Ekologiatik ere euskararen alde

Mikel Insausti Muguruza.
2011ko abenduaren 2a
00:00
Entzun
Abenduaren 3a izendatu digute berriki Nazioarteko Euskararen eguna, ospatzeko eta hausnarketa egiteko ere egokia dena. Urteko egun seinalatu bat izatea euskara bultzatzeko beharrean gauden seinale argia da, egoera normalizatua izatetik urruti gauden adibide. Baina, bestalde,alde baikorretik begiratuta,behar horretaz jabetu eta euskararen aldeko neurriak eta konpromisoak hartzeko balioko duela sinetsita, bizitza luzea opa diot egun horri.

Euskararen aldeko hamaika aldarri eta konpromisoen artean ekologiatik egiten zaiona azpimarratu nahi dut artikulu honetan. Batek baino gehiagok pentsatuko du azak eta porruak nahasten ariko naizela ekologia eta euskara loturik. Ez da ba horrela!

Abiapuntua argia da. Aniztasunaren aldeko neurriak hartzeko aldarria, alegia.

Bioaniztasuna bezalaxe, hizkuntza aniztasuna arriskuan dago. Gure espeziearen ezaugarri berezkoena da hizkuntza. Komunikatzeaz gain, sortzeko eta izateko beharrezko dugu gizakiok eta herriok hizkuntza. Bada, adituek diotenez, 6.500 hizkuntza inguru ditugu munduan, eta horietatik %90 desagertzeko arriskuan daude. Gaur egun, hilero bi hizkuntza desagertzen ari omen dira munduan. Kontuak ateratzen jarrita eta erritmo honetan jarraituko badugu, datorren 2012. urteko Euskararen egunean 24 hizkuntza gutxiago izango ditugu, hemendik hamar urtera 240 hizkuntza galduta eta mende honen bukaerarako 2.136 hizkuntza desagertuta. Hotzikara emateko modukoa.

Beste datu interesgarri bat: munduan bioaniztasun gehien dagoen lurraldeetan dago hizkuntza aniztasunik handiena. Zergatik ote? Ez dago loturarik?

Hirugarren puntu bat. Ingurumena eta bioaniztasuna babesteko hainbat printzipio —subsidiariotasun printzipioa, prebentzio printzipioa, mundu gero eta globalizatu batean hizkuntzen jasangarritasuna bermatuko duen garapen eredua—, irizpide —planteamendu ekosistemikoa kasu— eta neurri babesle —proiektu handien inpaktuak neurtzeko ebaluazioak, hizkuntzen arrisku mailako sailkapena...— erabilgarri edo inspiratzaileak izan daitezke, analogikoki, hizkuntza aniztasuna babesteko ere.

Mundu mailatik gurera etorrita, euskara hizkuntza gutxitua da bere ekosistema propioan eta ekosistema bera gero eta konplexuagoa da. Beste hiru hizkuntza handi eta indartsuen artean bizi da, espainiera eta frantsesa ukipen egoeran, alde batetik, eta ingelesa beharrezko bihurtu zaiguna, bestetik; bestalde, eta ikerketek diotenez, 100 hizkuntza etorri berri identifikatu dira Euskal Herrian. Testuinguru horretan, Euskal Herrian hitz egiten diren hizkuntzen arteko harremanak orekatuak izateko, euskarak, gure «espezie endemikoa», sustapen neurriak behar ditu maila guztietan, hasi erakundeetatik, segi gizarte mugimenduetatik eta bukatu gutako bakoitzaren hizkuntza erabilera jarrera eta ohiturekin. Hiztun eleaniztun eta euskaldunak behar ditugu.

Euskararekiko eta Hizkuntza Ekologiarekiko konpromiso horri ere estuki heltzen dio Kutxaren Ekoguneak (www.ekogunea.net). Hala, energia berriztagarriak, kontsumo jasangarria eta beste ildoren artean, Kultur eta Hizkuntz Aniztasuna ildo estrategikoa dugu abian. Hizkuntza-Ekologia erakusketa irekiko dugu urte batzuk barru Kutxa Ekogunean eta, bitarte horretan, pauso txiki eta konkretuak emanez, fruituak jasotzen hasiak gara beste erakundeekin elkarlanean abiatutako proiektu eta egitasmoekin.

Hizkuntza Ekologiari buruzko jardunaldi eta ikastaroetan parte aktibo gara, Eusko Ikaskuntzarekin, UEMArekin eta Soziolinguistika Klusterrarekin elkarlanean, besteak beste.

Bestalde, Euskararen egun honen harira eta Donostiako Euskara Patronatuarekin batera, antolatutako Euskararen Ginkanak izandako arrakastari erreparaturik, nabari da euskaldunok euskararekiko dugun jarrera aktiboa.

Eta nola ez, garapen jasangarrian eragiteko hezkuntzak duen garrantziaz jabeturik, gazteei zuzendutako Gazte Ekoliderrak trebakuntza proiektuan, zein 50 eskolatan baino gehiagotan martxan den Berde-Berdea ekimenean Hizkuntza-Ekologia jorratzen da, hizkuntza aniztasuna zer den, zer gertatzen ari zaion mundu mailan zein Euskal Herrian eta nola izan gaitezkeen hizkuntza ekologista ikasteko helburuz.

Gonbidatzen zaituztet, beraz, gure proiektu horiek ezagutzera eta ekologiaren aldeko jarrera, printzipio, aldarri, protokolo edo neurri babesleak munduko hizkuntzekiko ditugunekin alderatzera, analogiak egitera, kritikoak izatera, baliagarriak izan daitezkeen desberdintasunak eta berdintasunak bilatzeko ariketa egitera. Azken finean, gure ekosistemara eta hizkuntzara etorriaz, eta ekologiaren maxima erabiliaz, globalki pentsatu eta tokian ekin behar badugu, alderantziz ere tokian pentsatu globalki ekiteko, euskaraz egitera eta bizitzera garamatza ekologismoak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.