Gu bizi garen gizarte moderno ustezko honetan, gero eta ohikoagoa da dena transformatu eta eraldatu behar izatea, besteak beste, kontsumitu behar ditugun janari eta edariak, elikagaiak, hitz batez. Hemen ez da libratzen ia-ia inortxo ere.
Egia da, bai, tamaina txiki batean, behintzat, gero eta produktu biologiko edo ekologiko gehiago kontsumitzen direla, baina, betiere, oraindik neurri oso txiki batean, batez ere, ekologikoak ez diren beste produktu horien kontsumo kopuruarekin alderatzen baditugu.
Dieta mediterranearrari buruz hitz egiten ere behin baino gehiagotan entzuten edo ikusten dugu pertsona bat baino gehiago, baina oraindik nahiko gutxiengo txikia da. Hala eta guztiz ere, nik zerbait esan beharko banu gai horren inguruan, adieraziko nuke bide horretan barna joan beharko genukeela, gutxi gorabehera, gure osasuna pixka bat zaindu nahi badugu behinik behin.
Gainera, erantsiko nuke, garai batean, gure arbasoek eta guk gerok ere, txikitan ezagutu genuen elikatzeko modua, Euskal Herrian bertan ere, oso antzekoa zela, gaur egun dieta mediterranearra deitzen dugun horrekin alderatuta, alegia, elikagaiak industrialki manipulatu gabeak, intsektizidarik, herbizidarik, koloragarririk eta kontserbagarririk gabeak, eta abar, besteak beste. Ulertzen dut gizarteak aurrera egiten duela, eta horrela egin beharko duela gainera, baina, beti izanen da ezinbestekoa minimo batzuk errespetatzea arlo guztietan, baita elikaduraren alorrean ere, bestela, gero eta agerikoagoak dira, gure gaurko gizarte honetan, sortzen ari diren gaitz eta arazo berri, moderno eta larriak, bizimodua gero eta sedentarioagoa den honetan, konparaziora, minbizi gaizto berriak, gizenkeria, eta bat eta beste.
Horiek horrela, nik pentsatzen dut, beganoen bizimodua ere oso gomendagarria dela, hau da, erabat begetarianoak direnena, zeren eta, alde batetik, beraiek elikatzen baitira modu oso osasungarrian, eta, bestetik gainera, animalien eskubide unibertsalak bete-betean errespetatzen dituztelako. Nik neronek ere, gutxi barru 30 urte beteko ditut, era nahiko begetarianoan elikatzen hasi nintzenetik, eta oso gustura nago; ez dut batere asmorik uzteko edo aldatzeko, hobetzeko ez baldin bada behintzat. Eta, gainera, adierazi beharra daukat, azken 5-6 urteotan asko hurbildu naizela beganoen bizimodura ere, konbentzimenduz, eta oso pozik eta harro sentitzen naizela neronen buruarekin horregatik guztiarengatik, eta are gehiago oraindik, kontuan hartuta neronek ezin dudala gimnastikarik eta ariketa fisikorik egin.
Jarraitzeko, aipatu dudan azken ideia horrekin lotu nahi ditut hurrengo azalpenak, alegia, gaur egun mundu osoko edozein sendagile eskudunek esanen digu, pertsona guztientzat erabat gomendagarria dela, osasuntsu bizi ahal izateko, kirola egitea, soinketa egitea, oinez ibiltzea, bizitza patxadaz hartzea, erlaxatzea, bizimodu orekatua eramatea, ongi lo egitea, eta abar. Eta era berean, ez direla batere gomendagarriak honako produktu hauek, batez ere kopuru handitan, hots, tabakoa, alkohola, azukre zuria, itsasokoa ez den gatza, ogi zuria, irin osokoak ez diren janariak, gozoki finduak, kafea, tea, txokolatea, beste droga mota asko, eta abar.
Laburbilduz, esan liteke, hemen azaldu dudan moduan bizi izanez, elikatuz, ibiliz eta jokatuz, askoz ere aukera handiagoa dugula osasuntsuago bizi izateko eta, aldi berean, arazo gutxiago edukitzeko gaixotasunak direla eta.
Baina, goiburuari ongi erreparatu baldin badiozu, irakurle horrek, erraz konturatuko zinen pluralean jarri dudala, eta zergatik?, ba, beste mota bateko dietak ere badaudelako, besteak beste, Yolanda Barcina Angulo andreak, Nafarroako Foru Erkidego honetako lehendakari buruargiak, eta beste pertsona buru azkar batzuek ere hartu —lapurtu?— dituztenak. Dieta horiek ez dira lehengoak bezain gomendagarriak, hasieran gizenarazten dizute poltsa, baina, gero murrizten dizute boto kopurua eta, gainera, denen aurrean gelditzen zara lotsagarri.
Bizi ongi, osasuntsu, zoriontsu eta ahal bada, euskaraz.
Dietak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu