1998aren amaierako amesgaiztoa biziberritu zait. Denboraigaro arren, ongi oroitzen dut Anoetako partidu hura: UEFAko final-zortzirenetako joanekoa, Reala eta Atletico de Madril aurrez aurre. 15 urte nituen, eta aitarekin nintzen estadioan; 20. minutuan Atleticoko zale kaskamotz talde handi bat oihuka sartu zen: Espainiako konstituzio-aurreko banderekin, svastikekin, eskuin besoak altxatuta agur nazia eginez…guztia Ertzaintzaren babespean. Liskarra nahi zuten, antza, eta, egun hartan egin zituzten mehatxuak errealitate bilakatu ziren, zoritxarrez, 15 egun geroago: Aitor Zabaleta errealzaleari eraso zioten, eta erail zuten. Sinestezin bezain tristea. Estatuko justiziaren erantzuna bezala.
Aurtengo UEFAko finalean, talde bereko zaleak konstituzio-aurreko bandera berdinak zabalduta ikusteak duela 14 urteko hotzikara garratz hura sentiarazi zidan berriro, eta kezka eragin. Are arduratuago jarri ninduen Frantziako hauteskundeetan , Le Penen FN ultraeskuindarrak izandako igoerak: botoen %18 eta hirugarren indarra. Harrigarria, hauteskunde lelo nagusia etorkin denak kanporatzea izanik. Greziako bozetan jazotakoa ildo berean doa, Egunsenti Urrekara alderdi neonaziak lortutako 440.000 boz direla medio (%6,7). Bere hautagaiaren lehen agerpenak argi utzi du euren jarrera: «Liderrari» errespetua agertzeko, kazetariak zutitzera behartzea; Grezia oihan bilakatu omen duten etorkinen aurkako mezuak; hondo beltzaren gaineko svastikaren oso antzeko ikur zuri handia…
Krisi ekonomikoak bizi baldintzak okertzea ekarri duen heinean, muturreko jarrerak berpizten ari direla dirudi, XX. mendearen hasieran legez. Hala, errazena da benetako erantzuleei aurre egin ordez, amorrua gizarte talde ahulenengana (erru gutxien dutenengana) zuzentzea.
Besteak baino gehiago sentitzea; pentsamendu, arraza desberdineko oro gorrotatu eta umiliatzea; arrazismoa; faxismoaren gorazarrea; taldeko jarrera oldarkorra… Europako gune askotan hedatuz doan zentzugabekeriaren,irrazionaltasunaren adibideak. Norberaren ahultasunak, ezintasunak eta arazoak estaltzeko aitzakia hutsalak. Gizarte batek (eta hezkuntzak) izan dezakeen porrotik handiena.
American History X filmaren amaierako esaldi gogoangarriaren oihartzunak gero eta ahulagoa dirudi azkenaldian: «Gorrotoa zama astuna da. Ez du merezi. Bizitza laburregia da denbora guztia amorratuta, haserre ibiltzeko. Ez dugu zertan etsai izan, kide baizik».
Eskuin muturra
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu