Egunkaria auzia, azaletan

Bukatu da Egunkaria auzia. 2003tik 2014ra hainbat izan dira auziak eman dituen azaleko argazki eta titularrak. 11 urteko amesgaizto horretako azalak bildu ditugu bilduma honetan. / 2014-10-22

Argazki Bildumak

Auziaa amaitu da, injustizia ez

4.254 egun geroago, 607 aste geroago, 139 hilabete geroago, 11 urte geroago amaitu da azkenean Egunkaria auzia. Donostiako Lurralde Auzitegiak atzera bota zuen fiskaltzaren helegitea eta behin betiko itxi zuen pieza ekonomikoa ere. Auzipetuek poza eta lasaitasuna adierazi zuten, baina bidegabekeria eta jasotako elkartasuna ez dutela ahaztuko.

2014-10-15

BERRIA

Gehigarri berezia: 11 urte joan eta gero, itxita

BERRIAk auziak iraun duen 11 urteeak bildu ditu gehigarri berezi batean. Bide luzea eta oztopoz eta izan da, baina elkartasun uholdeak ez du parekorik izan.

2014-10-15

BERRIA

Bidegabekeria, muturrera eramana

Gipuzkako fiskaltzak helegitea aurkeztu zuen Gipuzkoako Auzitegiaren erabakiaren kontra, eta auzi ekonomikoan epaiketa egiteko eskatu zuen. Azken erabakia Lurralde Auzitegiaren esku geratu zen. 11 urte geroago amesgaiztoa amaitu gabe zegoen.

2014-06-18

BERRIA

Auzi ekonomikoa ixteko bidean

Auzitegi Nazionalak terrorismo deliturik ez zegoelako Donostiako Zigor Epaitegira bideratu zuen auzi ekonomikoa 2010eko maiatzean. Auzitegi horretan ebatzi zuten ustezko delituak preskribatuta zeudela, eta itxitzat eman zuen auzia. Zortzi auzipetuentzat 128 urteko espetxe zigor eskaera zegoen.

2014-06-05

BERRIA

Absoluzioa

Egunkaria itxi eta auzipetuak atxilotu eta zazpi urtera iritsi zen Torrealdai, Auzmendi, Otamendi, Uria eta Oleaga errugabetu zituen epaia, ETArekin ez zutela harremanik eta deliturik ez zegoela argudiatuta. Gaineratu zuten epaileek euskarazko kazeta ixteko nahikoa froga ez zegoela, eta itxierak ez zuen Espainiako Konstituzioaren babesa. Aho batez hartu zuten erabakia. Auzi ekonomikoa geratzen zen, ordea, irekita.

2010-04-13

BERRIA

Guardia Zibilaren teoriak, ez hanka eta ez buru

Auzipetuek esan zuten errepikatu zuten euskal presoek Auzitegi Nazionalean: ETAk ez zuela Egunkaria-ren sorreran parte hartu. Guardia Zibilak ez zuen ETA eta Egunkaria lotu zezakeen frogarik aurkeztu. Presoak eta guardia zibilek lekuko gisa deklaratu zuten.

2010-01-13

BERRIA

Herriak kalean eman zuen epaia

Milaka lagun elkartu ziren Bilboko kaleetan Kontseiluaren deia jarraituz Egunkari Libre lelopean. Alderdiak, sindikatuak gizarte eragileak... eta herritar soilak, berriro kalean Egunkaria eta auzipetuak babestuz. Absoluzioa eskatu zuten.

2009-12-20

BERRIA

Irregulartasunak, agerian

Operazioan parte hartu zuten guardia zibilek ere deklaratu zuten epaiketan, eta han adierazi zuten eurek eskatu ziotela Juan del Olmo epaileari Egunkaria ixteko. Fiskalak horiei ere ez zien egin galderarik, baina kezka zen nagusi auzipetuen artean. Kontseiluak Bilbon manifestatzera deitu zuen: "Ezer ez da aldatu".

2009-12-17

BERRIA

Ziurtasuna, salaketa eta babesa

Madrilen Auzitegi Nazionalean hasi zen Egunkaria auziko lehen epaiketa. Auzipetuek deklaratu zuten eta kazetaren independentzia aldarrikatu zuten. Aldi berean salatu zuten torturatu egin zituztela inkomunikazio aldian. Fiskalak ez zien galderarik egin. Madrilen ere Euskal Herritik joandako ordezkaritza zabal baten babesa jaso zuten.

2009-12-16

BERRIA

Madrilera, kezkaz beteriko maleta batekin

Azkenean 2009ko abenduaren 15ean hasi zen Euskaldunon Egunkaria-ko arduradunen aurkako epaiketa, Madrilgo Auzitegi Nazionalean. Lankideek Martin Ugalde Kultur Parkean agurtu zituzten auzipetuak, txalo artean.

2009-12-15

BERRIA

Aurreikuspen txarrenak

Auziak aurrera zihoan eta epaiketa gerturatu ahala kezka are eta handiagoa zen. "Euskara sustatu izanaren errudun, euskal komunikabidegintzan gartsuki jardun izanaren errudun, bai. Baina euskara sustatzeak, euskal kultura sustatzeak, euskal komunikabidegintzan jarduteak ez gaitu ETAkoak bihurtzen, tesi polizialak eta akusazio popularrak baieztatzen duen moduan".

2009-08-01

BERRIA

Bosgarren urteurrenean, babes eske

Auzi politikoan eta ekonomikoan epaiketa egiteko erabakia zuen Auzitegi Nazionalak, eta itxieraren bosgarren urteurrenean auzipetuta zeuden hamabi lagunek babesa eskatu zuten berriro. Bilkura batean, Martin Ugalde Kultur Parkean, alderdi politiko (PSE eta PP ez beste guztiek) eta kultura eta gizarte arloko hainbat eragilek babestu zituzten.

2008-02-21

BERRIA

Auzipetuak, Eusko Legebiltzarrean

Izaskun Bilbao Eusko Legebiltzarreko presidenteak Torrealdai, Uria, Oleaga, Otamendi eta Alegria hartu zituen. Legebiltzarrak ere auzia artxibatzeko eskatu zuen, EAJ, EAB, EA, EB eta Aralarren botoekin. PSE abstenitu egin zen eta PPk kontra bozkatu zuen.

2005-11-19

BERRIA

Oraingoan, Madrildik babesa

2005eko urrian Espainiako Gorteetako 61 hautetsik babesa adierazi eta Egunkaria auzia ixteko eskatu zuten. Tartean ziren EAJ, EA, NaBai, IU, CiU, ERC, BNG CHA eta CC alderdietako ordezkariak.

2005-10-19

BERRIA

Azken atxilotua, libre

I�aki Uria izan zen Egunkariaren kontrako operazioetan atxilotu zituzten guztietatik kalera ateratzen azkena. Urtebete eta lau hilabete baino gehiago egin zituen espetxean, eta kalera atera ostean esan zuen: "Kalean naiz, baina ez nago libre". Senide, lagun eta lankideek egin zioten lehen harrera, Aranjuezko espetxe atarian.

2004-08-03

BERRIA

Errugabetasuna

Polizia operazioaren ostean Eneko Etxeberria abokatua ere atxilotu zuen Guardia Zibilak. Bederatzi atxilotuak, ordea, aske utzi zituzten. Delitu ekonomikoa leporatu zien Juan del Olmo epaileak, eta ez terrorismo delituekin zerikusirik zuen ezer. Errugabetasuna, irmotasuna eta aldrebeskeria, berriro titular.

2003-10-22

BERRIA

Beste zortzi atxiloketa

Otsailekoaren ostean, beste kolpe latz bat iritsi zen Auzitegi Nazionaletik. Guardia Zibila berriro agertu zen Martin Ugalde Kultur Parkean, eta berriro sortu zen kezka, torturen beldurra. Atxiloketa horiek salatzeko Kontseiluak manifestaziora deitu zuen 'Gora Euskal Herri euskalduna' lelopean.

2003-10-17

BERRIA

BERRIA aurrera!

Egunkariak utzitako hutsena betez eta Egunero ordezkatuz atera zen argitara lehen aldiz 2003ko ekainaren 21ean BERRIA egunkaria. Martxelo Otamendik zutabe batean egin zion ongi-etorria kazeta berriari: "Mila esker egindako ahaleginagatik eta, modu batera edo bestera, eskainitako laguntzagatik".

2003-06-21

BERRIA

Martxelo Otamendi, berriro zuzendari

Egunkaria auziak aurrera egiten zuen bitartean, Euskaldunon Egunkaria-ko langile ohiek herritarren laguntzarekin euskarazko egunkari berri baten proiektuari heldu zioten, eta ekainean jakinarazi zen nor izango zen zuzendaria: Martxelo Otamendi.

2003-06-13

EGUNERO

Pixkanaka, kalean

Atxilotu guztiak ez ziren kalera atera inkomunikazio aldia amaituta. Juan del Olmo epaileak espetxeratu egin zituen horietako batzuk. Tantaka atera ziren, eta jasotako tratua salatu eta babesa eskertu zuten. Torrealdaik hala esan zuen: "Jendeak ulertu du erantzun bateratu iraunkor bat eman behar dela".

2003-03-18

EGUNERO

Langileak, Eusko Legebiltzarrean

2003ko otsailaren 20ra arte Euskaldunon Egunkaria-ko langile izan zirenak Eusko Legebiltzarrean hartu zituzte. Ganberak kazeta berriro irekitzeko eskatu zuen, eta torturak azkenera arte ikertzeko. Pello Zubiria atzera erietxetik espetxera eraman zuten.

2003-03-08

EGUNERO

Lehen itzulerak

Madrildik itzuli berritan inkomunikazio aldian jasotako tratu txarra berrtsi zuten atxilotuek. Lekukotza gogorrak izan ziren, eta etxera iristeak eragin zuen poza espetxean geratu zirenek sortu zuten kezkak ilundu zuen.

2003-02-27

EGUNERO

Torturak: titular latzena

Inkomunikazio aldia amaitu eta atera ziren kalera lehen atxilotuak. Torturatu egin zituztela salatu zuten. Aurretik jakin zen Pello Zubiria ospitalera eraman behar izan zutela.

2003-02-26

EGUNERO

Mugarri bat, polizia operazioen aurka

Egun batetik bestera antolatu zen ia Egunkaria-ren itxiera eta atxiloketak salatzeko manifestazioa, eta gizartearen erantzuna zabala eta inoiz baino handiagoa izan zen: Mundu bat Egunkariaren alde.

2003-02-23

EGUNERO