Kazetari batek 70 urteko agure bati egindako elkarrizketa. Agure zaharrak hauxe dio:
«Erbestean jaio eta ezin izan nintzen Espainiara itzuli 27 urte bete nuen arte, Francoren erruz. Aita gizajoa lurperatzeko ere nahikoa lan izan genuen, ez baikenekien non hilobiratu. Ama, berriz, denbora luzez egon zen gurpil-aulkian, urteak eta urteak. Nik, gaur egun, 70 urte baino gehiago dut jada, eta orain dela hilabete batzuk birika baten herena erauzi zidaten. Emaztea etorkina da eta hiru seme-alaba ditut harekin. Hirutatik bakar batek egiten du lan, alaba gazteenak; baina horrek ere arazoak ditu, senarra lapur hutsa delako eta segur aski espetxean bukatuko du, lotsagabe halakoak.... Den-denak, bilobak barne, nire dirutik baizik ez dira bizi. Alaba nagusia dibortziatu berri da, suhia drogari eta alkoholari emana bizi baitzen; gainera, tipoak alabari bi umeak utzi dizkio. Gure semea oraindik ez da etxetik joan, eta, gainera, emakume dibortziatu batekin bildu, eta etxera ekarri du: hori ere, gurekin bizitzera! Emakume horrek lehen egiten zuen lan, lan ona zuen, gainera, baina gurera etorri denetik ez du deus ere egiten. Orain bi alaba dituzte, horiek ere gurean bizi diren bi haur. Eta aurten, krisia dela eta, ia-ia bakaziorik gabe gelditu gara».
Kazetariak, begiak harriduraz biribil-biribilak, hauxe dio: «Ez nuen uste horren makur zenbiltzanik... maiestate!»
Interneten bolo-bolo dabilen istorio ironiko hori ez du historiak jasoko, baina adierazgarria da oso. Erregearen suhia eseri da auzipetuen eserlekuan. Urte makurrak daramatzate Espainiako Errege Etxean. Lehen, Marichalarrek...—ze disgustuak!—; orain, Urdangarinek, disgustu gehiago borboitarrentzat. Ipuinetan, musu bat emanda, igela printze bihurtzen zen. Ez dakit Moncloa jauregian oso musu-zaleak diren, baina azken aldian igelak eta apoak irentsi behar izan dituzte. Ez gaitezen harritu, beraz, ikustean zer aurpegiera txarra daukaten borboitarrek azken hilabeteotan...
Eta makurrena, oraindik, ikuskizun: «Zerbait ustelik dago Danimarkako jaurerrian».
Agure baten istorio latza
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu