Beaumondarraren sindromea

2012ko urtarrilaren 21a
00:00
Entzun
Ziur nago badela psikologia klinikoan zera hori izendatzeko termino zehatz, ahoskagaitz eta enigmatikoagorik. Smith and Wesson edo Sjögrenen nahastearen antzera, adibidez. Baina gure artean errazagoa da sindromea horrela ezagutzea. Hurbila bada ere, ez da tratu txarrak jasaten dituen emakumearen sindromearen sinonimoa, edota Estokolmokoarena. Ez litzateke ere zuzena izango Beaumonten edo Leringo kondearen sindromea deitzea, kriminal hark ez baitzuen halako eritasunik. Gaizkile hutsa zen, konplexu gutxikoa, eta bazekien bere negozioa zein zen. Sindrome hori ez dagokio berari, bere gaurko jarraitzaileei baizik, morroi leialak izaki, «borondatezko morrontzaren» zale amorratuak, matxinadaren aurka altxatzearen tradizio espainiarraren (eta nafarra ere bai: horretan bat gatoz) aldeko sutsuak, gero gerrara «vivan las cadenas» oihukatuz joateko.

Hausnarketa hori UPN alderdi ustez nafarrak bere jarraitzaileen artean «Argumentario» delakoa zabaltzearen harira dator. Gezurtegi horretan argudioen bila gogor aritu dira taldekideek horiekin bat egin dezaten. Hori ez da berria. Nafarroako konkistari (1512-1529) buruzko hitzaldietan, asaldatzaile bat baino gehiago agertu zaigu katoi horretako arrazoiekin aurka egin nahian. Eta prentsako foroetan ugariak dira giza fauna horretako espezimen basatien esan oldarkorrak. «Ez zen konkista izan... Borondatezko bat egitea izan zen... Eta gainera, zer daukate esateko euskaldun horiek, etsaiaren armadarekin etorri baitziren...».

Zertan gara, baina! Armada inbaditzailea sartu zen, ala Albako dukea ardo batzuk hartzera etorri zen? Begi onez ikusten dute Nafarroa gaztelarrek okupatzea, baina oso gaizki iruditzen zaie lehenago konkistatuak izan ziren euskaldunek horretan parte hartzea. Ez zen gerrarik izan, «erreinuak modu baketsuan» onartu baitzuen bat egitea, eta «ondorio nagusia dinastia-aldaketa izan zen». Hau da, oilarren arteko borroka izan zen, eta errege baten ordez bestea jartzea. Ez zitzaion ezertxo ere gertatu Nafarroako herriari, nahiz eta hor galdu zituen independentzia (sic, coplas de Monteagudo), subiranotasuna eta bakea (mende bat iraun zuen okupazio militarrak), gazteluak eraitsi zizkioten... laburbilduz, nahiz eta bere Estatua eta munduan zuen presentzia galdu zituen.

Esan dudanez, beuamondarraren sindromea erraz diagnostikatzen den eritasun kronikoa da (sendabiderik ez badu ere). Adibidez, Nafarroako konkista —hala dio «Argumentario» horrek— «nazioarteko kontua izan zen», Gaztelako eta Frantziako erregeen eta Aita Santuaren arteko botere-borroka. Hau da, guztiz besteena. Gauza sinplea da: besteek pastela banatzen dute, eta guk besteen hutsak ordaintzen ditugu. Guk jartzen ditugu hildakoak, galerak, porrota... Eta gainera, ospatu egiten dugu, harro eta pozik sentitzeko.

Bistan denez, sindrome hori nahaste psikotikoa da, osasun mentalaren nozio orotik urrun dagoena. Izan ere, delirium tremensen sar liteke nabarrista omen direnek zuritzea eta txalotzea beren lurraldearen eta herriaren aurka historian izan den erasorik bortitzena: inbasio militarra, porrota, umiliazioa, menpekotasuna, lapurreta... Patologia horren adierazpenik garbiena autogorrotoa da, norberaren oreka psikikoa kolokan jartzen duen sintoma. Izan ere, guztiz besterenganatuta egon behar da halako sasi-argudio eskasa ontzat emateko.

Eritasunaren analisi zehatza egiten badugu, garbi ikusiko dugu mendez mende zakur-kaka eta bestelako zabor ugari jan behar izan dela (guztiz demostratuta baitago «jaten duzuna zara» delakoa) halako maila zientifikoko pentsamenduak sortzeko gai den garuna moldatzeko.

Ikuspuntu klinikotik, Carlo Maria Cipolla (Allegro ma non troppo) ekonomialariaren tesia erabil dezakegu beaumondarraren sindromeak jotako subjektuen koadro intelektuala sailkatzeko (kontuz, 4. funtsezko legea: «Pertsona normalek gutxietsi egiten dute beti ergelen arrisku potentziala»).

Capeauk dioenez, «ergelen nombrea kontaezina da». Are okerrago, sindrome horren aurka ez dago txertorik. Kasu: badakigu zer dagoen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.