Urratsa. Inork ez zuen ezer zalantzan jartzen, ez behintzat modu ozen eta publikoan. Urterokoa urtero legez ospatzen zen. Apenas zegoen aldaketarik urtetik urtera. Hala beharko zuen hurrengo urtean ere.
Baina ez zen hala izan. Beti bezalakoa behar zuena aldatu zen betiko. Orain hamabost urte gertatu zen. Bukatu zen bakea herrian, akabo herritarren arteko bakea alardeetan, eta gainontzeko bizitza esparruetan. Bortitza izan zen lehen hamar urteetan jasandako presioa. Eskura zuten guztia, guztia, erabili zuten tamainako ausardia erakutsi zutenen aurka. Indarrez baztertu eta deuseztarazi nahi izan zituzten.
Egoera horren aurrean, erresistentziarako beste aukerarik ez zegoen. Eustea besterik ez genuen helburu. Guztiok berdintasunean desfilatzeko helburua, errealitate baino gehiago, amets bihurtu zen. Amets potoloegia, koloretsuegia jarraian etorri zen guztirako. Beltz jarri zitzaigun ortzi-mugarako. Hemen bizi eta urrutian amestu. Gure ametsek ez zuten gauzatzeko aukerarik izango epe luzean.
Eustea irabaztea da. Eskubidean, eta bereziki arrazoian, erein genuen hasieratik gure helburua. Arrazoian eta arrazoietan sendo sentitzen ginen; herritarren babes aldetik, berriz, ahul. Eta horrexegatik seguruenik, arrazoiak ematen duen konbentzimendu eta indarragatik, biziraun genuen talde gisa urte latzenetan. Gure gorputzak arrazoiz beterik, tinko, jarri genituen herriaren aurrean. Begirada gaiztoen aurrean duintasunez biluzteraino.
Hori izan zen jakin gabe lortu genuen lehen garaipena. Eustearekin bazegoela aldaketarako aukerarik konturatu ginen. Eustea irabaztea zela. Erresistentziaren bideak ere bere fruituak eman zitzakeela.
Bazekiten bai, zer-nolako tentsioan bizitzera bultzatu gintuzten. Bazekiten bai, zer-nolako uneak biziarazi gintuzten, baina gu, hala ere, tinko, urteak joan eta urteak etorri. Gutxi ginela agerikoa zen, baina urratsetan sendo ikusten gintuzten; ideietan eta noranzkoan, argi. Mespretxuaz gain, nolabaiteko errespetua sorrarazi genien bestaldeko agintariei. Hori zen beldur gehien sorrarazten ziena. Hori gure indarra.
Tentsioan uneoro bizitzea inori komeni ez zaionez, ezta tentsioaren eragileari ere, bizikidetzarako esparruak zabalduz joan ziren eta herriko kaleak berreskuratu genituen.
Gerora neska-mutilak batzen hasi zitzaizkigun, baita horien gurasoak ere. Baina gazte horiek ez ziren eustera etorri.
Erresistentziaren oinordekoak ziren eta parekidetasunaren genea jaiotzetik txertatuta zeukaten. Parekidetasunaren aldarria naturaltasunez, inolako traumarik gabe, defendatzera etorriak ziren. Etorkizuna ziurtatuta zegoen. Berdintasun eskubidearen aldeko militanteak sortu genituen. Eta horrexegatik esan daiteke Bidasoa eskualdean, alardeen afera dela eta, norbaitek erresistentziaren errenta soziala eskuratu badu, hori mugimendu feminista izan dela. Horra beste garaipena.
Eta orain? Horregatik, behin honaino iritsita, etorkizuna duen proiektu sendoa garela erakutsi eta gero, urrats berriak eta garaipen berriak lortzen jarraitu beharra daukagu.
Behin tradizioaren defendatzaile diren horiek emakumeen diskriminazioaren ikur bilakatu ditugunean, matxismo militaristaren adierazpen bihurtu ditugunean, zein izan behar du gure epe motzeko erronka?
Mimetismoaren bidetik aldenduz, historizismoan edota tradizionalismo hutsean murgildu gabe, gure erronkak geure jaien jabe egitea izan behar du. Festei bultzada berri bat emanez gaurkotu behar ditugu. Eta gizartea behetik eraikitzeko gogo horrek motorra izan behar du. Alarde diskriminatzailearen bertsio hobetua izatearekin ezin gara konformatu.
Horixe da, hasierako helburua zenaren lortzeko bidean, emateko geratzen zaigun urratsa. Ez soilik parekidetasunean oinarritutako alarde publikoa antolatzeko, baizik eta baita herritar zibilen neurrira egindako jaiak bizitzeko ere. Hasierako urratsa egitera bultzatu gintuen ametsa bere kabuz gauzatuko baita, ezinbestean, egungo herritarren beharretara eta nahietara egokitutako jai integratzaileagoa eta zibilagoa lortzen dugunean.
Alardeak: eta orain zer?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu