Joan zen otsailaren 21ean, Espainiako Diputatuen Kongresuan, akordio batera heldu ziren Parlamentuko talde politiko guztiak, UPD eta Amaiur salbuetsita. Orduan, garrantzi berezia eman zitzaion lortutako adostasunari, ETAren arazoa behin betiko konpontzeko urrats gisa ulertu baitzen. UPDk nahi zuen bezala, Bildu eta Amaiur legez kanpo uzteko ahalegina eragozteko adostutako testua izan bazen ere, onartutako idatzia hainbat instantzia politikotatik behin eta berriro eskatzen ari zena betetzera etorri zen, adostasun zabaleko oinarri bat edukitzea bilatzen baitzen ETAren amaierara heltzeko urratsak non bermatu izateko.
Geroztik, martxoaren zortzian, lehendakaria mintzatu zen Eusko Legebiltzarraren osoko bilkuran eta garai berri baterako proposamena: memoria eta bizikidetza demokratikoa izenekoa aurkeztu zuen. Proposamen horren xedea honako hau litzateke: «Balio etiko eta demokratikoetan —tolerantzia, askatasuna, pluraltasuna, oroimena, justizia— oinarritutako gizarte berri baten oinarriak ezartzea», Diputatuen Kongresuan lortutako akordioaren haritik. Lehendakariaren hitzetan, «akordio xumea, baina denbora berri honetan bilatu behar dugun batasunaren hazi izango dena». Azpimarratzekoa da, gainera, lehendakariaren hitzaldian, alde batetik, Diputatuen Kongresuko akordioa gehiengo handi batek hartua izatea aipatu zela eta, bestetik, «denbora berri honetan bilatu behar dugun batasunerako» deia egiten zela.
Ikuspegi horretatik, komunikabideen iritzi orokorrari kasu egitera, ahaleginak huts egin zuen. Gero, juzgu hori leuntzen saiatu ziren; izan ere, behin-behineko egoera konpondu gabe bati egotzi zitzaion ETAren amaiera kudeatzeko legebiltzarreko foro bat eratzeko proposamenari ezezkoa eman izana. Ondorengo beste bilera batean, oztopo horiek gainditzeko itxaropena agertu zuten, esandako hitzaldian lortu nahi ziren helburu nagusiekin bat egitearren.
Nolanahi ere, harrigarria da Madrilgo akordioak piztutako euforiaren ondoren zeinen azkar etorri den Gasteizko Legebiltzarreko apalaldia. Hasieran, «baimendutako» ekimena zen, Madrilgo akordioaren ildotik zetorren zerbait. Horregatik, zilegi iruditzen zaigu galdetzea ea Gasteizko Legebiltzarrean gertatua pasarte bat gehiago den, aparteko garrantzirik eman behar ez zaiona eta berehala ahaztuko dena, ala, kontrara, aztertu beharreko beste auzi sakonago baten adierazpena den. Azpian, izan ere, sentiberatasun politiko guztiek, ezker abertzalea kanpoan utzi gabe, batera jardutearen auzia dago, ETAren arazoari behin betiko irtenbidea emateko. Gai honek orain artekoak baino planteamendu, azterketa eta konpromiso irmoagoak eta pentsatuagoak beharko ditu, bakea nahi dugula diogun guztiok geure egin beharko ditugunak. Asmo horrekintxe daude idatzita lerro hauek.
Behin hori jakintzat emanik, ezer baino lehen adierazi behar litzateke, inolako zalantzarik gabe, bakea «Estatuko auzi» gisa planteatu behar dela, eta ez «alderdiek» konpondu beharreko zerbait bezala, bistan dagoen arren, guztiengan izango duela eragina, baita alderdietan ere. Bakea, izan ere, denona izanik, guztion artean gauzatu beharreko zerbait da. Horregatik, komeni litzateke guztien onerako bakea ekartzeko tentazioa izan dezakeen inoren misio «profetikoak» bazter batera uztea. Hala jokatzeak, ezinbestean, arrisku nabarmena ekarriko bailuke: «bere» bakea izatea biztanleria osoari inposatzen zaiona.
Hau ez da hitz batzuk edo besteak erabiltzearen kontua. Errealitateak diosku guztiok ez dugula iritzi bera bake irrikatu horretara heltzeko erabili beharreko bideei buruz. Are gehiago. Bakea nahi dugula diogunean ere ez dugu guztiok helburu bakar batean pentsatzen. Demokraziari dagokion askatasunak izaera politiko —edo beste era bateko— posizio desberdin horien guztien zilegitasuna onartu behar du. Hala ere, bakeak denona izan nahi badu, denon artean egina eta denok onartua, bakea nahi duen herri oso baten perspektiban kokatu beharko du, nahiz eta guztiak bat ez datozen hitz horrekin adierazi nahi denaz. Alderdiek eta haiek sostengatzen dituzten sentiberatasunek errealitate horren jakinaren gainean egon behar lukete eta haien ardura da, hain zuzen ere, beren alderdiko posizioak gainditurik, baketzeari dagokion Estatu politika adostea eta gauzatzea, nahiz eta «alderdi» politikaren joera, ezinbestean —eta zilegi da hala izatea— zatiketa sortzekoa izan ohi den.
Hori ere kultura politikoa da, azken batean, guztiok herri bakarraren parte izatearen eskaera baita, herri «osoari» dagokiolako botere politikoa. Alderdiek horrela ikusi behar lukete auzia, eta horrela adierazi.
Guztiontzako izango den bakea sortzera bideratu beharko den ahaleginak eskatzen du guztiei aitortu beharko zaiela helburu hori lortzen laguntzeko eskubidea, hala banaka nola taldeka. Ez du inolako zentzurik gizarte demokratiko bati dagozkion giza eskubide guztiak aitortzen zaizkien pertsonei bakea egiten laguntzeko eskubidea ukatzeak, kolektibo gisa, ustezko eta frogatu gabeko susmo kolektibo batzuk direla kausa. Susmo horiek, benetakoak baldin badira, banaka zigortu ahal daitezkeen erantzukizun penalen pean egon beharko bailukete.
Arrazoi frogatu eta zigorgarriak direla-eta galarazita ez daukaten herritar guztiek izan behar dute bakearen sorreran parte hartzeko eskubidea, eta berorren eskaeretara makurtu beharko dute, gizarte baketsu bat sortzeko guztion konpromisotik eratorriak izango direlako eskaera horiek eta, ondorioz, guztiek beren gain hartu beharrekoak. Guztiek atera behar dute onura bake egoera horretatik. Sortuk ere gozatu behar lituzke gizartea bakean eratzera bideratutako eskubideak, aukera politiko desberdinen pluraltasunetik abiatuta, baina guztiak bat etorriz bakea egiteko eta bakean bizitzeko partekatutako bide eta betebeharretan.
Denon bakea, guztiontzat
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu