Indarkeria erabiltzeari behin betiko uko egitea eta, ondorioz, gatazka politikoak konpontzeko bide baketsuak erabiltzea ETAk egindako funtsezko urratsak izan dira, gure herria guztiz baketzera iristeko prozesuaren barruan. Hala ere, guztiok jakinaren gainean gaude oraindik asko falta dela helburu horretara heltzeko. Ez baita nahikoa ETAk armak ez erabiltzea, oraindik eskura baldin baditu, nahiz eta behin eta berriro adierazi duen ez duela haiek erabiltzeko borondaterik. Bestalde, orain uko egiten dioten indarkeria horrekin ustezko lotura duten bostehun presotik gora egotea ez dirudi bateragarria denik lortu nahi litzatekeen bake egoerarekin. Are gehiago kontuan hartzen bada zenbait zigor egoera oso urrun daudela indarrean dagoen araudia bera justiziaz eta berdintasunez aplikatzetik.
Ez dira, dena dela, esandako horiek ebatzi beharreko arazo bakarrak. Arazo «teknikoak» deitzen diete batzuek, eduki politiko ukaezina duten arren, eta arazo politiko gisa heldu beharko zaie. Ez dirudi, baina, oraingoz horretarako borondaterik dagoenik, norabide horretan pausoak ematen hasi beharra behin eta berriro errepikatzen bada ere.
Hala, ETAk gogor eskatzen dio espainiar Estatuari erantzun diezaiola berak egindako urratsari eta egin diezaiola aurre ETAk berak preso «politikoak» deitzen dienen arazoari, auzia behin betiko ebatziko duen prozesua martxan jarrita. Estatuak, bere aldetik, armak entregatzeko eta erakunde gisa desagertzeko exijitzen dio ETAri, hori egin ezean ez dagoela arazoaz hitz egiten hasteko ere prest. Bestalde, preso horien izaera «politikoa» errotik arbuiatzen du.Horregatik, zigor legeak zorrotz beteko direla esaten du, bereziki une honetan indarrean dauden eta, «terrorismo» delituak gogoan zituztela, legerian berariaz sartutako aldaketei dagokienean.
Aurrez aurreko jarrera horiek ikusirik, geure buruari galdetzen diogu zer itxaropen izan dezakeen euskal herriak bake «osoa» erdiesteko, orain daukagun ETAren «indarkeria gabeko» egoeraren mugagabeko jarraipenetik eta etorkizuneko desagertzetik harago. Ez al da posible urrats gehiago egitea bake egoera irrikatu horretara heltzeko?
Bakea gauzatzea, edo, hobeto esanda, gure herriaren baketzea deitzen diogun hori pixkanaka lortuz joatea eta mantentzea, «guztion ona» deitzen diogunaren funtsezko dimentsio gisa ikusi behar da; Estatuak eta, dagokien neurrian, herritarrek eta gizarte kolektiboek gauzatu behar duten guztion onaren parte gisa. Gauzak diren bezala esanda, baketzea, bere konplexutasun guztiekin, benetako «Estatu auzia» da eta, beraz, Estatuaren ekintza «politikoaren» xede izan behar du. Hartaraino, non bake hori lortzea eta mantentzea beste helburu batzuen gainetik — «politikoak» haiek ere— baloratu behar bailitzateke, eta, ondorioz, helburu nagusiaren mendean jarri behar lirateke bigarren horiek.
Bakearen funtsezkotasun horretatik eta helburu «politiko» gisa jartzetik abiatuta, ikus dezagun zer beste helburu edo arrazoi dauden — «politikoak», ezinbestean— bakearen ondasun politikoaren gainetik leudekeenak. Ez al diote herritarrek bakea eskatzen espainiar Estatuari, arazoa konpontzearen alde zerbait «egin» dezala eskatzen diotenean? Badakigu, juridikoki, «auzitegien» eskumena dela, baina gobernua ezin da ezer egin gabe geratu. ETAko presoen kolektiboaren arazoa ez al da, baketzearen ikuspegitik, soluzio «politikoa» eskatzen duen gertakari indibidual baten biderkatze soila? Horrek ez dauka, jakina, legeen interpretazio «burutsu» baten kontra zertan egonik. Berdinak izan behar al dute helburu politikoetarako indarkeria erabiltzeari uko egitearen egia ziurtatzeko moduak, gizabanako «askorena» edo 500 pertsona baino gehiagoko «kolektibo» baten erabakia denean?
Bakea bilatzen duen Estatuaren «politikak» eta indarkeriari uko egiten dion ETAren erabakiak, biek ala biek bultzatu behar dute, borondate eraginkorrez, beste hainbat arrazoiren gainetik, bakea deitzen den ondasun «politiko» horretara eramango duten bide egokien bilaketa. Horren mende jarri beharko dituzte garrantzi eskasagoko gainerako interesak, direnak direla, «guztion onaren» zerbitzuan jarri behar den benetako «baketze politikaren» mesedetan, alegia. Horixe da, eta ez besterik, «herriak» nahi duena; bai eta Estatuak bilatzen duena ere, dioeneanterrorismoaren arazoa konpontzea ez dela inoiz alderdien interes partikularren zerbitzuan jarri behar. Eta horixe bera esan nahi du, nonbait, ETAko presoen «kolektiboak» esaten duenean benetako politikak, indarkeria armatuari uko egiteaz gainera ondorengo eskaerak ere onartu behar dituela, nahigabe gehiagorekin edo gutxiagorekin, bakea egiteko borondateari estu-estu loturik doazelako.
Esandako horretatik eratorri beharko litzateke alde biko konponbide baten bilaketa, hala posible izan dadin bakea eraikitzeko batzuek eta besteek duten borondatea bateratzeko prozesua. Kontua ez da Estatuak eta ETAk batak besteari inposatutako baldintzak onartzea, bien artean bakea egiteko. Itunak subjektu desberdinen arteko erlazioa eraikitzea esan nahi du, zeinaren bidez eta elkarrekiko hartzen dituzten obligazioen bitartez bata eta bestea irabazten aterako diren. Estatuaren eta ETAren artean bakea lortzeko horrela sinatutako itun bat oso litekeena da herritar guztiek ez onartzea.
Hemen proposatzen den konponbidea beste era batekoa da. Gure iritzian, bi aldeen arteko begiradak edo harremanak ez du izan behar kontratu gisako konponbide horren oinarria. Funtsezko erreferentzia —ez bien artean, baizik eta bientzat— alde bakoitzetik harago doan zerbait izan behar du eta, aldi berean, biak konprometitzen dituen zerbait. Erreferentzia hori ezin da izan bakea egiteko borondatea beste ezer, bi aldeek batera hartzen eta berresten duten konpromiso baten bidez, zeina «herri» borondate beharrezko bezain premiazkoarekin batu beharko baita. Alde bakoitzak herriak behar eta eskatzen duena egin beharko du, bi aldeek baitute «guztion onak» eskatzen duen elkarbizitza baketsua sortzeko eta eraikitzeko obligazio «politikoa».
Bakea egiteko nahiaren zerbitzuan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu