Jone Miren Hernandez Garcia.

Arkitektura horizontala

2012ko maiatzaren 20a
00:00
Entzun
New York bisitatu nuen 2001. urtean. Gogoan dut iritsi bezain pronto Estatu Batuetan bertan bizi den ezagun bati deitu niola eta hauek izan zirela nire lehenengo hitzak: «Hunkituta nago, hain da bertikala hiria txiki-txiki sentitzen naizela, inurri baten moduan ikusten dut neure burua… Ez dakit nola azaldu», esan nion. Haren erantzuna: «Lasai, oso ondo ulertzen zaitut».

Hiru bat aste igaro nituen bertan, baina ez nintzen ohitu sentsazio horretara, bertikaltasunarena, denbora guztian izan nuen lagun. Hiria utzi baino lehenago dorre biki famatuak bisitatu nituen. Turista gehienek hori egiten zuten. Azken solairuraino igo nintzen. Goitik, hiriari begira, sentsazio deskribaezinak izan nituen. Bertigo izugarria. Mundu osoa oin azpian edukitzeak deseroso sentiarazi ninduen. Handik jaitsi… eta oraindik gogoan dut dorre biki baten ondoan jarrita gora begira geratu nintzela. Egonezina, izugarria. Erraldoi baten moduan dorreak bere hanka altxatu eta zapalduko ninduela irudikatzearekin batera, hotzikara sentitu nuen. Handik 15 egunera, Estatu Batuetako herri txiki batetik, telebista aurrean, zuzenean urteetan munduan izandako etxe orratz altuen erorketa ikusi ahal izan nuen, beste milioika pertsonak bezala, aho zabal-zabalik.

Hamar urte baino gehiago igaro dira, eta hara non, dorre bikien inguruan sentitutako bertigoak zein egonezinak aldiro-aldiro bisitatu egiten nauela uste dut. Egun batean bai eta hurrengoan ere bai, iruditzen zait egunkarietako tituluek arkitektura bertikalaz baino ez dutela hitz egiten. Langabeak, zorrak, galerak eta murrizketak milioika gertatzen dira. Zenbakiak hain dira altuak eta egoera hain konplexua… zaila dela gainditua ez sentitzea. New Yorken bezala, dorre bikien itzalpean bezala, txiki-txikiak sentitzen gara.

Argi dago testuinguru batzuetan, lurra eskasa denean esate baterako, etxe altuak eraikitzea praktika jasangarriagotzat har daitekeela. Baina, orokorrean, horizontaltasunak atseginagoak gertatzen zaizkie pertsonei. Are gehiago, praktikan, esan daiteke gure egunerokotasuna arkitektura horizontalaz betea dagoela, jende arruntaren bizitzan plazak, merkatuak, eskolak, parkeak, kafetegiak… ezinbesteko garrantzia dutelako. Gehienetan, gertuko arkitekturak izan dira horiek, pertsonaren eskalan egindakoak. Aurrez aurreko topaketak bultzatzen dituzten neurrian, pertsonen arteko harremanak eta sareak sortu, elikatu eta sendotzeko balio izan dute tradizionalki. Horra hor, adibide moduan, ikuztegiak. Arkitektura sinpleen artean sinpleenetarikoa, lurretik oso gertu, zabala, jarduera askotarikoak biltzen zituena, bertan lana egiteaz gain —arroparen garbiketa neketsua—, berriketarako, harremanetarako eta aisialdirako —bertsoetarako zein kanturako— tartea zegoen. Emakumeen arteko sareak bultzatzen ziren nagusiki toki horietan, besteak beste, sozialki, arroparen garbiketa haien arduratzat hartzen zelako.

Ikuztegien zein bestelako jarduera tradizionalen —sareen josketa kostaldean, jostunen tailerrak, merkatuak…— gainbeherarekin, emakumeek euren arteko harremanak, kezkak, nahiak elkartrukatzeko modu berriak (berr)asmatu behar izan dituzten. Mugimendu feministaren bultzadaz zein bestelako asmoen eraginez, emakumeak taldeetan biltzen eta, hainbatetan, elkarteak eratzen hasi ziren. Euskal Herrian zein mundu mailan gertatutako joera izan da hori, bakoitza bere erritmoan, bakoitza bere helburu, asmo zein estrategiekin. Urteetako lana izan da hori. Pertsona askok eta askok hartu dute parte. Ez naiz emaitzen analisian sartuko, baina ideia bat azpimarratu nahiko nuke: ibilbide hori bere eredu arkitektonikoak ere eratuz joan da.

Alde batetik, emakumeen nahiz talde feministen egoitzak daude, herrietan eta hirietan zehar sakabanatuta, emakumeen aldarrikapenak ikusgarri egiten dituztenak. Elkarte horien bitartez, garai batean ikuztegietan egiten zen moduan, indibidualki bizitako arazoak edo kezkak agertu eta konpartitu egiten dira eta, modu horretan, arazo edo kezka sozial zein politiko bilakatzen dira. Horrela, pribatua eta publikoen arteko ohiko mugak eztabaidagarri bihurtzen dira. Frankismoa bukatutakoan, elkarte horien presentzia areagotu egin zen, eta hamarkada hauetan sare zabal eta askotarikoa joan da garatuz.

Egun, emakumeen nahiak, eskaerak edota mezuak modu birtualean plazaratzen badira ere, hainbat tokitan arkitekturaren garrantziari eustea erabaki dute. Hau idazten ari naizela, ordu gutxi falta dira Basauriko emakumeen etxea inauguratzeko. Maiatzaren 17tik aurrera, Basauriko emakumeek gune berria erabili ahal izango dute elkartzeko, hausnartzeko, eztabaidatzeko edota jarduerak antolatzeko. Marienea Etxea irekitzeak aurretik martxan jarritako beste emakumeen etxeei segida ematea dakar: Ermuako Emakumeen Etxea, Arrasateko Emakume Txokoa, Durangoko Andragunea, Donostiako Emakumeen Etxea, Azpeitiko Emakumeen Txokoa… edota beste izenen batekin hainbat herritan sortutako azpiegiturei, hain zuzen ere. Bakoitzak bere proiektua du, bere ibilbidea eta dinamika, baina orokorrean, denetan sendo errotutako egitasmo pluralak eta zabalak antzematen dira.

Etxe horiek emakumeen potentzialtasuna irudikatzeko balio dute, emakumeak beraiek ikusarazteko eta berdintasunaren egoera edota beharrak agerian uzteko. Antzeko logikarekin, gaztetxeek, definizioz, gazteriak eta gazte mugimendua ikustarazteko balio dute. Egun hauetan, estatuko banku ospetsu baten dorrea protagonista bihurtu da. Teleberrietan nahiz egunkarietako azaletan agertzen da behin eta berriro, altu, arro, zerua urratu nahian… Irudi horrek zer pentsatu ematen du, arkitekturaz, eta arkitektura mota horrek irudikatzen duenaz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.