Tony Doherty-k 9 urte zituen aita galdu zuenean. 1972ko urtarrilaren 30ean izan zen, Derryn (Ipar Irlanda). Armada britainiarraren elite talde batek pertsona guztientzako eskubide zibilak aldarrikatzen zituen manifestazio baten kontra tiro egin eta Patrick Pat Doherty eta beste 13 manifestari gehiago hil zituen. Bloody Sunday(Igande odoltsua) izan zen.
2010eko ekainean, 38 urte geroago, Gobernu britainiarrak, Saville txostena bere eginez, bere erantzukizun zuzena aitortu zuen sarraski hartan, eta David Cameron lehen ministro kontserbadoreak sakonki deitoratu eta barkamena eskatu zuen.
Artean, Bloody Sunday Campaign-aren jardun handiko urteak, 1992tik aurrera bereziki, biktimentzako egiaren, justiziaren eta ordainaren aitorpen ofiziala bilatuz. Bizkitartean , negoziazioen hastapenak, Ostiral Sainduko akordioa, IRAren behin betiko su-etena, preso politikoen askatasuna, Irlandako osoko bizitza politikoaren normalizazioan egindako beste aitzin-pausoak…
Gaur, Tony Bloody Sunday Trusteko partaide da; Tony Gillespie eta Sean Mc Monagle-rekin batera bisita egin digute Iruñean. Beren hitzaldi eta solasaldietan, adeitsu eta bareetan, irmoki transmititzen dute gobernu britainiarrak egia aitortu izanak, hura ahuldu baino maila politikoan indartu egin duela. Horretan ziur daude. Eta, gainera, gertaera hori Irlandako bake prozesuan aurrerapauso garrantzizkoa dela eta benetako demokrazian sakontzen duela.
Eta Tonyk gehitu du: «Nire aita hil zutenentzat ez dut mendekurik, ezta zigorrik ere nahi; beste une bateko gertaerak dira; aski 'mendeku' izan da egiaren aitortza. Orain beste prozesu batean gaude, Irlandako bakearen eta berriz batzearen prozesuan».
Hemen, ageriko sekretua da «Trantsizio espainiarra» deiturikoa urtetan sinetsarazi nahi izan diguten bezain «eredugarri» ez zela izan, oso urruti gelditu zela. Eta gaurko demokraziaren muga handiek (jendetza handiaren kanpamentu, batzar eta manifestazioetan salatzen ari den bezala) zerikusi handia dutela diktadura frankista ustel gainean itxi izanarekin.
1970eko hamarkadaren bigarren erdian, hainbat gertaera larri izan ziren. Haien erantzukizunak inoiz ez ziren aitortu, ezta egia ere. Adibide batzuk, Gasteiz 1976an, Jurramendi 1976an, Sanferminak 1978an, Gladys del Estalen erailketa Tuteran 1979an… Estatuaren eta bere aparatuen inplikazio zuzena edo zeharkakoa izan zuten gertaerak, Euskal Herrian (Nafarroan, funtsean) trantsizioaren bilakaera odolez eta beldurrez markatu zutenak.
1978ko Sanferminetan, polizia espainiarrak Germán Rodríguez Saiz erail zuen eta dozenaka lagun (horietako 11 balaz) zauritu zituen. Gainera, Iruñeko zezen plazan zezenketa bukatu ahala azpikeriaz sartzeak, (txikien peñen sarreraren babesean eginda, are sarrera koldarragoa, posible bada) izugarrizko hondamendia eragin ahal izan zuen.
Orain, krisi ekonomikoaren eta bere ondorioen gorabeheretatik haratago, hemen ere fase berri baten atarian gaude, bakerantz eta normalizazio politikorantz pausoak ematen ari baikara. Ezinbesteko prozesua, sufrimendu urte luzeen ondoren.
«Sanfermines 78 gogoan!» herri ekimen plural honetan, Tony Doherty eta lagun irlandarrekin batera, uste dugu instituzioek eraso itzel haren egia eta hartatik ondorioztatzen ahal diren erantzukizunak aitortzeak laguntzen ahalko lukeela prozesu hau gauzatzen eta, bistan da, izen horrekin duinago legokeen demokraziarantz aurrera egiten. Eta, haien bisita hemen izan zen bezala, aitortza instituzional horrek gaurko sapa handiko egoera honetan haize kirri freskoaren bolada izanen litzatekeela.
Horregatik jarraitzen dugu lanean Iruñeko Udalak, instituziorik hurbilena den aldetik, konpromisoa har dezan 1978ko Sanferminetan gertatutakoa sakonki ikertuko duen Egiaren Batzorde bat eratzeko. Gure irudiko, onena litzateke Egiaren Batzorde misto bat eratzea (instituzionala-herritarrena), gertaerari buruzko txosten bat eta ebazpenerako balorazio-proposamena egiteko ahalmena izanen duena. Zehaztea (eraketa, egin beharreko lan eremua, erritmoak…) irekia geldituko litzateke, udal talde gehienekin ahalik eta adostasun handienera iritsi ahal izateko.
Konfiantza izan dezagun Iruñeko Udal berriak (edo, gutxienez, haren gehiengoak) garai hauetan dagokion eran jokatu eta prozesuaren parte honetan eginkizun garrantzizkoa izan dezan; Iruñeko herritarrek (eta Nafarroakoek) egia ezagutzeko eta hura maila instituzionalean aitortua izateko eskubidea dute (horrek, gainera, demokrazia hobetzea ekarriko luke). Horrela ari gara eskatzen gero eta jende gehiago biltzen duten uztailaren 8ko ekitaldietan baita hainbat talderen aldetik ere (abokatuak, historialariak, hamaika herri erakunde…).
Bitartean, azken 32 urte hauetan bezala, heldu den uztailaren 8an, eguerdiko ordu batean, Orreaga etorbidean, hilarriaren ondoan, gertatutakoa oroitarazten jarraituko dugu, eta German, Joseba Barandiaran eta eraso basati horiek pairatu zituzten pertsona guztiak omentzen. Eta egia, justizia eta ordaina aldarrikatzen, etorkizun hoberako esperantzaz.
78ko sanferminak: Egia, itxaropenaren irri freskoa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu