Louis Althusser frantziar filosofo marxista famatuak, 1980ko azaroaren 16an, eroaldi batean, bere emazte Hélène Rytmann estrangulatu zuen. Pariseko École Normale Supérieur-eko logelan gertatu zen. Hilketaren albisteak zirrara handia eragin zuen,komunitate filosofikoan ez ezik, Frantzian eta mundu osoan. Filosofoa eta hiltzailea!
XX. mendeko filosofo handienetako bat izan da. Filosofiaren historiako une garrantzitsua den mugimendu estrukturalistaren buruetako bat izan zen, Lacan, Foucault edota Barthesekin batera. Pentsalari marxistarik irakurriena izan zen sasoi batean, eta haren lanek zabalkunde itzela izan zuten. Intelektual eta ezkertiar askoren pentsamendu maisua bihurtu zen 60ko hamarkadan.
Marx irakurtzeko era berri bat proposatu zuen Althusserrek, ortodoxia estalinistak markatutako pentsaera gainditzeko intentzioz egina. Ikerketa lan luze eta patxadatsuaren ondoren, Althusserrek «eraberritu» egin zuen marxismoa, ezagutu uste zutenentzat ere ezohikoa zena. Marx gaztea eta Marx heldua bereizi zituen. Bien arteko «haustura epistemologikoak»zientzia berri baten sorrera ahalbidetu zuela adierazi zuen: historiaren zientziarena, alegia.
Grekoek matematikaren kontinentea aurkitu zuten, Galileok fisikarena eta Freudek inkontzientearena. Era berean, Marxen iraultza teorikoak zientziaren «kontinente» berri bati zabaldu zizkion ateak. Marx, beraz, zientzialari bat bezala ageri zaigu, Galileoren edota Lavoisierren pare. Horra hor, Althusserrek defenditu zuen tesi ezaguna bere Pour Marx lan famatuan (Mario Onaindiak euskaratu zuen liburu hori, Marxen iraultza teorikoa izenburupean).
68ko maiatzaren ondoren, zuzenketa eta autokritika prozesu luze bati ekin zion Althusserrek. 68ko errebolta Frantziako Alderdi komunistaz kanpo sortu eta beronen kontra gauzatu zen hein batean. Althusserrentzat garai zaila izan zen hura. Ez zuen, halere, alderdia utzi, barrutik kritikatu baizik. 1978an, Ce qui ne peut plus durer dans le Parti communisteartikulu sorta ausarta argitaratu zuen Le Monde-n.
Handik bi urtera gertatu zen drama negargarria Ulm kaleko apartamentuan: burutik eginda, emaztea ito zuen bere eskuez. Berehala Sainte-Anne-ko ospitalera eraman eta, handik gutxira, libre utzi zuten, haren patologia salbuesgarritzat jota («gogo nahasmendua» eta «eldarnio onirikoa» egotzi zizkion epaileak). Urte horietan guztietan ezagutzea egokitu zitzaion gizasemerik dohakabeena izan zela adierazi du A. Comte-Sponville pentsalari ezagunak («fut l´homme le plus malheureux qu´il me fut donné de rencontrer»).
Baina 1982az geroztik ere, klinikan nahiz etxean, idazten jarraitu zuen, eta 1985ean L´avenir dure longtemps (Etorkizunak luzaz dirau) moldatu zuen, bere bizitzako gorabeherak kontatzen dituen testu ezin egiatiagoa. Eite psikoanalitikozko saio autobiografiko horretan ageri zaigu haren gizatasunaren eta ibilbide intelektualaren lekukotasunik hunkigarriena. Baita «antihumanismo teorikoa» aldarrikatu zuen filosofo gizatiar —gizatiarregi— baten miseriak ere. Dokumentu ikaragarri horretan gupida izpirik gabe biluztu zuen bere burua irakurleen aurrean.
1990eko urriaren 22an hil zen, sendategi batean, bihotz-gelditze baten ondorioz, Berlingo Harresia erori eta handik urtebetera. 72 urte zituen, eta paper asko utzi zituen argitaratu gabe. 1998an Lettres à Franca (Gutunak Francari) eskutitz sorta plazaratu zen. Orain, hogeita bat urte geroago, 1947tik 1980 arte Hélèneri idatzi zizkion gutunak kaleratu dira, Lettres à Hélène (Gutunak Hélèneri) izenburupean (Grasset, Paris). 250 testu biltzen dituzten 700 orrialde dira. Emaztearen erantzunak falta dira.
30 urte lehenago Pariseko metro geltoki batean ezagutu zuen emakumearekin izandako postazko harreman gogoangarria da liburua. Amodio kronika ez ezik, erotasun baten genealogia ere bada. Maitasun erlazio korapilatsu, zail eta txit berezi baten lekuko gara. Egiazkoa bezain asaldagarria izan baitzen haien arteko maitasun istorioa («je t´aime comme tu es, malgré nos disputes et nos blessures, malgré ces combats où nous nous défigurons»).
Haren ikaslea izandako Bernard-Henry Lévy intelektual ezagunak hitzaurre hunkigarria egin dio liburuari. Nabaria da maisu handiari dion miresmen sakona: «Nous avions un Maître. J´ai vécu ma jeunesse dans l´illusion d´être un soldat dans la grande armée magnifique dont il était Général.» Aldi hartan nik ere irudipen bera izan nuela aitortu behar dut.
Den-dena kontatzen dio Hélèneri eskutitz zirraragarri horietan: bere lan teorikoa eta irakurketak, bere bidaia eta oporraldiak, bere kirolzaletasuna(gustuko zuen futbola eta leher egiteraino ibiltzen zen bizikletan nahiz tenisean). Bere izugarrizko beheraldi eta elektroxok tratamenduen berri ematen dio. Bere beste maitaleez hitz egiten dio. Baita politikaz ere, jakina.
Hitz barnekoi eta samurrak zuzentzen dizkio batzuetan, lehor eta ankerrak bestetan. Nork imajina zezakeen ustez antihumanista hotza zen gizon hark horrelako gauzak idatziko zizkionik bere emazteari? Bi Althusser bereizi behar ote ditugu: teoriaren maniatikoa batetik, eta poeta maitemindu eta eroa bestetik? Haustura gertatzen al da harengan ere, maitasunezko pasioaren eta arrazoizko pentsamenduaren artean? Hala balitz, Althusserrek Marx «zientzialaria» hobetsi zuen bezala, nik Althusser «filosofoa» hobetsiko nuke.
Althusserrek ez du bazterrera uztea merezi. Haren hilobiaren aurrean Jacques Derrida bere lagunak aitortu zuen bezala, «era ezeztaezinean» markatu gintuen. Althussertarrak izan ginen, alegia.
Althusserren gutunak Hélèneri
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu