Eta ondoren, gorantz joango den borroka plan eraginkorra. Burgesiak ez du inolako asmorik langile klasearen aurkako erasoaldia leuntzeko. PPk onartutako lan erreforma frankismoaren bukaeratik langile klasearen eskubideen aurka egindako eraso handiena da. Erreforma honekin langileak inolako babesik gabe gelditzen dira, eta horrela errazagoa izango da enpresetan beldurra sartzea, lanpostuak mantentzearren soldatapekoak beren lan baldintzak okertzea onartzera eramanez.
Eskuinaren helburua enpresari handiek krisiaren erdian negozio handia egiten jarraitzea eta gero eta aberastasun gehiago poltsiko gutxi batzuetan pilatzea da. Horregatik, bai patronal espainiarra, CEOE, bai euskal patronala, Confebask, gustura daude berarekin. Confebaskeko Idazkari Nagusiak honela esan zuen: «Guk uste dugu erreforma honek biltzen dituen neurrien zati handi bat aspalditik ari zirela eskatzen enplegua sortzen dutenak, eta horiek euskal enpresariak dira».
Borroka eraginkor, bateratu eta masiboaren garaia da
Beharrezkoa da langile familien eskubideen aurkako erasoaldiak erantzuna izatea kalean, langile klasearen eta gazteriaren indar guztiarekin. Hala, martxoaren 29ko greba orokorraren deialdia pauso garrantzitsua izan da langileen kontrako erasoari gure aurkakotasuna eraginkortasunez erakusteko, eta goranzko borroka plan baten hasieran bihurtu beharko luke, langile guztiak eta beren familiak borrokara lotzeko. Helburu hau aurrera eramateko bidean, oso positiboa izan da ELA, LAB, CCOO, UGT eta CIGk, beste hainbat sindikaturekin batera, egun bererako deitzea greba orokorrera. Ekintza batasuna, langileen gehiengoa erakartzen duena, oinarrizko arma da elkartuta dagoen etsaiari aurre egiteko.
Diktaduratik ezagutzen ez genuen gogortasuna hartzen ari dira gaurko borrokak. Greba bat ez da nahikoa burgesiaren planak atzera botatzeko. Burgesia asko jokatzen ari da garai hauetan. Langileen borroka irabazle batek hankaz gora jarriko luke burgesiaren estrategia: krisia ahulenei ordainaraztea kapitalista handiek irabazten jarrai dezaten. Horregatik, garai honek borroka eraginkorragoa eskatzen du, Grezian ikusten ari garenez.
Euskal Herria Sozialistan uste dugu martxoaren 29ko greba orokorrak borroka, mobilizazio eta greba berrien plan bati lotuta joan behar duela, gero eta sektore sozial gehiagorengana heltzeko eta benetako errebolta sozial baten baldintzak sortzeko. Baina plan hau ahal den demokratikoena izateko, beharrezkoa da gazteen eta langileen antolakuntza maila handitzea. Horregatik, sindikatuek jendea greba eta manifestazio handietan parte hartzera deitzearekin batera, funtsezkoa da herrietan eta hirietako auzoetan, fabriketan, enpresetan, ospitaleetan, ikastetxeetan, etab., batzar publikoak bultzatzea, zer gertatzen ari den eta nola borrokatu eztabaidatzeko. Langabeek, etxetik botatzeko arriskuan dauden pertsonek, langile prekarioek, etab. beren adierazpenak egiteko toki bat izango duten batzarrak behar dira, kaleko erantzun bakoitza hobeto antolatzeko.
Borroka, programa iraultzaile eta sozialistari lotuta
Garbi dago borroka bera bakarrik, alternatibarik gabe, ez dela nahikoa. Eta alternatiba hau ezin da sistema kapitalistaren mantentzean geratu. Kapitalismoa mehatxu bat da gizateriarentzat. XXI. mendean, historian aurrekaririk ez duten garapen teknologikoarekin, ezagutzarekin eta ekoizteko baliabideekin, XIX. mendeko lan eta bizi- baldintzetara itzularaztea nahi dute kapitalistek Europan ere, zeren, zoritxarrez, munduko beste eremu batzuetan orduan bezala jarraitzen dute. Hauen irabazi nahia hainbestekoa da, ezen gizakien heriotzari buruz ere apustu eginez espekulatzen baitute Burtsan. Milaka pertsona lanik, etxebizitzarik eta etorkizunik gabe geratzen dira, sistema ekonomiko honen arauak eta legeak gutxi batzuen irabazi pribatuan oinarritzen direlako.
Eskubide demokratiko-nazionalen ikuspuntutik ere hauek lortzeko oztopo handiena sistema kapitalista bera da. Munduko hainbat naziok uneren batean izan duten subiranotasun apurra suntsitzen ari da. Grezia, gaur, praktikan, protektoratu alemaniar bat da. Hungaria, Errumania, Txekia… bezalako ekialdeko herrialdeak praktikan banku austriar, italiar, alemaniar eta greziarrenak dira. Irlandak, non kapitalista handi europarrek esku hartu duten,ez du benetako erabaki botererik bere aurrekontuetan, Portugalen bezala. Ez da posible subiranotasun politikoa kapitalaren diktaduraren oinarripean.
Errebolta sozialari elkartuta joango den programa alternatiboa beharrezkoa da gizartea aldatzeko: programa iraultzailea, sozialista. Zapalkuntza sozial eta nazionalaren arduradunak kapitalistak badira, oinarrizkoa da beren bankuak eta enpresa handiak desjabetzea eta hauek langileen eta gizarteko zapalduen kontrolpean jartzea, langileok gure esfortzuarekin sortzen dugun aberastasuna parasito gutxi batzuen zerbitzura egon ez dadin, planetako gizaki guztien bizi duinaren zerbitzura baizik.
Denak greba orokorrera martxoaren 29an
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu