala
Erresuma Batuko hauteskundeak

Jeremy Corbynen 'leave' arazoa

2019ko abenduaren 11
11:38
Entzun

Jeremy Corbynek arazo bat du: Ingalaterra erdialdeko eta iparraldeko euroeszeptikoen botoak. Horma gorria deituriko barruti multzoa historikoki laboristen aldekoa izan da, batez ere 1980ko Margaret Thatcherren agintaldietatik aitzina, eta nahiago izan du Corbynen alderdiaren alde egin kontserbadoreen murrizketak eta neurriak eragozte aldera; horren erakusle, horietako batzuek ez dute diputatu kontserbadorerik izan 1930eko hamarkadatik. Milioika lagun dira, langile klasekoak, duela bi urteko hauteskundeetan betiko botoari eutsi ziotenak, eta 2016ko galdeketan leave (irten) bozkatu zutenak, Europako Batasunetik (EB) ateratzeko. Eta, halere, boto emaile fidelenak bilakatu dira Alderdi Laboristaren arazo handiena, oinarri fidagarriena izan behar zuten arren.

Zerbait aldatzen ari da barruti gorrietan, behinola industrializazioari esker oparotasuna lortu zuten hirietan. Herritar asko eta asko jan ditu desindustrializazioak, inbertsio faltak eta horrek guztiak eragin duen langabeziak. Eta, tartean, brexit-ak dinamika politikoak aldatu ditu: horietako asko lehenengoz kontserbadoreen alde bozkatzeko prest daude, EBtik behingoz irteteko.

Boris Johnson Erresuma Batuko lehen ministroa horren jakitun dago, eta ez da harritzekoa izan kanpainan barruti horietan jarri izana arreta, laboristei botoak kentzeko —estrategia ona eta egin beharrekoa izan da—; agintari toryak gehiengo osoa nahi eta behar du, bi atzerapenen ostean EBtik urtarrilaren 31n ateratzeko. Mezua erakargarria da barruti horietan, horma gorriko boto emaileen artean, gehiengo osoa jokoan duen eremuetan.

Horri gehitu behar zaio Corbyn bere jarreraren biktima izan dela, orain arte erakutsi duen anbiguotasunak haserrea eragin baitu eremu horretan —eta herrialdean oro har—. Laboristen buruzagia euroeszeptikoa da, eta horrek azaltzen du brexit-aren inguruan izan duen jarrera. Oreka ez da erraza: erdialdeko eta iparraldeko boto emaileek talde komunitariotik ateratzeko hautua egin zutenean, hiri eta gune urbanoetako ohiko boto emaileek EBn geratzearen alde egin zuten. Gainera, adinak gora egin ahala, behera egiten du laboristen oinarri elektoralak, 2016ko galdeketako remain (geratu) botoak bezala; hor, badirudi Corbynek gazteen eta etorkizunaren aldeko apustua egin behar izan duela, alderdikideen presioaren ondorioz.

Nola? Laboristak formula magikoarekin aurkeztu dira bozetara: boterera iritsiz gero, Corbynek akordio «hobea» negoziatuko luke datorren martxorako, eta 2020ko ekainean horrekin ateratzearen edo EBn geratzearen arteko hautua egiteko aukera emango lieke herritarrei, erreferendum bidez. Jarrera neutroa da, agintariak azaldu duenez; finean, ausardia puntu bat badu, brexit-aren aldeko eta kontrakoen ardatz polarizatuan bere burua ez kokatzeagatik. Badaki alde batean eta bestean dituela babesak, hark sortu ez duen zatiketaren bi aldeetan. Baina, azkenean, ez da izan estrategiarik egokiena, herritarrek ez baitute interpretatu jarrera neutro gisara, Bruselako taldean jarraitzearen aldeko jarrera gisara baizik.

Horregatik, talde komunitarioan geratu nahi dutenentzat Corbyn bilakatu da aukerarik egokiena: EBn jarraitzeko aukerak bizirik jarraituko lukeelako, eta horren inguruan berriz bozkatzeko aukera izango luketelako. Eta, irteteko aukera berriz gailenduko balitz, gutxienez itun «hobe batekin» joango liratekeelako. Laburbilduta: Corbynekin, aukera gustukoenaren edo irtenbide txarrenen artean aukerarik onenaren arteko hautua izango lukete europazaleek.

Bata bestearen menpe geratu da bizirik irauteko, euroeszeptiko asko galduta laboristek europazaleen botoa beharko baitute emaitza onak izateko, eta, Corbynen kasuan, politikoki ez hiltzeko; europazaletasuna da haren salbagarria, euroeszeptiko baten flotagailua.

Ez dago zalantzarik estrategia horrek EBren aldekoak erakarriko dituela, biharko bozak azken aukera izango baitira bigarren galdeketa lortzeko. Batez ere Ingalaterran eta Galesen beharko du horrek, Eskozian SNP alderdiak bereganatuko baitu boto europazalea eta independentista, gobernabiderako aldagai garrantzitsua izango dena—. Hortaz, nola erakarri boto emaile euroeszeptikoak? Corbynek Osasun Zerbitzu Nazionalaren (NHS) inguruan eta kontserbadoreen murrizketei buruz egin du kanpaina, tartean Johnsonek herrialdea Donald Trump AEBetako presidenteari salduko diola adierazteraino. 2017ko antzeko estrategia da, garai hartan Theresa Mayri gehiengoa kentzeko balio izan ziona; baina egungo egoera ez da urte horretakoa, eta irteera prozesua amaitzeko gogoa nabari da askoren artean. Duela bi urteko herritar asko ez ditu berriz konbentzituko.

Gainera, boterera iristeko Corbyni geratzen zaizkion aukera bakarrak ez daude bere kontrolpean: boto taktikoari esker, laboristek edo liberal-demokratek toryen barruti batzuk bereganatzea; eta tory europazaleak azken alderdi horretara joatea.

Finean, laboristei gehiengoa ematea bainoago, Johnsonen balizko bat eragoztea da bozen helburua, eta horretarako europazaleen sektorea izan behar da Corbynen eremua; ez du beste aukerarik. Euroeszeptikoena berreskuratzea ia ezinezkoa izango du, are gehiago kontuan hartuta Nigel Faragen Brexit Alderdia ez dela aurkeztuko kontserbadoreen 318 barrutietan; eman beharreko pauso logikoa zen, eta, era objektiboan aztertuta, zentzudunena eta ziurrenik bozetako erabakigarriena.

Corbynek aldeko duen gauza bakarrenetako bat bozetarako aurkeztu duen programa indartsua da: gastu publikoa handitzea, sektore estrategikoak nazionalizatzea, enpresei zergak igotzea eta langileen baldintzak hobetzea, esaterako. Zalantzarik gabe, horma gorriko boto emaile tradizionalentzako neurri erakargarriak dira, baina brexit-ak dena aldatu du, dena bi aukeraren artean jokoan egoteraino: toryen murrizketak eta neurri ekonomiko liberalak, EBtik kanpo; ala laboristen gastu publikoa, inbertsioa eta neurri ekonomiko sozialdemokratak, EBn jarraitzeko arriskuarekin.

Begiratu batean, laboristenak dira erakargarriagoak, baina toryenak askori ziurtatuko die murrizketekin lotzen duten EBtik ateratzea. Horrek zalantza bat sorrarazi du: ideologiaren arabera ala soilik talde komunitarioarekiko jarreraren arabera bozkatzea.

2015ean, David Cameron torya brexit-ari buruzko galdeketa batera deitzeko promesarekin aurkeztu zen. Langile klasearen botoen %29 jaso zituen; laboristek, %36. Zein da aurtengo joera? Inkesten arabera, kontserbadoreek klase horren botoen %48 jasoko dituzte; Corbynek, %31. Hor egongo da biharko gakoa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.