Ezker abertzaleko militantea

Bidea ekinaz egina, beti!

Itziar Aizpurua Egaña.
2017ko azaroaren 6a
13:57
Entzun

Zenbat idatziko ote dugun katalandarrek zabaldu duten prozesuari buruz, inor ausartzen al da trabesa egiten?
Orain arte Europan ezagutzen dugun prozesu politikoetatik guztiz desberdina ageri zaigu Katalunian ari diren independentziaren aldeko bidea, Demokraziara zuzendua. Indiara, Ghandiren garaira jo beharko genuke antzekotasun bila, eta hala eta guztiz, ez du parekotasunik. Kataluniarrek bere prozesua XXI. gizaldian garatzen hasiak direnez Europaren bihotzean, bada, Indiarekin baino, Europarekin kontatu beharko dute garatu ahal izateko, guk bezala, ezer egin nahi badugu.

Guztiok dakigu, hasierako txanpainak dakarren aparra laster desagertzen dela, baina ez horrela ilusioak barne sendotasunean oinarriturikoa baldin bada. Eta, hori da hain zuzen, nire begiekin eta bihotzarekin ere, ikusten ari naizena garrantzizko egun hauetan. Espainiar erregimen ez-demokrata, atzeratu eta zaharmindua, Francoren herentzia gainetik astindu ezinik, egonezinean dagoela Kataluniatik jasotzen ari den haize freskoak min ematen baitio: Independentziaren aldeko jendea, ezkerreko, abertzale, eskumako, espainol ez-independentista... baina demokrata azken batean, beraz, elkartzen dituen ore horri nolaz aurre egin behar dio Espainiak?  Bada, dakiten eta erakusten ari diren era bakarrean, tamalez. Euskaldunok, eta Ezker Abertzalekook batik bat, ederki asko dakigun bezala: errepresio bortitzaz.

Honezkero, sinetsi ezin zuten katalandar demokratak konturatu dira luze joko duela Independentziaren aldarrikapenetik guztion herri independentera, subiraua izatera. Lehen aipatu dudan sendotasuna nabari diet herritarrei eta agintariei, eta bat datoz! Hau handia da, lagunok. Izugarria nire iritziz. Zintzo eta tinko ari diren itxura hartzen diot, beren asmoetan, gogo eta itxaropenetan, horregatik, ustea baino sinesgarritasun osoa dut irabaziko dutela!

Hau esan eta gero, gogoeta batzuk nahi ditut paper gainean jarri Euskal Herriari buruz, niretzat, aberriari buruz. Azken hirurogei urteotan Euskal Herriaren biziraupenerako, pertsona koherenteenak egin duten bidea kontuan hartzen badugu, bere kontraesan guztiak gainean ditugularik, Euskal Herria gaur dagoen egoerara bizirik ekartzea lortu dute! Euskal Herria ez desagerraraztea Espainiak asimilaturik. Inork esan al dezake bere burua engainatu gabe ez dela gauza asko?   

Hil ala biziko egoera luzea izan da belaunaldi batzurentzat. Eskuzabaltasunez egina, duintasun eta maitasunez, lurraldearen, hizkuntzaren, kulturaren alde, langileriaren defentsan ... Eta esan beharra dago, bide horrek etsai handiak sortzen dituela inguruan, hanka sartzeak ere egiten dira, noski, iraultza guztietan  munduan zehar gertatu den legez. Beraz, pauso aldaketa emateko denbora behar da, nahiz garbi daukadan, denborak ia beti borrokatzen duenaren kontra egiten duela.

Zer egin orduan? Besterik gabe aurrera? Orain ala kitto al da?
Katalandarren orduan ez dugu erlojua jarria, haiek 1978an gure orduan ez zuten bezala. Gogoan izan behar dugu, garai garrantzizko hartan, espainiar erregimen faxistak idatzitako konstituzioari  Euskal Herria soilik geratu zela onartu gabe, edo hobeto esanda, aurre egin ziola Espainiari Konstituzioa ukatuz. Katalandarrek onartu zuten, baita Erreforma frankista ere. Bi herri adoretsu hauen arteko desberdintasuna, ez da 78ko garaikoa. Herri biak dute historia eta ibilbide politiko desberdina, eta hala eta guztiz ere, eta guztiaren gainetik, senidetasun zintzoak lotzen gaitu bi herriei. Orain, une garrantzitsu honetan, gure aldetik, eskuzabaltasunez jokatuko dugu garena emanaz. Ez dut zalantza izpirik. Gainera, kontuan izan dezagun, Kataluniako independentziaren aldeko borroka bultzatzea gure independentzia bultzatzea dela. Haiei egiten dieten kalte eta ezartzen dieten trabak gure aurkakoak ere badirela.     

Gaur Euskal Herritik saiatzen ari garen borroka-aro honi ez nioke inondik inora ere bide aldaketa deituko, denbora berrietara egokitzea baizik. Nire ustez, behinik behin, lehengo lepotik dugu burua, euskaldunok diogun legez, nahiz, pauso aldaketak ajea sortu digun, GARAn irakurri dudanez... Irribar gaiztoa atera zait. Barkatu, lagun! Ajea?  Sekulako parrandan ibili gara eta!

Katalunian bizitzen ari diren prozesuak sortuko dieten kontraesan eta pauso aldaketak, garbi daukat zerikusi zuzena izango duela Euskal Herrian, eta espainiar estatuan, nahi eta ez! Geure herrian sinesten dugunongan eragin zuzena izango du, baita edozein pertsonarengan ere: izan abertzale, demokrata, ezkerreko,  eskumako edo espainol nazionalista. Ez alferrik, denok, batzuk eta besteok, estatu bateko biztanle gara. Hortik aurrera, nire ustez, desberdintzen gara, nahitaez. Desberdintasun handiena, une honetan Kataluniako prozesuaren eraginak bistan, azpimarraturik utzi digu: espainolak izatea ala katalandarrak, gure kasuan, euskaldunak.

Atarikoa al da demokraziaren alde egitea? Nire ustez, bildurik, baturik ikusi dut gure borrokaldi osoan, eta ez lehenago edo geroagoko zeregina. Bestela, zein motatako Subirautza, Independentzia eta Sozialismoa lor genezake benetako herri bat izan gaitezen? Demokrazia gehiengoaren agintea dela diote, baina, gizakiaren duintasunean eta gizaki bakoitzaren eskubide guztien errespetuan oinarriturik. Horrela ez balitz, edozein herrien Independentzia, eta independentziaranzko bidea laster joango litzateke pikutara, azken 40 urteotan ikusten ari garen bezala “Espainiako demokrazian”.

Hirurogeiko hamarkadatik gaur arte, ez nuen entzun, hain gartsu humanismoa defendatzen, gizakia oinarritzat harturiko filosofia, alegia. Ez naiz kontrakoa, alderantziz, baina, garbi utzi nahi dut nire aldetik, pertsonak ez garela arbolan jaio, eta haize boladak lurrera botatzen duen fruitua. Lurralde baten jaiotakoak, kultura baten hezitakoak, eta nahitasun eta ezintasunean bizitakoak garela. Horrek gizakiak egiten gaitu, eta, gainera, lurralde bateko gizakiak, ez bestekoak. Bakoitza nongoa den, zer ikasi duen, nola bizi izan den eta zein diren bere helburuak desberdinduko gaitu besteengandik. Noraino? Norberaren askatasuna eta duintasuna besteak horrela sentitzen duenean, eta alderantziz, orduan aske biziko ginateke. Noski, hori, gaur utopikoa da, niretzat behinik behin.

Ekiteko unea bizi dugu! eta orain arte ikusi eta ikasitakoari kasu eginaz, bidea ekinaz egina izaten da.

Ez dugu inoiz, borrokaren une bakoitzerako aurretik sekulako txosten eder, mardul eta  iraultzailerik prestatua izan. Eta praxiaren eraginaz Herriaren helburuak betetzeko behar zen ideologia osatu da beti.

Gizarte osoaren beharra dago herria antolatzeko, baina batez ere, gazteei kasu egin behar diegu geureganatzeko beren oraina, horiek baitira azken batean etorkizuna egiten ari direnak, gustatu ala ez, ulertu ala ez!  

Aurreko asteburuan, Reus-Debako topaketak antolatu ziren Deban, Reustik etorritako hirurehun bat lagunekin batera. Jai giroan: herri bakoitzak erakustaldia eman zuen kantaldi eta dantzan, historia, elkarrizketak, senidetasun bazkaria, eta azken agurra baino lehen, Reustarren ibilbide politikoaren azterketa kazetaria aurrean zutela. Ikasgai bi atera nituen: bat, gazteak ez daudela duela 40-50 urte zer gertatu zenari begira ezta zain ere, nahiz bere historia hurbila izan. Ez daude horretan denbora galtzeko, erakargarriago dute Whatshapa, bere bidez azkarrago heltzen direlako harremanetara eta esan behar dutenera. Eta ez dute arrazoirik falta!
Bi, ez zekiten zer gertatuko ote zen Katalunian, ezta hara helduta zerekin topo egingo zuten ere; hurrengo pausoa nolakoa izango zen, eta abarren ideia garbirik ez, baina, alaitasunez beteriko iraultza nahi zutela ageri zen, eta gogo biziz, barruan zeramaten indarra lagun, konpromisoaren bidetik, irabaziko dutela garbi ikusi nuen gazte horien begi eta hitzetan.

Beraz, ilusioz beterik utzi ninduten, eta horiek bezalako gazteengan uzten dut nire itxaropena, egunen batean, Euskal Herria askea izan dadin.

        

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.