A-20: inkestak eta aurreikuspenak

Juanan Barrenetxea
2011ko azaroaren 9a
00:00
Entzun
Urteetako hauteskunde prozesuak zerbait erakusten badigute Hego Euskal Herrian, oinarri elektoralen egonkortasuna da. Alegia, alderdiak, estrategiak eta euren arteko loturak eta desadostasunak aldatu egiten dira, baina hautesleak oso gutxi mugitzen dira. Bi bloke nagusi daude: abertzale /«konstituzionalista», eta bloke bakoitzean ezker/eskuin banaketa, ez oso ideologizatua. Beraz, lau esparruko hautesleria , une honetan lau aukera politikotan islatzen dena: EAJ, Amaiur, PP-UPN eta PSOE.

Zer da gehien aldatzen dena hauteskunde batetik bestera? Etxean gelditzen diren hautesleak. Batzuetan, ilegalizazioak direla medio, behartuta; besteetan norbere gustuko esparru ideologikoaren hautu estrategikoekin desadostasuna edota ilusiorik eza adierazteko. Adibidez, EAEn azken hiru hauteskundeetan (2008ko orokorrak, 2009ko autonomikoak eta aurtengo udalekoak) parte-hartzea berdintsua izan da, dezima batzuen aldearekin: %65. Emaitzak eta ordezkaritza, aldiz, zeharo ezberdinak. Koiuntura politikoak aktibatu edo desmotibatu egiten ditu aukera jakin batzuk. Horrek aldatu egiten du bloke baikotzaren ordezkaritza, baita bloke barneko indarren artekoa ere.

Zein izan daiteke azaroaren 20ko hauteskundeei begira aurreikuspena? Eta aurreikuspena diot eta ez iragarpena, zeren eta datuetan oinarriturik aurreikuspen fidagarriak egin baitaitezke. Lehenengo eta behin, parte-hartzea handia izango dela. Badirudi 10 puntu handiago izango dela, hau da, %75. Udal hauteskundeen aldean 180.000 boto gehiago egongo lirateke. Horrelako parte-hartzea gutxitan izan da. Azken urteetan bakarrik 2004ko orokorretan (%75), Madrilgo atentatuen harira; eta 2001eko autonomikoetan (%79), «Mayor Oreja-Savater-Redondo ententea» tarteko.

Madrilgo hauteskundeak izanda, boto «konstituzionalista» aktibatu egiten da. Gehienbat, irabazlearen aldeko botoa (bandwagon efektua); alegia, PPren aldekoa. Hipotesi moduan boto berri horiek guztiak PP eta PSOEren artean banatuko ditugu. Nolako proportzioan? 2-3 puntu PSOErentzat, 7-8 PPrentzat. Bigarren hipotesian, maiatzean botoa ematera joan zirenek ez daukate inolako motiborik etxean gelditzeko, ezta euren aukera aldatzeko. Aldaketa bakarra birkokapen txiki bat izango da, esparru abertzalean aukerak murriztu egin direlako. Udal hauteskundeetan eman diren botoei boto berri hauek gehitzen badizkiegu, honelako banaketa ateratzen zaigu (ikus lehen koadroa).

Datu horiekin zenbat boto beharko lirateke herrialde bakoitzean parlamentari bat lortzeko? Araban, 31-33.000; Bizkaian, 65-70.000; Gipuzkoan, 45-50.000; eta Nafarroan, 48-52.000.

Zein izango litzateke lehenengo indarra herrialdeka? Horretan ez dago zalantzarik. Nafarroan eta Araban, PP; Bizkaian, EAJ, eta Gipuzkoan, Amaiur. Parlamentarien banaketari dagokionez, honako hau izango genuke (ikus bigarren koadroa).

Bistan denez, alde handia dago CIS erakundeak iragarritako emaitzekin. Neure sukalde lana zein izan den hor dago eta eztabaidagarria izan daiteke, baina zenbaki arrazoituekin. Galdera eta zalantza ugari egon daitezke honelako aurreikuspen baten aurrean. Adibidez, nolatan Bizkaian PSOE 4 parlamentaritik bakarrera? Esparru konstituzionalistan zentroko hautesleek PPren alde bozkatuko dutelako; aldiz, ezkerreko asko etxean geldituko dira.

Marginak hain estuak izanda, herrialde bakoitzean beste konbinazio posible batzuk badaude. Boto gutxi tarteko, D´Hondt jaunak sorpresa desatsegin asko ematen ditu hauteskunde gau luzean. Hala ere, abertzale/konstituzionalista banaketa 12/11 tartean egongo da. Zeinen alde? Baietz abertzaleen alde!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.