Euskal idazleak burua jasotzen duenean

Pako Aristi
2012ko otsailaren 5a
00:00
Entzun
Euskal idazleak burua idazmahaitik jasotzen duenean, zer ikusten du bere begien aurrean? Duela hamarkada asko ikusten zuen panorama ber-bera: hizkuntza hegemoniko bat, espainola (Iparraldean frantsesa bezala, baina Hegoaldea dut nik ezagun), eta menpeko hizkuntza bat, euskara, legez, aurrekontuz eta ahalmenez ongi eta gogor mugatua, idazlea, bere sormen orduan askea bada ere, lana plazaratu orduko menpeko izaki bihurtzen duena automatikoki.

Hizkuntza orok dauka bere historia, eta historia horren arabera izango du sostengua eta zabalkundea emango dion botere bat. Hizkuntza babesten duen botere kuota hori nolakoa den, horrelakoa izango da bere hedapen soziala. Inongo hizkuntzak ez dufuntzionatzen botere baten bermerik gabe, eta esaten denean hizkuntza bat ez dela modernoa eta garatua, esan nahi da ez daukala bere garapena eta gaurkotasuna bermatuko dituen botere bat atzean.

Gizartearen gunean ezarriko duen boterearen dependentzian bizi da hizkuntza baten hedapena, garapena eta eboluzioa. Estatu zentralista eta hegemonikoak hizkuntza zentralista eta hegemoniko bat ezarriko du, eta estatu horrek, hegemonikoa ez den beste hizkuntza baten garapena ez du baimenduko. Estatuek ez dituzte jasaten hizkuntza hegemonikoa oztopatzen duten hizkuntza arrotzak.

Aurrena hizkuntza horiek deusezten saiatzen dira. Lortzen ez badute, hurrena mende asko iraun ditzakeen kanpaina gogorrari ekingo diote, hizkuntza horiek gutxietsiz, hiztunei iseka eginez eta hiztun horien herrialdea probintzializatuz eta basatitzat aurkeztuz propagandaren bidez.

Honek guztiak huts egiten badu, azkenean gaurko egoerara iritsiko gara: estatuak nolabaiteko tolerantzia bat erakusten du hizkuntza horiekiko, baina estu mugatu eta zedarrituko ditu, mugiezinak diren hesiak jarriz haien zabalkundeari; egoera horretan, hamarkada askotan hizkuntza horien hazkundea ez da izpi bat baino izango. Elebitasun asimetrikoa? Ez. Elebitasun desorekatua; desorekatua eta desorekatzailea.

Euskara babesten duen boterea ahula da, oso baliabide eskasak dituen autonomia bat besterik ez; Espainiako sistema politikoak emandako azpi-sistema bat, estatuak zorrotz zelatatzen duena. Euskaldunok ez dugu inongo botererik gure esku, baizik eta estatuak utzi eta baimendu dizkigun eskumen apur batzuekiko kudeaketa besterik ez, erabat botere zentralaren mendekoa dena. Mendeko botere bati mendeko hizkuntza dagokio.

Estatu hegemonikoak beti kamustu eta uzkurtu egingo du mendeko hizkuntza: legeen bidez, parlamentu autonomikoek onartutako erabakiak errekurrituz; komunikabideen bidez, mendeko hizkuntzaren aurkako giroa sortuz eta agerpen-kuota txikietara baztertuz; politikaren bidez, ospearen kontra eginez; eta propagandaren bidez, bere aurkako kanpainak antolatuz.

Horrela, mendeko hizkuntzak harremana galtzen du bizitzarekin, desagertzen da piramide sozialaren gailurretatik; euskararik ez dago epaile, abokatu, mediku, kazetari, enpresari eta abarren ahotan. Euskararik ez darabilte Basque Culinary Centerren.

Estatuak frogak jartzen dizkio etengabe mendeko hizkuntzari: frogatu behar du, etengabe, modernoa dela, zientzietarako balio duela, erakargarria dela. Biolentziaz inposatutako hizkuntza nagusiak seduzitzeko gaitasuna eskatzen dio hizkuntza menderatuari.

Hala esan zuen Hizkuntza Politikarako Sailburuordeak euskararen egunean: «Jendea erakarri egin behar dugu modu onekin eta formak zainduz. Jendeak ikusten duenean euskara modernoa dela, eguneratua dagoela, bizitzarako edozein alorretarako balio duela (…) jakin-minarekin hartuko dute». Ez al zen aspaldi frogatu euskara modernoa dela? Hizkuntza menderatua beti dabil frogatu beharrean beharrezkoa dela mundu honetan bere existentzia.

Herrialde serioek bere kultura bultzatu eta subentzionatu egiten dute, batetik bere herrian existitu dadin, eta bestetik kanpoan ezaguna izan dadin. Gure herria ez da serioa. Eta zer ezberdintasun du serioak diren herrialdeekin? Bakarra: estatua. Estatua duten herrialdeak errespetuz hartzen dira beste nazioetan, ez da kuestionatzen haien kultur politika, edo dirua zertan xahutzen duten. Horregatik gu ez gaituzte seriotzat hartzen, ez bada Espainiako estatuaren baitan, hortik sari nazionalen pisua, kanpoan aurkezten gaituena.

Norvegiako gobernuak argitaratzen diren ia liburu guztien mila ale erosten ditu, liburutegi sarean banatzeko. Laguntzak ematen ditu, baita ere, liburuak itzultzeko eta atzerrian argitaratzeko. Herbjorg Wassmo idazleak ukatu egiten du hori protekzionismoa denik: «Horri esker gure liburuak berdin aurki litezke Moskun edo Madrileko Retiron. Ez du merezi bere kultura babesten ez duen herri bat defendatzerik. Estatuak jakin behar du inork bainolehenago artistek lana egin eta bizi egin behar dutela». Lau milioi eskas dituen hizkuntza da norvegiera, baina a zer lekua duen munduan! Dio Wassmok: «Hain hizkuntza txikia izanda, pentsatu nahi dut gure literatura, ez exotikoa soilik, baizik eta ona delako zabaltzen dela mundura». Subentzioak goraipatzen ditu, beren kalitatearekiko konfiantza erakusten du, nola? Naturaltasun osoz. Guk ez daukagun naturaltasun batekin.

Ni harritzen naiz hemengo idazle, zutabegile eta gogoetagile gehienek, Joseba Sarrionandiari emandako Euskadi sariaren istiluaren aurrean, kasu, esaten dutenean politika ez dela hizkuntzarekin nahastu behar. Justu kontrakoa denean: ekimen politikoak soilik salbatzen eta hedatzen ditu hizkuntzak munduan. Horrela izan da nazio guztien historian. Hona zer zioen El País egunkarian berriki Martin Davidson British Council-eko zuzendariak: «Lan kulturala politikoa da, eta zerikusia du nazioen eta pertsonen artean eratzen diren harremanekin».

Botere politikorik gabe, hurrengo 100 urtetan izpi bat bat baino ez du aurrera egingo euskarak. Eta mendeari izpiarekin erantzuten dion hizkuntzak ez du bi menderen beharrik izango desagertzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.