Biziki maite dut ikasle izan ditudan horien oroimena. Plazer handia eragiten dit pertsona horien guztien ilusioa, gogoa, indarra eta kemena oroitzeak. Begiak ixten baditut, hortxe ikusten ditut neguko ordu ilunetan Euskaltegian sartzen, udako ordu txikietan txosnetan lanean. Nirekin daude Sartagudako lagunak ere, ameslariak, langile nekaezinak, eraikitzaileak, Lodosako lohietan ikastola eraikitzeko adorea izan dutenak. Gaurko egunean, euskararen alde buru-belarri egin duzuen guztiok zaituztet gogoan. Zuena da egun hau.
Euskara ikastea eta zailtasunen aurrean etengabe erabiltzea hautatu duzuenok herri honen elkarbizitzari egin diozuen ekarpenak ez du preziorik. Euskararen normalizazioa prozesu soziala da, gizartea bere osoan inplikatzen duena; politikoa da, hizkuntza-politika zitalek ekarri gaituztelako egoera onartezin honetara eta hizkuntza-politika eragingarriak bakarrik aterako gaituelako. Baina, pertsonala ere bada, gutariko bakoitzak, egunero, orduro hartzen ditugun erabakiekin zerikusi zuzena duelako. Gaurko eguna, beraz, elkarbizitzaren aldeko apustu erreala egin duzuen guztiontzat da, zuen jarrerekin bota zapaltzailea lepotik astintzeko adorea izan duzuen guztiontzat. Gure hizkuntzaz bizitzearen aldeko apustua egin dutenek, elkartasuna mailarik gorenera eraman dute, elkarbizitzaren aldeko hautua ezin delako norberekoikeriatik egin. Zuena da eguna, ongi pasa, ez diezazuela inork ebatsi euskaldunak izateko harrotasuna.
Hala ere, diskurtso ofizialetan ez da egongo horien aipamenik txikiena ere; euskararen normalizazioaren protagonista nagusiak ahaztuak izan ohi dira. Euskara ikasteko gaitasuna edo adorea, batek daki, izan ez duen Lehendakari horrek beste norbaitek prestatutako diskurtso aurreikusgarria eskainiko digu. Euskara guztiona dela esango digute, asko egin «dugula» adieraziko dute, asko falta dela, emeki-emeki joan behar dugula, eta ohiko diskurtso hutsarekin konformatuko dira gaurko egunean. Euskara zer ederra eta modernoa den eta zenbat maite duten esango dute herri hau lideratu nahi duten horiek, jakin gabe nekez izan zaitezkeela ezeren liderra erkideak umiliatuz. Lopezek, Bengoak, Aresek, Aguirrek… zer dute ospatzeko gaurko egunean?
Euskararen alde egoteko eguna dute erdaltzale horiek. Gainerako egunetan ordea, hizkuntza- eskubideak Osakidetzan aldarrikatzen dituen euskal herritarra iraintzeko ez dute pultsu arazorik izaten. Erakunde bereko euskalduntze-planaren ebaluazio kaxkarraren aurrean ez dute batere lotsarik sentitzen. Kontsumitzaile euskaldunon hizkuntza-eskubideak babesteko genuen dekretu bakarra ezerezean utziko dute zehapenak kenduta. Aurrekontuetan murrizketak aplikatuko dituzte, euskara ikasi nahi duen herritar hori bekarik gabe utziz. Euskararen aldeko egun honetan,gure eskoletatik euskaraz ez dakiten gazteak gizarteratzeak ez die kanaperako gogoa kenduko. Gure unibertsitateetan euskaraz ikasi nahi eta ezin duten medikugai horien egoera ez da irribarrea eragozteko nahikoa izango. Euskararen aldeko egunean, euskaldunon hizkuntza-eskubideen urraketa sistematikoaren aurrean beste alde batera begiratuko dute. Aurten ere, aurreko urteetan bezalaxe, aplikatu duten hizkuntza-politikaren porrota ezkutatzeko marketin instituzionala jarriko dute martxan, ke-gortina baten gisan, herritarrok zer gertatzen ari den ikus ez dezagun.
Gaurko eguna Nafarroatik ikusita bi aldiz da iraingarria, hemen euskararen eguna ez, Nafarroaren eguna baita. Iruñean ere, diskurtso ofizialak aurreikusgarriak dira, espero izatekoak. Nafarroako identitateaz hitz egingo digute, gure izana definitzen duen hizkuntzari aipamenik egin gabe. Egia esan, Nafarroan mundua aldrebes dagoela ematen du, agintariak krisia gainditzeko bidea austeritatea dela dio bere soldata % 30 igotzen duen egun berean, Nafarroako historia hondeamakinak sartuz babesten du eta euskararen alde agertzen da, ingelesari 5 aldiz bitarteko gehiago eskainiz, euskararen aldeko mugimendua ekonomikoki itotzen duen bitartean. Euskara jada normalizatua dago Nafarroan, agintarien ustea da. Nafarroaren egunean ere kanape-besta egingo dute euskarazko hedabideei ukatutako laguntzarekin ea mahonesak pozerako bidea eskaintzen digun duela gutxi tartek eskaini diguten bezala.
Edozein moduz, itxaropenerako garaiak bizi ditugu, horrek bihurtzen du desberdin aurtengo ospakizuna. Euskararen normalizazioaren aldekoa herritar bakoitzaren gogoan jokatzen da. Gu gara, gutariko bakoitza da garaipena, euskaraz bizi nahia indartzeak jartzen du balantza gure alde. Erdal elebakarraren diktadurari sendo eta harro egiteko biderik eragingarriena euskaraz bizitzeko hautua egitea da, urteetako hizkuntza-zapalkuntza berezkoa ez dela ohartuz eta horretaz ohartaraziz. Urteetan Espainiako eta Frantziako Estatuek ezarri dizkiguten hizkuntza-politika zitalen ondorioa da gaur egun pairatu behar dugun egoera. Norberaren herrian, norberaren hizkuntza erabiltzeko mota guztietako zailtasunak edukitzea ez da kasualitatearen ondorioa, ez da onartu behar dugun zerbait, ez dugu naturaltzat jo behar. Gure izena eta izana ezabatzea Estatuen asmo homogeneizatzailearen ondorioa da.
Bihar, etzi Euskal Herrian gatazka gogorra piztu duten arrazoiez hitz egin beharko da. Besteak beste euskaldunok urte luzeetan pairatu behar izan dugun eta gaur egun, oraindik ere, pairatu behar dugun umiliazioari galga jartzeko bideaz hitz egin beharko da. Gure hizkuntza Estatuen esku-hartzerik gabe normalizatu nahi dugula garbi adierazi beharko da. Hori egin ezean, ez gara libre izango.
Euskaraz bizi nahi dut!! irakurri ahal bezain ozen, garrasika nahi baduzue, Nafarroaren eta euskararen eguna den honetan horixe baita nire manifestu bakarra.
Bakoitzari berea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu