Borroka egin dezagun gure eskubideen alde

Igor Urrutikoetxea eta Arantza Sarasola
2012ko urriaren 3a
00:00
Entzun
Gaur, urriak 3, Munduko Federazio Sindikalak (MFS) mobilizatzera deitzen gaitu langileok, pertsona guztiontzat oinarrizko eskubide unibertsalekin erlazionaturiko gaiak eskatuz: elikadura, ura, sendagaiak, liburuak, etxebizitza.

Eskariok gogorarazten digute sistema kapitalistak munduan milioika pertsonari, egunero, oinarrizko eskubideak ukatzen dizkiela. Europan egungo sistema kapitalistaren krisia gordinki pairatzen ari bagara ere, ez genuke ahaztu behar kapitalismoa, bere hastapenetatik, milioika pertsona egunero krisian bizitzera zigortu dituen sistema bidegabea dela.

Munduan egunero ekoizten den elikagai kopuruarekin gosea ezabatzea posible izango litzatekeen arren, egunero milioika tona elikagai merkaturako soberan omen daudelako bota egiten dira; 850 milioi pertsona gaizki elikatuak daude, eta kasu askotan goseak hiltzen ditu. Elikagai merkatuaren beharrak eta gizateriaren benetako elikatze beharrizanak ezer gutxi dute antzekorik, beraz. Honela, oinarrizko elikagaien salneurriak azken 30 urteetan ezagutu duten punturik gorengoenean izanik, txirotasunaren hedapena ere etengabekoa da; iaz, esaterako, 50 milioi lagun gehiago. Elikagaien prezioen gorakadak sektorean nagusi diren Nestle, Kraft Taldea, Pepsi, Coca-Cola eta gisako multinazionalen etekinak haztea ekarri du.

Antzeko zer edo zer gertatzen da munduko natur baliabide garrantzitsuenarekin, urarekin: 884 milioi pertsona daude ur edangarririk gabe, %39k oinarrizko saneamendurik ez du, urtero 1,5 milioi ume hiltzen dira... Eta, aldi berean, Munduko Bankuak, NMFk, sektoreko multinazional nagusienak (Bechtel, Suez…) uraren kudeaketa pribatizatzeko presio egiten ari dira. Hori gertatu da jada herrialde askotan, hazkundean dagoen negozioa sortuz, eta Troikak Greziarako idatzi duen Memorandumean ezinbesteko baldintza gisa agertzen da.

Oinarrizko eskubideak merkatu eremu berri modura ikusten dituen zoramen kapitalista honen testuinguruan kokatu behar dugu hezkuntza eta osasungintzaren pribatizazioa. Afrikan alfabetatu gabekoen portzentajea populazioaren herenera heltzen da, eta %18ra Asian, alfabetatutakoen %65 emakumeak izaki. Herrialde horietatik datozkigu daturik deigarrienak, baina Europan eta Amerikan ere hezkuntza tasen eta eskola materialen prezioa hazten ari da, eta irakasleek eskolak emateko gero eta baldintza kaskarragoak dituzte; laburbilduz, hezkuntza luxu bihurtzen ari da, gero eta pertsona gutxiagoren eskura dago. Dena den, hezkuntza publikoa, doakoa eta unibertsala eskatzea helburu duten Txileko, Quebeceko, Puerto Ricoko, Valentziako mobilizazioek edota datorren urriaren 11n Euskal Herrian ikasleek egingo duten grebak jarraitu beharreko bidea erakusten digute hezkuntza eskubideari uko egiteko prest ez gaudenoi.

Sektore publikoa deuseztatzeko estrategian botiken berrordaintzea dela-eta, langabeek eta pentsionistek, adibidez, arazoak dituzte kasu askotan horiek erosi ahal izateko. Ospitaleetako solairuak ixteak, bete gabeko postuak ez ordezkatzeak... Europa hegoaldean osasun baldintzak kaskartu dituzte (Grezian, adibidez, 2007tik hona bizi-itxaropena 2 urte jaitsi da). Hori guztia gertatzen ari da, eta eremuko multinazionalek, berriz, 78.000 milioi dolarretako etekinak —iazko datua— lortu dituzte, gure kontura eta lurralde behartsuenetan medikamentu generikoen hedapena galarazi ostean.

Halaber, etxebizitza luxuzko artikulu eskuraezina bilakatu da milioika pertsonarentzat. Kontrolik gabeko espekulazioak higiezinen burbuilara ekarri gintuen, egungo krisiaren sorburuan dagoena. Ondorioz, baliabiderik gabekoak etxetik kaleratzen dituzten bankuak erreskatatuak izaten ari dira diru publikoarekin, langileon diruarekin, etxetik kanporatuak direnen diruarekin.

Aipatutako guztiagatik, milaka langilek mundu osoan salatuko dugu elikadura, ura, osasungintza, hezkuntza eta etxebizitza ez direla oinarrizko eskubideak sistema kapitalistarentzat, multinazionalei, bankari, kapital handiari eta euren menpe dauden gobernuei etekin handia eman diezaieketen ondasun komertzialak baino.

Egia da. Geure eskubideen alde egunero borrokatu beharra dago, urte osoan. Joan den irailaren 26an borrokatu ginen bezala, eta grebaren arrakastak indartuta, LAB gaur ere kalean izango da politiken aldaketak eskatuz, bai mundu mailan (eta, horregatik, Erroman FAOren aurrean egingo den mobilizazioan ere izanen gara), bai Euskal Herrian. Argi daukagu gure Herrian aldaketa politikoak justizia sozialarekin lotuta egon behar duela eta horretarako hezkuntza eta osasungintza eraginkor, doako eta unibertsalak beharrezko direla, baita oinarrizkoak diren etxebizitza eta elikadura bermatuko dituen sektore publiko indartsua ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.