Bizi dugun krisi global eta egiturazkoaren aurrean, XXI. mendeko nazioen Europak badauka berrikusi beharreko kontu bat: defentsa arloko gastu erraldoiak. Erdi Arotik eta XX. mendera dauzkagun eta monarkia absolutistetatik datozkigun armadek eta egitura estatalek baliabide ekonomiko handiak—beste arlo batzuetarako behar-beharrezkoak direnak— xahutzeaz gainera, modernizaziorako oztopoa dira, eta bide soilik politikoak erabiltzeko irizpidearentzat iraingarriak dira.
Armadak —30 dira Europako Batasunean— egotearen kontrako lehen arrazoia, beraz, ideologikoa da. Gai publikoetan erabakiak hartzeko bide soilik politikoak erabiltzea bakezaletasunaren irizpidean oinarritu behar da, min orokorra eragin dezaketen bideak baztertzean, horixe eragin baitezakete armadek.
Baina armada modernoen egituren zahartzikapenaren kontua ere hor dago, hainbat hamarkadatik datorkigun zerbait delako. Franco garaian Estatu Nagusiko arduradun izandako Manuel Diez Alegria teniente generalak Ejercito y Sociedad ('Armada eta Gizartea') izenburuko liburua idatzi zuen 70eko hamarkadan, eta bertan ondorioztatzen du ezinezkoa dela arsenal nuklearrak erabiliko diren gerrak gertatzea, eta beraz, eufemestikoki disuasio nuklearra esaten zaion horretik haratago, azpimarratzen du armada modernoek ez dutela ezertarako balio.
Paradoxikoki, Hirugarren Munduko azpiarmaden formula erabili dute indar kolonizatzaile ohiek, garatu gabeko herrialdeak ekonomikoki menderatzeko.
Arrisku nuklearra orokorra da eta, gainera, horixe da globaltasunaren kontzientziaren lehen oinarrietako bat: suntsitze orokorraren arriskua. Baina gerra-baliabideen erabilera mugatuaren ideia zaharkituta dagoela agerian geratzen da potentzia handiek parte hartzen duten gerra bakoitzean, Vietnamen hasi eta Afganistaneraino, porrot humano eta politikoak izaten bukatu baitira.
Hausnarketa hau urriaren 12ko indar armatuen egunaren harira dator. Espainiako Estatuak ia 5 milioi langabetu ditu eta egoera ekonomiko oso kezkagarrian dago; horregatik, mahai gainean jarri beharra dauka Armadako, Monarkiako eta antzeko gastuak bertan behera uzteko erabakia.
Bide soilik politikoak erabiltzeko irizpide bakezaleak behartzen du armadak eraisteko erabakiaren eztabaida soziala abian jartzera. Ezin da tabua izan. Indar Armatuen egunaren ospakizuna aukera paregabea da tabu hori gainditzeko.
Ez da erraza jakitea zenbatekoa den gastu militarra, horren atal asko oso ilunak direlako. Baina noizean behin beren garrantzia agerian geratzen da, gastu eskandalagarrietako batzuen berri jakiten dugunean.
«Bake Misioak» deitzen diren operazio horiek —NBE zuzendutakoak izan (Afganistan) edo NATOren zuzendaritzapean egindakoak izan (Libia)— ere zalantzan jarri beharrekoak dira. Ez bata eta ez bestea ez dira arrakastatsuak izan, eta eredugarriak ere ez. Guztiz kontrakoa. Gadaffi bide militarretatik agintetik kentzea edota Bin Laden edo bere ordezkoa Yemenen hiltzea ez dira mesedegarriak Al Qaedarekin edo mundu musulmaneko mobilizazio sozial eta zibilekin —XXI. mendeko iraultzetako bat dira— izan beharreko lehia ideologikoan.
Europak, tabuak alde batera utzita, mahai gainean jarri beharra dauka armadak, monarkiak eta bestelakoak eraistea, arrazoi ideologikoengatik eta sozialengatik.
Bide politikoak, eta armadak eraistea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu