urtzirrutikoetxea
Leku-lekutan

Manifestazio aroa

2012ko irailaren 16a
00:00
Entzun
Astindua itzela izan da, iragarrita egonagatik. «Betiko» independentistek errezelo handia daukateConvergencia i Unio alderdiak hartuko duen jarrerarekin. Mesfidantzaz bat, erabateko ustea dago nekez mugituko zela bere borondatez independentismorantz. Baina hara Artur Mas ere, Kataluniako estatuaren alde. Ostegunean Mariano Raxoirekin biltzekoa da, eta aitortzen dut, badaukat interesik jakiteko zer eskain diezaiokeen behin honaino helduta, Kataluniarekiko umiliazioz umiliazio ibili ondoren. Aspaldi deitu behar zuen bilerara, eta zabal negoziatu, baina Espainiako tradizioaren guztiz aurka doala ematen du. «Dena ala ezer ez» egiteko joera izan du beti, negoziatzeko gaitasunik gabe, beranduegi den arte, «ezer ez» den arte. Gero negarra dator, eta 98ko malkoak, inperio galduak... ea Espainiari belaunaldi literario berri baterako bazka ematen diogun, krisi ekonomikoari, nortasun inperial horretan beste eztenkada independentista batekin. Euskal Herrian ere badago «dena ala ezer ez» joera, koherentziaren izenean. Katalunian pragmatismoa eta gisako berba itsusiak gailentzen dira, konplikatuak. Uztailean itun fiskalaren alde bozkatu zuten ia alderdi guztiek, baina aurki gaztigatu zioten Masi ez zutela utziko itun fiskala bihurtzea Diadako aldarrikapen. Espainiari ituna galdegin eta independentzia aldarrikatu, elkarren aurka izan arren, bide-orriak biak onerako direlakoan, elkarrekin doazen prozesuak izan daitezke. Egiaz, zail da horrelakorik irudikatzea gurean. Ez hobeto ez txarrago, tradizioak aski ezberdinak dira.

Quebeceko hauteskundeek ireki zuten iraila, eta mahaira ekarri berriz ere erabakitze-eskubidea. Handik astebetera etorri da Kataluniako Diada. Jendetzak lurrikara eragin du, Bartzelonan ere mugiarazi dute elefantea. Hiru esparru landu behar ditu sezesio prozesu batek: garrantzi handia dauka, asteotan gogorarazi dugun legez, nazioarteko lanak, ustez estatua independentziaren aurka tematzen bada bereziki. Kosovo adibide argia da. Bigarren lana, estatuarekiko negoziazioa da. Beti da beharrezko, ahalegina gutxienez, nahiz eta demokrazia aurreratuenetan funtzionatu ohi duen batez ere: Eskoziak Erresuma Batuarekin, Quebecek Kanadarekin. Hirugarren lana, oinarrizkoena da —baina ez bakarra, askok uste dutenaren aurka, aurreko bi puntuak ere ezinbestekoak baitira— etxe barrukoa da. Herritarrak independentziaren alde jartzea. Egoera demokratikoei dagokie nagusiki, osterantzean borrokak —armatuak sarri, munduko hainbat lekutan— bete ohi du mezu independentista bake bidez ezin garatzea. Baina Kataluniako lezioak zein Eskoziak adierazten dute etxeko lan hori zelan garatu, herritarrak zinez estatua sortzea posible eta beharrezko dela sinetsarazi arte. Diskurtso teorikoetatik eta aldarrikapenetan izatetik urratsa egin eta eskuragarri ikustera katalanek egindako jauziak euskal independentista bat baino gehiago harritu duelakoan nago. Kataluniako Estatutuaren lezioetako bat da, hura Parlamentutik eta alderdien artean bultzatu zutela nagusiki; azken orduan baino ez zutela herritarren indar erakustaldia izan. Orain, berandu da estatutu eta itun fiskaletarako honezkero, herritarrek aurrea hartu eta independentzia nahi dute.

Ez da erabakitze-eskubidearen edo autodeterminazioaren aldeko mobilizazioa. Estatuari ez zaio ezer eskatzen. Orain arte ezer egin ez duenez, ezer ez egiten jarraitzea baino ez, Kataluniak bere bidea landu dezan. Agian inozoegitzat hartzen dira Euskal Herritik jarrera horiek, militarrak hortzak erakusten hasi diren honetan. Baina posible dela sinetsita daude katalanak. Eskoziarrek ere badakite erreferenduma irabaztea dutela estatua sortzeko bide. Datorren asterako manifestazio handia antolatu dute Edinburgon. Ez da aski —baina bai beharrezko— gobernu batek, edo alderdi politiko batek, ekimena izatea; herritarrak mugiaraztea ere ezinbesteko da. Ilusioa piztea azken batean. Hortik aurrera, badakigu zer datorren, guk ere bi urterik behin egiten dugun Korrika; besteekin batera ibiltzen hasitakoan, milaka kilometro egin daitezke.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.