Estatu terrorismoa

Xabier Makazaga.
2011ko uztailaren 9a
00:00
Entzun
Deustuko Unibertsitatean Etikako Katedradun den Xabier Etxeberriak dio bi terrorismo mota daudela. Batetik, «Estatuaren aurka motibazio politikoz diharduten talde armatuena», eta bestetik, «Estatuak berak eragindakoa giza eskubideak larriki urratzen dituen indarkeria erabiliz, zeinaren adibide okerrena tortura baita —Estatu terrorismoa—».Eta onartzen du «bai ETAk bai Estatuak [terrorismoaren] biktimak eragin dituela».

PSOEk biziki goraipatzen du Etxeberria jauna, oso gogoko baitu ETAren biktimei buruz duen diskurtsoa, baina ez dio kasu zipitzik egiten Estatuaren biktimei dagokionez. Partidu horrek zeharo ukatzen baitu Espainiaren Estatu terrorismoa. Bai gaur egungoa, bai iraganekoa. Horregatik arbuiatu du terrorismoaren biktimak izan zirenik Gasteizen 1976ko martxoaren 3an poliziak eraildako bost langileak. Eta beste milaka asko.

Helburu nabarmena du PSOEk, bizi dugun gatazka politikoa guztiz ukatzea, eta, horretarako, kosta ahala kosta ezkutatu behar du Estatu terrorismoa. Eta bereziki haren adibide okerrena den tortura, horretarako berriro ere Xabier Etxeberriak dioenarekin guztiz kontraesanean jarri behar badu ere. Honek baitio gaitz hori «ez dela baztertu, ezkutatu baizik», eta horren eragina tinko salatzen du: «Ezkutukoa izate horrek, batetik, torturatzailearen inpunitatea bermatzen du, eta, bestetik, izan daitekeen babes falta handienera kondenatzen du biktima, ez soilik torturatua izateko orduan, baita egin diotenarengatik justizia eta erreparazioa eskatzeko orduan ere».

Horren aurrean, tortura desagerrarazteko borrokari eusteko garrantzia azpimarratzen du, gomendatuz «ageriko egin dadin saiatzeko, jendeak jakin dezan, lau haizetara tinko zabalduz», baina PSOEk hain justu guztiz kontrakoa egiten du. Tortura kasuak ahal bezainbeste ezkutatu eta nazioartean tortura desagerrarazteko lanean diharduten erakunde guztien gomendio eta irizpideei muzin egin.

Horrela, torturaren milaka biktimei gezurretan jardutea aurpegiratu die, inkomunikazioak ia beti ezinezko egiten dituen frogak exijituz. Eta torturarekiko jarrera ukatzaile nabarmen batean gotortu da. Izan ere, torturatzaileek behin betiko kondena jasotzen duten kasu bakanetan besterik ez baitu onartzen tortura edo tratu txarrak izan direnik, Estatuak kasu horietan inongo erantzukizunik izan duenik ukatuz gainera.

Ukazio horren gezurra begi bistan geratu da espainiar Gobernuak kondenaturiko torturatzaile horietako gehientsuenak indultatu izan dituenean. Baita birritan segidan indultatu ere, José Domínguez Tudaren kasuan bezala. Eta bai torturatzaile horiek bai besteak ere mailaz igo, kondekoratu eta ardura handiko postuetan jarri izan dituztenez, zeharo argi geratu da Estatuaren babes osoa izan dutela eta ez direla inolaz ere sagar ustel batzuk izan.

Torturarekiko PSOEk duen jarrera ukatzaile hori zeharo kontrajarria dago Xabier Etxeberriak defendatzen duen beste ideia garrantzitsu batekin ere. Honek baitio eragindako kalte guztiaren onarpena ezinbestekoa dela Euskal Herriak bizi duen gatazka politikoa gaindituko bada. Bi aldeen onarpena, jakina. Giza eskubideen urraketa guztiak, eta haiek eragindako biktima guztiak, jasoko dituena.

Bada, alde batek bere erantzukizuna inoiz ukatu ez duen bitartean, besteak uko borobila eman ohi dio berea onartzeari. PSOE pausotxo batzuk ematen hasia da Estatuak eragindako «motibazio politikoko biktimen» ponentziarekin, baina oraingoz uko egiten dio azken 25 urtetan halako biktimarik izan denik onartzeari eta oso beldur naiz ez ote duen jarraituko gezurrean eta jarrera ukatzailean gotorturik Estatu terrorismoaren biktima gehientsuenei dagokionez. Eta zer esanik ez PPri buruz.

Horregatik da hain garrantzitsua exijitzea Egiaren Batzorde bat lehenbailehen osa dadin, gatazkak iraun duen hamarkada hauetan gertaturiko guztia argitzeko. Biktima guztiek hain beharrezkoa duten onarpena eta erreparazioa jaso dezaten. Guzti-guztiek. Eta ezinbestekoa da halaber behin eta berriro salatzea, ETAk aldebakarreko su-etena arduraz betetzen duen bitartean, Estatuak bere aldetik, treguan ez dagoela harro esanez, inpunitate osoz jarraitzen duela torturatzen. Eta beste hainbat giza eskubide larriki urratzen.

Dena den, ez dut inolaz ere uste gaur egungo egoeran luzaz horrela jarraitzerik izango dutenik. Egia da are tortura salaketa gehiago izan dela ETAk ekintza armaturik ez egitea erabaki zuenetik, baina argi ikusten dut Estatua egokitzera behartua dagoela eta luze gabe terrorismoa alde batera uztea beste erremediorik ez duela izango. Arrazoia sinplea da: Estatua emaitzei begira bizi da, kostu/irabazi balantzeari begira, eta egungo egoeran harentzat gero eta kostu handiagoa izango du politikoki Estatu terrorismoak.

Ez ahal naiz oker ibiliko!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.