Biktimak

Patxi Meabe Pako Etxebeste Arturo Garcia Ramon Balenciaga
2011ko urriaren 26a
00:00
Entzun
1.- Biktimei buruz hitz egitea edo idaztea, oraindik, nahiz eta, gaur egun, dirudienez, bake itxaropena izateko gero eta arrazoi sendoagoak dauden, gai delikatua eta, neurri batean, «kutsagarria» da. Nolanahi ere, guztiok dakigu ezinbesteko ikasgaia dela gizartea adiskidetzea nahi badugu. Hamarraldi luzeetako gatazka bortitz eta suntsigarriaren ondoren, adiskidetzea nahitaezko helburua dugu. Baina biktimak aintzat hartzen ez dituen adiskidetzea, berariaz ezagutza aitortzen ez diena eta, ahal den neurrian, izan duten galera osatzen eta erremediatzen saiatzen ez dena, motz geratzeaz gainera, bihotz-gabea litzateke. Ez da benetako adiskidetzerik izango biktima guztien errealitatea eta sufrimendua lasai, buru hotzez eta arrazoiz tratatzen ez den bitartean.

2.- Errealitate horren aurrean, beste ezer baino lehen gauza bat adostu behar dugu: zer esan nahi dugun «biktimez» ari garenean. Hasteko, ezin ditugu guztiak zaku berean sartu, biktimen tipologia desberdina baita erasoaren egilearen arabera: ETAren atentatu terroristak, segurtasun indarren errepresio jarduera edo GAL eta kideko beste talde batzuen gerra zikina. Jasandako galerak ere ez dira berdinak izan guztien kasuan: batzuk ez dago jada erremediatzerik, bizia galdu baitzuten, beste batzuek, bizirik geratu arren, disfuntzio fisiko eta psikologiko larriak pairatu dituzte. Familia bizitzan edo bizibide aldetik izandako eraginak ere oso desberdinak izan dira: familia batzuk zeharo jota geratu ziren; beste batzuek, aldiz, erreakzionatzen eta aurrera egiten asmatu dute. Biktima batzuk beren etxeak utzi eta alde egin beharrean gertatu dira, edo etorkizuna errotik aldatu zaie. Jaso duten ezagutza eta laguntzak ere ez dira berdinak izan: batzuei mota guztietako sostenguak eman zaizkie, beste batzuek, aldiz, marjinatuak edo guztiz ahaztuak izan dira. Ez dago bereizketarik egin gabe aintzat hartzerik biktimen mundu askotarikoa etaguztiz konplexua.

Kontu handiz ekidin beharreko beste gauza bat, norberaren ideologiatik edo aukera politikotik eratorritako biktimen kontzeptu selektiboa edukitzea da. Jokaera horrek «biktima» izena multzoaren parte bati soilik egoztera eraman gaitzake: hain zuzen ere, norberaren aukera edo orientazio politikoarekin identifikatzen diren biktimei. Hau da, «gureen» problematika eta sufrimendua bakarrik hartuko genituzke aintzat, «nire munduaren» hurbileko biktimekin izango nintzateke sentikor eta, bihotz-gogor, aldiz, «besteen» sufrimenduarekiko. Bereizteak ez du esan nahi kanpoan uztea. Errealitatearen ikuspegi inklusiboan —ez esklusiboan—, biktima gisa aitortu behar dira bizi izan dugun gatazka politiko-sozialetik eratorritako indarkeriak —bortizkeriaren nondik norakoa edo jatorria kontuan hartu gabe—eragindako sufrimendu bidegabe, larri edota itzulerarik gabekoaren esperientzia —pertsonala edo familiakoa— jasan duten gizaki guztiak.

3.- Ikuspuntu horretatik, ez da aldeztutako kausaren bidezkotasuna norbait biktima egiten duena, baizik eta eragindako sufrimenduaren eta kalteen bidegabekeria. Horregatik, biktimen gaiari heltzerakoan, gure herriak azken mende erdi honetako historian bizi izandako gatazka armatuak eragindako sufrimendu bidegabearen mapa zabala eta askotarikoa hartu behar da kontuan, oso-osorik. Indarkeria horrek izan dituen kostuak —pertsonen galerak, familiakoak, gizarte mailakoak eta ekonomikoak—, zoritxarrez, neurri eta garrantzi handikoak izan dira. Biktima asko daude, eta guztiei zor zaie arreta, hori bai, bereizketak eginez, justiziaz eta elkartasunez, bakoitzari dagokion proportzioan. Postura hau hartzeak ez du esan nahi biktima guztiak maila berean jartzea aldezten dugunik, edo bidegabeko erasotzaile guztiak berdinak direnik. Eta ez du bilatzen ere, «kausa» kolektibo baten erantzukizunean aienatuta, bidegabekeria zigor gabe geratzerik. Kontua hauxe da: biktima guztien sufrimendua aitortzea eta aintzat hartzea eta bidegabekeria egin zuten eragileen erantzukizuna kontuan hartzea.

4.- Ezaguna eta ohikoa da egia, justizia eta erremedioa trinomioa aipatzea gizarteak biktimekiko duen zorra formulatu behar denean. Azken aldi honetan laugarren faktore bat ere jartzen da mahai gainean: gertatutako eta jasandako indarkeriazko ekintzak errepikatuko ez diren bermea. Biktimek eta gizarte osoak egia jakiteko eskubidea dute; baita iraganaren errebisio kritikoa egitekoa ere; eta egindako gaitza eta pairatutako sufrimendua argitzekoa; zuzenbidearen eta justiziaren babesa izatekoa, dituzten auzi eta eskaera bidezkoentzat; jasandako kalteengatik —materialak edo ekonomikoak, psikologikoak eta sozialak—, ahal den neurrian, erremediatuak eta ordainduak izatekoa.

Baina ez da ahaztu behar ere, biktimak bere bizitza —pertsonala eta familiakoa— berreraiki beharko duela, ederki kostako zaion arren; bere historia eta etorkizuna garatu beharko ditu, zentzu berria emanez, bere baliabide pertsonalak eta beharrezkoak zaizkion sostengu guztiak erabiliz, bai hurbilekoenak eta bai gizarteak eskaintzen dizkionak. Ez dira zeregin errazak izango, denbora beharko du, piztuko zaizkion sentimendu kontrajarriei egin beharko die aurre, errudunen aurkako mendeku gosea gainditu beharko du, barruko gorrotoa eta herra baretu beharko ditu, modu eraikitzailean eta positiboan bizi nahi badu.

Prozesu luze eta neketsu hori oztopatua gerta daiteke biktimen egoera eta sufrimendua interes politikoen alde erabiltzen dutenen aldetik, edota biktimismoa sustatzen duten eta iraganeko gertaera mingarriak behin eta berriro plazaratzen dituzten kolektibo eta elkarteen eragin eta presioagatik. Biktimek, horrelako jarrerak ez baino, bizi duten egoerarekiko ulermena eta enpatia behar dute, guztien aldetik, hurbiltasun eta ezagutza keinuak, errespetu eta elkartasun agerpenak, gizartea adiskidetzeko lagungarri gerta daitezen. Adiskidetze hori guztiz beharrezkoa baita elkarbizitza baketsuagoa eraikiko bada.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.