Agian beste herrialde batzuetakoek oker nabilela esango didazue, baina susmoa dut mendebaldeko euskaldunek daukagula auzoekiko harreman txarrena. Arabarrak eta errioxarrak bat eta ia bera dira Ebro ertzean, Zuberoa eta Biarnoa lausotu egiten dira mugaldeko herrietan, Erronkari eta Anso edo Erribera eta Aragoiko Bortziriak zeharo antzekotzen dira. Baina Bizkaitik mendebalderantz gauzak konplikatu egiten dira: orain Kantabria deritzona Santander izan da duela gutxi arte, eta montañesak bertakoak, goitarrak. «Kukuak» deitu izan diete Meatzaldean, soldadutzatik libratzeko Bizkaira ei zetozelako erditzera. Egia da Enkarterrik ere hartzen duela arkitektura montañes horretatik, baina Euskal Herria eta Espainiaren arteko muga argienetakoa Lanestosa eta aldameneko Ramales de la Victoria artean aurkitu izan dut: haran berean egonagatik, Agirre Lehendakariaren etorbidea da Bizkaiko herriko lehena, eta bigarrenean askorik ibili gabe topatuko duzu Mola jeneralaren eta enparau faxisten kaleak. Norbaitek arrazoi etnikoak ematen zituen ezinikusirako: hasierako eskualdeak euskarak galdutako eremuei dagozkie, baina mendebaldean askoz txikiagoa izan da euskararen atzerakada, eta horren ondorioz zinezko nortasun etena legoke.
Paradoxikoki, mendebalderago joanda oso sintonia berezia pizten da beti. Asturiesek badu Kantabrian nabari ez den nortasun indartsua. Euskaldunoi sarritan esaten digute ez garela Europako mendietatik mendebalderantz joaten; eta han baitira, herrialdearen erdialdeko haranetan, meatzari-eskualdeak eta langile mugimenduak zinezko indarra izan duen eremua. Bizkai mendebaldetik konexio berezi hori aspaldikoa da, industriaren historia paraleloak lagunduta. Sagardo-lehiak folkloretik izango du, baina edozein herrixkatan giro jatorrean biltzeko tokiak dira sagardotegiak Asturiesen ere.
Asturierak egindako urrats bakoitzari bertako eliteek bultzatutako atzerapausoa etorri zaio. Hizkuntzari nazionalismoak kalte egiten diola esan ohi dutenen paradigma izan liteke Asturies, mugimendu abertzalearen ahuldadeak asturierak dagokion estatusa lortzea eragotzi dio eta. Asturiar nortasuna indartsua izan arren, asturieraren eta asturiar nazioaren kontzientzia txikia izan da penintsulako beste nazioen aldamenean. Ez dute, gainera, auzo-herrien laguntzarik ere izan, galiziarrekiko ezinikusiak tarteko. Ez dira hainbeste urte asturierari buruzko erreportajeak idatzi nituela. Hura etsipena Interneteko foroetan asturiarrek galiziarrei eta alderantziz aurpegiratzen zizkietenak ikusita: galegoek Asturies mendebaldeko bi haran (Eo eta Navia) berentzat nahi zituzten, eta asturieraren mugimenduari bereak ez ziren eremuak asturiartu nahia leporatzen zien; asturiarrek enbidoari hordago, «badatoz berriz ere Galiziatik Asturies matxinoa konkistatzera», eta «berriz ere» horrek hartzen zuen indarra, berriz ere 1936ko gerra baitzen, eta faxisten erasoa Galiziatik. Galeuscako idazleen biltzar batean ere kidetzeko eskaria egin zuten; gainontzekook aurkakorik esan orduko galiziar idazleek esan zuten ezetz, horrek Galeuscaren zentzua erabat itxuraldatuko lukeela eta.
Baina bizkaitarrok, Bizkaia mendebaldekook, itsasoko jendeak, beharginak, berezkoa nabari du Asturiesekiko lotura. Kataluniatik kanpo, euskalduna etxekoen sentiarazten duten lekua da. Hizkuntza, nortasuna, ondare zaharra, Atlantikoko kultura herri zeltikoekin loturan... gauza askok lotzen gaituzte. Espainiako monarkiak eta inperialismoa hispanikoaren kontakizunak ere Asturies hautatu zuen arragoa, eta horrek ere zaildu dio izaera nazionala garatzea. Klase-kontzientzia, matxinadarako nortasuna baina, leku gutxitan legez gorde dute. Espainiako eltzeak nonbait lehertu behar zuen, eta nonbait Asturies da, non bestela, non gorde 1934ko urriko iraultzaren memoria, Asturiesen ez bada. Meatzariek heldu diote anestesiatutako gizarte honek eutsi beharreko matxinadari, Asturiesko errepideetan. Guardia zibila guardiazibilkerietan, eta asturiar matxinoak asturiartasun harroan. Nazioarteko analisirako tartea behar zuen txoko honek, baina tartean, analisia beharrean, nazioarte hurbileko sentipenak eta elkartasuna lotzeko zubi ere izan behar du. Eta Asturiesek merezi du horrenbeste.
Leku-lekutan
Puxa Asturies!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu