Euskal estatuaren ezinak eta nahiezak

2011ko irailaren 10a
00:00
Entzun
Aspaldi honetan, behin edo behin defenditu izan dut independentzia, kontrarioak zirenen aurrean... inoiz nire zalantzak ezkutatu gabe.

Zalantzak, independentziaren aukerari buruz, eta zalantzak, batez ere, Estatu batek ekarriko lizkigukeen onureninguruan —independentzia defenditu izan dut; ez su beraz inoiz ere Estatua.

Zalantza biok azaltzen zaizkit orain ere (orain, ez dakit zergatik euskal Estatuaz gehiago mintzatzen den uneon; ez dakit zergatik zeren, ez baitut ikusten duela urtebete baino Estatu bat izatetik hurbilago gaudenik).

Euskal Estatua ez da laster batean daitekeena. Batetik, ez dugulako nahikoa indarrik egiten. Bestetik, ez dugulako munduan aliatu garrantzitsurik batere.

Batez ere aurrenekoagatik. Ez dut ikusten sinesmen handirik... batez ere, partido politikoetan; haietan, zoritxarrez, lagata daukagu-eta politika, gehienbat.

Hortaz, orain-oraintxe, hobea dugu ilusiorik ez egitea.

Zierto: baliteke, zenbait hamarkadaren buruan, norantz horretan indar eginez gero, Estatu bat izatea. Alabaina, mundu-krisi handi bati lotuta baino ez dut aukera hori ikusten.

Bitartean, Estatu «burges» bat izanen litzateke aukera bakarra. Eta hori ez da posible, EAJk ez duelako Estatu bat nahi. Interesek, komodidadeak eta beldurrak Espainian ondo atxikita daukate.

Guztiarekin, ez da gutxi, egun batean, Estatu batek ekar leizagukeena. Batetik, betiko «otsoek eskutik hartu gabe» ibili ahal izatea. Ederra neritzoke, alde horretatik, gure artean guardia zibilik ez izateari eta abar. Bide beretik, euskal Estatuak «Estatuen kontzertuan» nor izatea ekarriko luke; euskararen zahartzaroa goxa lezake, eta beste.

Halatan ere, Estatu batek nekez emanen digu orain galtzen ari garena (galduxe duguna): geure izatea bera.

Bagarena gara. Gure oraingotxe ahaleginean eta esfortzuan gara bizirik, edo ez... Orain hil antzean bagaude, berriz, zer dela-eta biztuko gara Estatu berezian? Estatuak emanen ote digu bizia? Orain (kulturaz, harremanez) miseria handian bagaude, zer dela-eta osatuko gara Estatu batean?

Esperantza, agian, politikaz ari, herri-batzarreetan dago. Batzarreak, baina (auzolanak bezalaxe), mugak muga, orain landu daitezkeenak dira. Haiekin batera errespetua, maitasuna, bertutea... orain lan ditzakegu.

Alabaina, tokian tokiko batzarreek gobernatutako demokrazia nekez biziko da Estatu batean. Izan ere, Estatua, eta herri-demokrazia, ez dira batera datozenak.

Ondo ikusita, mundu-krisiari lotzen badugu euskal Estatuaren izatea (ez naiz-eta lotura hori egiten duen bakarra), berdin lot dezakegu mundu-krisi horri Estaturik gabeko herri-izate bat.

Zeren, krisi hori, ezerrena edo inorena bada, ez baita kapitalismoarena bakarrik izanen: izanen da Estatuena ere (hain dira Estatua eta kapitalismoa batera datozenak), eta, halako krisi batean, bada, ezker-jendeak bederen, kapitalismoaren alde eginen ez lukeen bezalaxe, zer dela-eta egin behar luke Estatuaren alde?

Bagarelako gara. Egiari, gure izatemoduari eta gure legeei begiratzen diegulako (begiratzen baldin badiegu); arian ari garelako ere (ari baldin bagara). Bihar Estatu bat izatearekin, deusetan ez gara abantzatuagoak edo hobeak izanen.

Mendez mende, Estatutik kanpo bizi izaten ahalegindu gara... arrakasta ez-osoaz, bistan dena; hala ere, nola-hala geure eskuko izaten permititu digu ahalegin horrek.

Estatu propioak, ez bakarrik ez liguke zertan geure eskuko izaten lagunduko, baina, herria (nazioa) behin-betikoz bere menpe jarriko luke.

Sistema ez-kapitalista batean kapitalismoaren baitakoak diren, eta hartan baino zentzurik ez duten tresna batzuk (hala nola auto partikularra) bistatik gal genitzakeen era berean, sistema demokratiko batean Estatua ere bistatik gal genezake.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.