Azaroaren 25eko gauean, 1960an, Patria, Minerva eta Maria Teresa Mirabal ahizpa dominikarrak erailak izan ziren Leónidas Trujillo diktadorearen agindupean, haien bizitza labur baina osoan zehar demokraziaren eta giza eskubideen alde egin ondoren. 21 urte geroago, 1981eko uztailean,hiru emakume hauek omendu nahian, Bogotan batu zen Latinoamerikako Lehen Bilgune feministak Emakumeen kontrako bortizkeriaren Nazioarteko eguna izendatu zuen egun hau. Topaketa hartan gizarteko alor guztietan emakumeen aurka erabiltzen den bortizkeria gaitzetsi zuten; etxeko tratu txarrak eta erailketak, bortxaketak eta sexu-jazarpenak, eta emakumeen aurkako edozein motatako bortizkeria, preso politikoek jasaten duten tortura eta gehiegikeriak barne. 1999. urtean Nazio Batuen Erakundeak izaera ofiziala eman zion egun honi, eta bere egin zuen aldarrikapena.
Emakumeen erailketa eta eraso zein oldarraldiak egunoro agertzen zaizkigu hedabideetan, eta hasi gara hain egunerokotzat ikusten ze, halabeharrezkotzat jotzen ditugun. Baina bortizkeria honen inguruan ez dago saihestezina den ezer, aurrez aurre borrokatzea da kontua. Eta tinko esan beharra daukagu erakunde guztiek indarkeria hau gure herriko arazo sozio-politiko nagusienetakotzat joz, irmotasunez eragin eta berau eten eta eragozteko neurriak hartu behar ditugula.
Neurri horiek hein handi batean matxismoaren aurka ere hartu behar dira, izan ere, matxismoa ez da eztanda bat, hazitxo bat baizik, ereiten badadenok ezagutzen ditugun ondorioak dakarrena. Matxismoa ere paisaia bat da, Ander Izagirre kazetariak dioen bezala; hazi hori ereiten den baratzea, zabala eta ezberdintasunez betea, eremu publikoa gizonen esku lantzen den ortua, bikote erlazioak mutilak menperatzen dituen (neskaren kalterako) soloak. Horrelakoa da indarkeriak ereiten duen paisaia; izan daiteke sotilagoa edo nabariagoa, psikologikoa, fisikoa edo morala, baina bertan zuribideak aurkituko dituzte, halako babesa edo bestelako ezaxolakeria, ekiten lagunduko dietenak. Eta lursail honetako haziok emango dute, bat-batean, eztanda.
Indarkeriaren hazi hau tamalez ez da klima baten soilik hazten, globalki zabaldua dagoen izurritea da, behingoz aurre egin beharko zaiona. Emakume bakarrak generoan oinarritutako indarkeria pairatzen duen bakoitzean, emakume guztion eskubideak urratzen dira. Urraketa honek hamaika forma har ditzake, hala nola sexu bortxaketak, etxeko abusuak, sexu bortizkeria guda krimen bezala, edo adingabekoen ezkontza zein sexu-organoen mutilazioa bezalako praktika mingarriak. Lehengo paragrafoan aipatutako Bilgune Feministako lagunak motz geratu ziren, tamalez, emakumeen aurka erabil daitezkeen bortizkeria guztiak zenbatzerakoan.
Argi izan behar dugu genero indarkeria ez dela amaituko emakumeenganako bereizketak gure gizartean errotuta dirauen bitartean. Eta honek bere horretan jarraituko du emakume eta gizonen arteko harremana desorekatua dagoen heinean. Diskriminazioa areagotzen eta mantentzen duten egiturak zalantzan jarriko dituen sakoneko eztabaida soziala bultzatu behar dugu, arlo guztietan; hasi erakunde publiko gorenetatik eta lagunarteko giroraino. Emakumeenganako errespetua uztartu, jarrera matxistak alboratu eta hauei aurre egin, edonon entzun edo ikusten ditugula ere.
Hezkuntzaren beharra eta garrantzia kasu honetan ezinbestekoa da, Giza Eskubideen betetze osoa, emakume eta gizonen arteko berdintasun erreala eta hauen arteko erabateko errespetua lortu nahi baldin badugu. Beraz, aurrean duguna zera da; gizarte patriarkalaren /matxistaren ikuspuntuaren eraldatzea gure eskura dauden eremu guztietan, egunerokoa eta gogorra da lana, baina errespetuz eta orekaz lortu dezakeguna, adin eta sexu guztietako herritarren artean. Hala eginez gero, azaroak 25a emakumeen ohorezko eguna soilik litzateke, ez penaz betetako aldarrikapenerako eguna.
Aldarrika-pena
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu