Bakuna baten beharraz medikuarengana joan nintzen orain dela gutxi. Erizain erdaldunak nire abizena eskatu zidan esertzerako. Ozen eta argi bota nion, eta hark berehala, lotsarik gabe: «Ai neska, abizen hauekin ezin dut… utzidazu NANa, ea horrela moldatzen naizen…». Erizainak Nafarroako herri baten euskal izena du lehen abizentzat, eta ohiko euskal deitura bigarrentzat.
Lotsarik gabe, diot, ez baititu gaztelar abizenak, ez eta alemanak ere, euskaldunak baizik. Baina, besteretze prozesu luze eta etengabeko honetan, gurea arrotza bihurtu da eta kanpokoa propio. Eta honelako egoeren aitzinean isilik egotea erabakitzen dugu, hobeki izanen delakoan.
Pasadizoa gogora ekarri didan notizia bat sufritu dut aste honetan. Telebista nazional duin eta bidezko baten faltan (tokian tokiko telebista txikien ahaleginak aitortzea ahaztu gabe), Espainiako kateek ematen dutena ezaguna zaigu, jakinik, ordea, komunikazioa baino, deskomunikazioa dela eguneroko menua. Hala ere, ez gara inor noizbehinkako hautu horietatik salbu eta egin izan dituzten sarraskiak ezagutzen joan gara denak, barrenak urratzerainoko ozpinduraz usuenik.
Informatiboak zerekin osatu ez eta, ergelkeriak (eta inperioaren publizitate subliminala) dira ikuslearen gozamen hutsala. Kirolak notizia ez dakarrenean, tsunamirik ez dagoenean, euskaldunen gaineko desitxuratze berririk ez dutenean, hara, abizen arraroak bilatzera atera dira kazetariak. Alegia, iluntzeko informatibo nagusienean, beste berrien mailan, abizen arraroen gaineko sasi-erreportajea.
Sakoneko Espainian bilatu dituzte lehenak; non eta herri txikietan, populazio zaharkitua den haietan, bizi-maila eskasa, atzerapen handiko inguruneak… Eremu ez-modernoetako notiziak, alegia. Eta bira bitxi bat eman ondotik, berria borobiltzeko lazo gorria jarri dio periodistak: «Ibaibarriaga, Ugartetxea…. bai, jaun-andreok, euskaldunak dira, eta horiek dira abizen arraroen lehen postua hartzen dutenak beste guztien gainetik».
Esatera ausartzea ere! Gutxieneko senik izanen balu honelako kazetari batek, ez ote luke bere kabuz ondorioztatuko zergatik egiten zaizkien arrotzak abizen horiek? Zer dela-eta ditu, bada, gizarte horrek beste hizkuntza bateko izenak, abizenak, leku-izenak, etxe-izenak...? Hori da irakurketa baztertzailea, partziala, interesatua eta bidegabea. Ohartuko ez da ba esaten ari den astakeriaz!
Arraroak gu, ordea. Hain dira arraroak gure izenak non ez baitira gai Iraizoz edo Muniain bezalako kirolarien abizenak ongi esateko. Ez dira gai, edo bost axola zaie. Rooney [Rúni] eta Neville [Nebíl] bezalakoak ongi ahoskatzen badakite, bestalde.
Gutxi balitz, Estatu Batuetara ere ailegatu da moda, hainbat filmetan «abizen arraro» batzuk aurkeztu baitituzte, exotikotasun puntu bat lortzeko, nonbait. Jane Fonda protagonista duen igandeko bazkalosteko pelikula batean, bi ilekorda luzedun gizon zahar bat agertzen da eszena batean, larruz jantzita eta indio tankera ezin ukatuzkoaz. Harekin dagoenak aretoko beste bi gizoni botatzen die: «Lagunok, hau da nire osaba, euskalduna bera, eta Hiztegi Argitaletxea du izena». Arraroak, gero, euskaldunak.
Arraroak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu