Hertzainek abesten zuten bezala, ez dira betiko garai onenak. Beharbada. Baina direnak dira. Eta egokiera honetan, hauteskunde kanpaiak jo dituzte EAEn. Gure etxearen alde honetan hainbat aldaketa egiteko aukera dago berriz ere. Gure familiako batek baino gehiagok dioenez, erreteila etxe osoan egiten ez bada, alferrik da —demagun— iparraldeko gelak konpontzen hastea. Teilatua osorik berritu ezean, zertan hasi lanean etxearen alde batean bakarrik? Baina bada dioenik, etxearen alde hau konpontzeko modua baldin badago, dagoenari ekin behar zaiola. Gainerako habe eta eremuak indartu eta handik, gero, etxeari sendotasuna emateko noizbait.
Bi aukeren artean, zilegi izango da —beharko luke— politikariei galdetzea ea noiz duten etxe osoari erreparatzeko asmoa; ala? Garaia da zerbait planteatzen hasteko. Eta garai onak dira; ez betikoak, oraingo garai onenak baizik.
Hauteskunde aurreko asteotatik hasita, gure kulturari begiratzeko abagune ezin hobea izan liteke. Etxea hornitzen eta indartzen duen ezaugarri ezinbestekoa dugu kultura. Ramon Zallok dioen bezala, kultura ezin da hizkuntzarik eta komunikaziorik gabe ulertu. Biak ala biak funtsezkoak dira. Ertz asko ditu kultura terminoak, eta ez da bi ezaugarri horietara mugatzen; baina gainerakoak horietatik eta horiengan egituratzen dira. Kulturaren euskarri eta bizigai dira, izaeraren/identitatearen balio-garraiatzaile eta erakusle. Baina ez horregatik sistema homogeneizatzaile. Heterogeneotasunak bizi du kultura, eta dinamikotasunak. Batez ere, insistitzen du Zallok, fenomeno dinamikoa da kultura —gehienetan, sustrai historikoak ere badituena—. Beraz, ezin zaie muzin egin azpiandoazen bestelako lasterrei, hor daude eta.
Hauteskunde garaietan, euskal kultura sarri agertzen da agenda politikoan; oraingoan ere bai. Politikariek, delako euskal kultura hori, eskuekin hel daitekeen gauza bat balitz bezala erabiltzen dute, kutxa batean kabituko balitz bezala, merkataritza-salgai hutsa edo boto-salerosketarako kromoa balitz bezala. Baina nola kudeatuko duten azaltzeko orduan ez dago segidarik.
«Euskara eta euskal kultura sustatuko ditugu», dio zenbaitek ahoa bete-betean. Baina ez gaitezen despistatu: Larraitz Ariznabarretaren hitzetara ekarrita, mendeetan jasandako «ukazio erradikalaren gainean etengabe (berr)eraiki» behar izan da gure kultura. Euskal kultura sustatu behar dela? Ez, barkatu, euskal kulturari txute bat sartu behar zaio. Eta berrogeialdi luze batean eduki behar da; ez lehortzeko, biziberritzeko baizik. Horretarako estrategiak pentsatu behar dira. Nik horiek azaltzea eskatuko nieke alderdi eta politikari guztiei, euskal kulturaz zer ulertzen duten azaldu ostean.
Hizkuntzari dagokionez, zer bide erakutsiko zaie boterearen itzalpean babestu izan diren betiko erdaldun euskaldundu nahi ez dutenei? soyvascooperonoseeuskera labelpean kamuflatutakoei, esate baterako, edo gora Euskal Herria frantsesez diotenei? Bestalde, herriko talde orain arte subalternoekin zer egin: immigrante euskaldundu gabeekin, Idoia Etxeberriak erdaldunberri gisa identifikatu dituen horiekin, gor eta itsu halabeharrez erdaldunduekin...? Zein potentzialitate aitortzen diete alderdiek, eta nola irabazi nahi dituzte? Zer leku izango dute ekosistemaren barruan?
Kulturaren beste oinari buruz ere galdetu nahi nieke alderdietako ordezkariei. Lehenik eta behin, zer ikasi dugu komunikazioari buruz? Zer behar dugu? Euskal komunikabide-sistemak nolakoa izan behar du? Zeri emango zaio lehentasuna? Sistema publikoak orain arte bezala jarraitu behar du? Erdarazko ereduak mantentzen eta elikatzen jarraitu behar dugu? Non, nola, zergatik?... Sistema horretan herri hedabideek izan duten garapen eta parte-hartzeari buruz: osagarriak al dira —izan behar al dute—tokiko hedabideak eta hedabide jeneralistak? Zer esparru betetzen du bakoitzak? Zer funtzio esleituko zaio bakoitzari? Zer programazio-politika aplikatuko lukete? Eta zein lurraldetan bermatuko? Noraino? Noiz arte?...
Hizkuntza —eta komunikazio— politiken alde banatan daude sortzaileak eta erabiltzaileak, igorleak eta hartzaileak. Hizkuntzaren eta kulturaren sostenguan erabiltzaileak eta audientziak behar dira. Eta hori hizkuntza-politiken bidez baino ez da lortzen. Tokiko euskarazko telebista edo irrati batek ere bere esparrua bete dezake, betetzen du, itotzen uzten ez bada. Irrati-telebista publikoak duen aurrekontuaren hamarrenarekin, esate baterako, gauza asko konponduko lukete Tokikomen biltzen diren hedabide guztiek. Egunkari honek eta euskal aldizkariek, denak batuta, urtean behar duten diru kopuruak ez luke inolako euskal gobernuren bankarrotarik ekarriko. Eta kontua ez da soilik nola salbatu hedabide txikiok; garrantzitsuagoa da kontuan hartzea zer zerbitzu eskaintzen duten, zenbatenganaino iristen diren, zer indar kohesionatzaile duten.
Krisia hemen dago, baina beti egon dira krisian euskal hedabideak eta euskara. Gaur hauteskunde kanpainan sartuta dabiltzan alderdiek badute borondate politikorik gauzak aldatzeko? Badute indarrik gizartea euskal hedabideen kontsumitzaile bihurtzeko?
Gobernura iritsitakoan, eta borondaterik onena jarri arren, euskal kultur industria osoari emandako laguntzarekin ere ez da lana amaituko. Egiturak sendotu eta gizartean zabal barreiatu behar da euskal kulturarekiko sentimendua, afektua eta beharra, erabiltzaile/hartzaileen kopurua handituko bada. Lana horretan dago. Eta luzerako da.
«Euskarari lehentasuna emango diogu» diotenek, beraz, garbi esan beharko liguteke zein duten estrategia eta nola eraikiko dituzten gure etxeko gainerako gelak. Euskal kulturan sinistea da, azken batean.
Beti da orain
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu