Karmelo Landa

Bide partekatua

2012ko martxoaren 31
00:00
Entzun
Nazio baten eraikuntza oso prozesu konplikatua izan ohi da, kasu guztietan. Horretan murgilduta gabiltza hemen, bete betean. Greba arrakastatsu batetik gatoz orain, eta Hego Euskal Herrian dimentsio berezia izan du. Denok ados horretan, baina inor gutxik aztertu du horren zergatia. Oso arrazoi sakona du, baina azaltzen erraza ez dena.

Nazio eraikuntza zerbait bada,bide partekatua izan behar du. Partekatua alde batetik, elkarrekin hartuta egiten delako, helburu batzuen atzetik. Baina berezitua bestetik, bere menpe nahi gaituzten botere batzuengandik aldendu beharra dugulako, horietatik datozen politika eta jokabide kaltegarriak errefusatu nahi ditugulako.

Bide konpartitua gure artean, baina era berean ondo berezitua: bikoiztasun berezi horrek eman dio egundoko indarra gurean osteguneko greba orokorrari, eta beste horrenbeste gertatzen ari da une honetan Euskal Herrian zabalik ditugun hainbat alorretan.

Goazen esandakoa zehatzago aztertzera, ikus dezagun grebaren adibidea. Egia da Estatu osoan ere izan dela greba, egia da bertoko deialdian Estatu mailako sindikatuek ere egunarekin bat egin dutela, baina hortik aurrera hasten dira ñabardura interesgarriak: deialdirako eguna partekatua izan bada ere, bi dimentsio oso desberdinetan gauzatu zen greba Hego Euskal Herrian, dimentsio estatalean versus bertoko dimentsioan, eta bigarren hau nagusitu da, zalantzarik gabe , ostegunean. Konparatu, bestela manifestazioetako parte hartzea eta edukiak, emandako mezuak, jarritako helburuak… Bi ezaugarri nagusi eta propio hartzen dute Hego Euskal Herrian: Estatuaren eta oligarkia finantzarioaren politika neoliberalari aurkakotasun globala, batetik, eta subirautza ekonomiko eta sozialaren berehalako aldarria, bestetik.

Hau ez da Marianoren erresuma, hemengo ekonomia ez dago hangoa legez, hemengo jendartea ez da hangoa, hemen nazio soberanoa nahi eta behar dugu. Horra hor hemengo greba indartsuaren benetako fondoa.

Datorrena oso latza izango da, bai. Tamainako erantzuna eman du greba honek Hego Euskal Herrian, eta asko lagundu du horretan bertoko sindikatuek grebarako lana elkarrekin egin dutela.Baina gauzak argi, partekatze hori nahiko prekarioa da, oraindik orain. Eta hemendik aurrera egingo dituzten erasoen aurrean, ez enpresen eremua, ez eta eremu sindikala bere osotasunean hartuta ere,ez dira nahikoak izango Estatuaren eta goi-kapitalaren plan basatiak geldiarazi eta iraultzeko. Hemen eremu politiko, sozial eta instituzionalaren partekatze osoa beharko da. Hemen nazio mailako akordioak beharko ditugu, Estatu erasoei aurre egin eta bide alternatiboak gauzatzeko. Hemen, nahitaez, euskal sindikatuek ere bat egin beharko dute nazio eraikuntzaren bide-orri partekatuan. Bide-orri adostuan, jakina.

Erasoa ez baita soilik maila ekonomiko eta sozialean gertatzen ari. Hor daude, adibide gisa, preso politikoen aurkako jokabide zitala edota Bateragune kasua eta honen inguruko guztiak.

Estatuak ez du onartu nahi Euskal Herrian sistema politiko eta sozioekonomikopropio eta osoa antolatzerik, batez ere ez du nahi nazio eraikuntzarako eta independentziarako bidea eskaintza politiko gauzagarri, egingarri bihurtzerik.Bereizketaren, apartheid-aren, zatiketaren aldeko jokabide hori ez da kasuala, Estatuaren estrategia sakona da. Harriak jartzen dizkigute bidean, eta daukagun arrazoia ere irabazi egin behar dugu, asko kostata gainera. Preso politikoen erabilera ankerra da horren adibide. Baina horrek, hartutako bidea zalantzan jarri baino, beronenbalio handia eta berau sendotu eta sakontzeko premia baizik ez digute nabarmentzen.Bete-betean asmatu dugu bidean, orain indartu eta hedatu beharra daukagu, bide partekatua zabalduz eta sakonduz.

Errazago da esatea egitea baino, bai. Baina erreferentzia arrakastatsu batzuk hortxe ditugu aurrean. Aieteko Bake Konferentziarena da hauetako bat: bost puntukobide-orri zehatz baten inguruan lortu duen adostasun maila bikaina da, eta pausuz pausu aurrera egiten duen heinean (Europako Parlamentuan eman du azken urrats baikorra), behartu egingo ditu Gobernu espainiarra eta frantziarra gai horietara lotzen. Arlo politikoan eta hauteskundeetarako prestakuntzan ere progresio bikainak ezagutu ditugu, aliantza eta koalizio akordioek esperantza eta borondate ugari irabazten jarraitzen baitute, eta gorako bidean daude. Arlo instituzionalean beharko da, ondorioz, aurreratu laster batean, nazioaren gorpuzte horretan egundoko garrantzia izan dezakeelakoan.

Arlo sozioekonomikoan bereziki garrantzitsua bezain konplexua da bidea une honetan, eta horrek eskatzen du arreta berezia. Euskal Herriko egitura sozioekonomikoaren ezaugarri baikorrak bistan daude, produktibitate eta berrikuntza ahalmenak, merkatu irekiera eta esportazio ahalmena, langileriaren kultura eta klase kontzientzia, ekonomia sozialerako esperientzia aurreratuak, eguneroko bizimodu- eredu aurrerakoiak garatzeko ahalmena... Baina hauen aldamenean agertzen zaizkigu bestelako hauek: Estatuekiko lotura eta menpekotasuna, erabaki-ahalmenik eza, enpresario askoren jarrera atzerakoia …

Argi hitz eginda, eta Kutxabank esperientzia adibide: Euskal Herria berez marko sozioekonomiko propio bezalaeratzeko aukera eta abantaila ugarigure eskura ditugunean, bertoko sektore finantzari eta enpresari batzuk nahiago dute ez arriskatu, eta aita Estatu espainiarraren zopa lodian bazkatzen segi.Horrela beraiek lodi, herria hondatuz. Salaketa hauxe da: EAJ ari da sektore horien ordezkaritza politikoa burutzen.

Bide partekatuak konpromiso sakonak eskatzen ditu Euskal Herria esperantzazko etorkizun batean kokatu ahal izateko. Guztion esku.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.