Errausketa? Badago alternatiba gehiago

2012ko urtarrilaren 6a
00:00
Entzun
Gipuzkoako 2012ko aurrekontuen akordioa dela eta, berriro zaborren eztabaida pil-pilean jarri da Gipuzkoan, bereziki izateko zaborren kudeaketaren itxiera faseari dagokiona eztabaida. Badirudi sei hilabete izango ditugula aurretik, dauden jarrera desberdinak hurbildu, eta Gipuzkoarako kudeaketa egokiena eta eraginkorrena ezartzen saiatzeko. Ausartuko nintzateke esatera inoiz baino hurbilago egon daitekeela zaborren eztabaida honen amaiera, eta eztabaida antzu eta faltsuak albo batera geratzear egon daitezkeela. lurraldeko indar korrelazioak alde batetik, eta eguneroko errealitate gordinak, bereziki, oraindik indarrean ditugun zabortegi zaharkituen egoerak, muturreko jarrerak alboratzera behartzen gaituztelako. Zeren, zaborren esparruan ere, errezeta magikorik ez dago. Errezeta magikorik ez, baina alternatiba bakarrik ere ez. Are gutxiago, teknologia egunez egun, abiadura ikaragarrian eboluzionatzen ari den mundu honetan. Eta zalantzarik gabe, teknologia eta azpiegiturak behar beharrezkoak ditugu zaborra kudeatzeko. Zaborra biltzearekin, nahiz eta bilketa hau ahalik eta modu selektiboenean eta egokienean egin, tratatu beharra dagoelako. Biltze soilarekin ez delako desagertzen.

Gipuzkoan daukagun egoera kezkagarria da: eredu zaharreko zabortegiak irekita, zaborrak kanpora eramaten; atez atekoaren eta 5. edukiontziaren arteko eztabaida faltsua; tokian tokiko bilketa selektibo onena bultzatzeko sistemak bideratu beharrean; errausketa ardatz duen, makro-azpiegitura erraldoiek utzitako bankuen menpeko hipoteka ekonomiko eta araugilea...

Orain arte egindako bidetik, emaitza positiboak izan dituzten prozesuak eta sistemak aprobetxatu beharra dago eta eginiko akatsak baztertu. Prest egongo bagina muturreko jarrerak eta bakoitzaren proiektua bere osotasunean aurrera ateratzeko egoskorkeria albo batera uzteko, gure lurralderako adostasunean oinarrituko litzakeen kudeaketarik ekologiko, ekonomiko eta sozialena lortzeko gai izan gaitezke. Kudeaketa bere osotasunean hartuta, eraginkortasuna energetiko altuenean, zaborren minimizazioan ahalik eta birziklapen handienean eta teknologia aurreratuetan oinarritutakoa izan beharko luke aukera horrek. Betiere, azpiegitura kutsakorrenak, hots, errausketa, alboratuz eta materia desberdinen bilketa selektiborako, sistemarik egokienak erabiliz, toki bakoitzeko errealitatera egokituz. Erdibide horretan zabortegiak beharko dira, oraindik ere, ez delako zabortegirik gabeko kudeaketarik asmatu, baina zabortegi horiek eredu berriko zabortegiak izango lirateke: inerteen zabortegiak.

Egon badaude, alternatiba bat baino gehiago. Egon badaude beste eredu batzuk zaborrei kudeaketa integral bat emateko: hasi zaborren sorrera gutxitzetik, birziklapenean sakonduz eta bukaera fasean, itxierarako beste azpiegitura mota batzuk erabiliz. Esaterako zergatik ez gasifikazioa? Aurretik tratamendu termiko mekanikoa ezarriko litzaioke zaborrak gehiago bereizteko (geiser box bezala ezagunagoa), metalak kentzeko eta homogeneizatzeko. Gasifikazio plantan galdutako beroa bidera genezake energia beharrak asetzera.

Egia da zenbait lekutan badagoela oraindik halako mesfidantza bat gasifikazioaren inguruan, batik bat Ingalaterran. Hori zergatik da? errausketa teknologia hornitzaile askok (Compact Power, Lurgi...), beren errausketa prozesuak zertxobait aldatu, eta gasifikazioa deitu izan diote mozorrotutako errausketari.

Argi dago, ordea, oso prozesu ezberdinak direla funtsean, eta hala onartua dago. Errausketan, konbustioa gertatzen da, airea prozesuaren gai garrantzitsua delako. Gasifikazioan, ez dago konbustiorik, airerik ez dagoelako. Oinarrizko fenomenoak erabat ezberdinak dira. Ez da dioxinarik, furanorik... sortzen, haiek sortzeko baldintzarik ez dagoelako. Oxigenorik ez badago, ez dira sortzen.

Benetako gasifikazio bat, eta errausketa kamuflatu bat bereiztea, erraza da: sortzen den gasa, distantzia batera dagoen motor batean erabil badaiteke, orduan gasifikazioa da. Sortzen den gasa, ia labean bertan erre behar bada, hori errausketa optimizatu bat da, lehen esan bezala, batzuek gasifikazio deitzen dioten arren.

Errausketaren helburu energetikoa beroa sortzea da, lurrin turbina batekin elektrizitate bihurtu ahal izateko (oso efizientzia baxua). Gasifikazioan, berriz, helburua erregai gaseoso bat sortzea da. Gero gas hori, normalean elektrizitatea sortzeko erabiltzen da gaur egun (errausketa baino bastante efizienteagoa da), baina erabil daiteke ere gas sarean sartzeko edo erregai likidoak sintetizatzeko (etorkizun hurbila), erregai fosilak ordezkatzeko baliokide askoz altuagoa lortuz.

Gainera, eskala txikiagoan errausketa planta baino bideragarriagoa da, beraz makroazpiegiturak ekidingo genituzke eta hurbiltasun printzipioa errespetatu.

Ikusten den bezala, errezeta magikorik ez, baina egon badaude hainbat eredu zaborren kudeaketarako. Esandakoa adibide bat izan daiteke, errausketatik haratago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.