Badator Maiatzaren lehena eta ongizate estatua hondoratzen ari diren murrizketa erreformek mobilizaziorako eta planteamenduetarako indar bilketa erraztu beharko lukete. Joan den martxoaren 29an konponbide justu baten alde kalera atera ziren milaka pertsonek hausnarketa sustatu beharko luke sindikatu, eragile sozial eta alderdi politikoetan ari garenon artean. (...)
Greba orokorra Nafarroan
Greba orokor bat deitzea ez da erabaki erraza izaten. Mugako egoera batera iristean egiten da, inposaketa negoziazioaren gainetik gailentzen denean. Informazio, eztabaida eta erabaki hartzea egiteko lan eskerga suposatzen du, betiere patronalaren mehatxuaren itzalpean eta galera ekonomiko garrantzitsuak kontuan hartuta.
Martxoaren29ko Greba Orokorraren kasuan hainbat faktorek greba egitea eskatzen zuten inolako zalantzarik gabe. Lehena, lan erreforma bera zen, sortu eta garatu den erak gainera, PPren inposaketak, Estatuaren zutoinetako bat ikutua utzi du: CCOO eta UGTrekin zuen paktu soziala. Honek Rajoyk onartutako Estatuaren bermoldaketak lurraldetasunaz harago bestelako aldaketak ekarriko dituela esan nahi al du?
Erreformari 52.000 langabetu gehitu behar dizkiogu, PPk agindu eta UPN-PSNk Nafarroan aplikatutako neurriek ekarri dutena miseria gehiago, hezkuntzan eta osasunbidean egindako murrizketak, gazte jendearentzako etorkizun eza, soldaten jeitsiera, lan-eskubideen murrizketa, kontrol soziala eta jazarpen poliziala eta lan kanporatzeak egiteko neurri gabeko erraztasuna izan dira.
Honi guztiari usteldutako klase politikoarekiko jendarteak duen betekada gehitu behar diogu, izan ere Administrazio Kontseiluak dietak eta komisioak jasotzeko banatzen dituzte; AHT etaLos Arcos-eko Zirukuitua bezalako obra faraonikoetan xahutzen dute diru publikoa; Nafarroako kutxa 150 milioi eurotan saldu dute Banca Civican sartu aurretik 1.300 milioitako balio kontablea zuenean. Hainbeste denboran eutsitako amorruak gainezka egin du M29an. (...)
Gazteak
Nafarroan greba Martxoaren 22an hasi zen, milaka gazte murrizketen aurka eta etorkizuna beltzez margotzen dietenen aurka protestan kalera atera zirenean. Mobilizazio, amorru, duintasuna eta konpromiso eguna izan zen, eta batez ere, Espainiako klase politikoari argi eta garbi adierazteko errepresioaren bidez ez dituztela inoiz markurraraziko.
M29an izandako presentzia zabalak hala adierazi zuen. Milaka izan ziren goizeko lehen ordutik informazio piketeetan parte hartu zutenak eta ondoren mobilizazioetan parte hartu zutenak. Honek adierazten digu, nahiz eta etorkizuna oso beltza ikusi, ez direla zain geratuko, aldaketa politiko eta sozialean jarria dutela itxaropena, egingarri ikusten dutela eta aldaketaren alde borroka egiteko prest daudela.
Frogatu digute etorkizunik hoberena beraiek direla eta gauzak norabidez aldatzera datozela.
Mobilizazioak
Goizean ELA, LAB, ESK, STEE-EILAS ETA EHNEK deitu eta CGT-ren babesa izan zuten mobilizazioak eta arratsaldean mugimendu sozialek deitutakoak jendetsuak izan ziren. Goizean herri mugimenduak herrietan egindako lan andana ezinbestekoa izan zen. Lehen inoiz ikusitako arrakasta izan zuen grebak, Nafarroan aldaketa politiko eta sozialerako esparrua indartu besterik egiten ez duena, aldaketarako dagoen indarra agerian jarri zuen eta hori aitortu egin behar da, eta zor zaion errespetua eskaini.
Kontuan izateko beste datu bat CCOO eta UGTkgrebari egindako ekarpena izan zen, bi sindikatu hauen atzetik milaka lagun mobilizatu baitziren. Sindikatuen arteko desberdintasunak aztertu beharrean (badaudenak),baikor izan nahi dugu eta pentsatu zerbait aldatzen ari dela denok beharrezko ikusten dugun eta beharrezko zaigunNafarroaren aldaketa sozial eta politikoaren alde.
Eskuineko gobernuaren hogeita hamar urtetako zama gainetik kentzeko, uste dugu beharrezkoa dela Nafarroako sindikalgintza eta mugimendu sozialaren ekarpena. Honetarako lehenik eta behin beharrezko litzateke M29an kalera atera ziren milaka pertsonei kasu egin eta apartheid sindikala apurtzea.
M29ko arrakasta ezin daiteke soilik ikuspegi sindikaletik baloratu. Goizeko zutabeetan parte hartu zuten milaka lagunek eta arratsaldeko manifestazioan parte hartu zutenek herri mugimendu sozialaren garrantzia azpimarratzen digu eta aldaketaren aldeko bere apustua argi uzten du.
Ondorioak
Hiru ondorio nagusi atera nahi ditugu M29tik:
Baga: bazterketaren garaia bukatu da. Sindikalgintza abertzaleari, geure kulturari, euskarari urte luzez egindako bazterketa bukatu behar da. Zonifikazioarekin bukatu behar da, euskarazko komunikabideei egindako bazterketarekin bukatu behar da. Hainbat aukera errentagarritasun politikoa helburu izanik kriminalizatzea bukatu da. Independentismoaren aurkako errepresioa bukatu behar da. Milaka gara esparru sozio-politiko hau osatzen dugunak eta gero eta gehiago izango gara. Bada garaia garena eta ordezkatzen duguna errespetatua izan dadin.
Biga: eredu ekonomiko eta sozial berri bat eraikitzeko subiranotasun ekonomiko eta politikoa behar dugu, beharrezko tresna guztiak eskura izan behar ditugu gure etorkizuna erabaki ahal izateko, etaMadrileko inposaketei aurre egiteko.
Higa: Nafarroako eskuinaren aurrean alternatiba eraikitzeko garaia heldu da, aitortzatik, errespetutik eta aukera politiko guztien zilegitasunetik. Nafarroako Gobernutik eskuina botatzeko unea iritsi da, eta honetarako akordio bat erdiesteko minimoak definitu behar ditugu. Akordiora hurbiltzeko ezinbesteko zaigu harremanak eta eztabaida abiatzea.
Aldaketa sozial eta politikorako indar
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu