Politikagintzara hurbiltzeko hamaika arrazoi izan nituen, baina nire lehentasunen artean ez zegoen euskal hiztunen eskubideak defendatzeko beharrizana. Garai hartan Euskal Herri independente, sozialista eta euskalduna amesten nuen; eleaniztuna behar zuen Euskal Herri euskalduna, alegia. Politikaren jardunean aritu naizen urte hauetan euskara izan da nire hizkuntza aldarrikapenak plazaratzeko, bai zinegotzi moduan eta baita legebiltzarkide moduan ere. Eta hasieran uste nuen, buruan nituen beste aldarrikapenak gauzatu ahala, euskal hiztunen eskubideen errespetua ere lortuko genuela.
Baina ohartu egin naiz eta onartu egin behar dut Legebiltzarrean izan dudan azken hiru urteotako esperientziak neure itxaropena zapuztu duela. Euskadiko parlamentuan bizi izan dudanak eta entzun izan dudanak desengainua bizkortu du. Jardunean aritu ostean, uste dut euskarak eta euskal hiztunen errespetuak ere nire politikagintzaren muinean egon behar duela, badakidalako euskaldunoi gure nazioaren eraikuntzan berez ez zaigula ezer oparituko.
Euskara Euskal Herriko berezko hizkuntza dela onartzen du Euskal Autonomia Erkidegoko Estatutuak, eta euskara, gaztelaniarekin batera, ofiziala dela. Egia esan, urrutiegi geratzen zait Gernikako Estatutua, gure belaunaldikoek ez baikenuen hura bozkatzeko aukera izan. Gainera, gaur egungo marko juridikoa ezartzeko zaharkitua dagoela iritzi diot. Baina badira Gernikako Estatutua behin eta berriro ahotan izaten duten agintari politikoak. Gorazarre egiten diote, bertan jasotzen den funtsezko ideia batbetetzen ez duten arren. Hobe lukete, gorazarre egitea erabakitzen badute, euskara ikasteari ekitea!
Horren adibide dira bukatzear dagoen Eusko Jaurlaritzan izan diren agintari ugari. Lehen aipatu dugun moduan euskara herri honen berezko hizkuntza bada, jarduna bukatzear duen Jaurlaritza ez genuke herri honen gobernutzat jo behar. Jaurlaritzak, oro har, ez du euskara berezko hizkuntza moduan erabili, ez du euskaraz ezer sortu. Itzulpengintzarako hizkuntzatzat utzi du. Legebiltzarrean jorratu ditudan gaietan behintzat (osasuna, azpiegiturak, garraioak, etxebizitza, ingurumena, energia…) Jaurlaritzak aurkeztu dizkigun jatorrizko dokumentu guztiak gaztelaniaz landu izan dira, eta kasu hoberenetan euskarazko itzulpena eman izan digute (inoiz, gaztelaniazko dokumentuarekin batera; lantzean behin, gaztelaniazkoa aurkeztu eta aste batzuk beranduago, talde parlamentarioek eskatuta; eta kasu gehienetan, oraindik euskarazko alea itxaroten gaude).
Bizi izan dudan egoera azaltzeko, adibide ona izan daiteke Legebiltzarreko Osasun batzordean gertatutakoa. Bada, aipa dezakedan lehenengo adibidea pediatria zerbitzuaren harira izan genuen eztabaida da. Alderdi Popularreko bozeramaileak baieztapen borobila eta sakona bota zuen halako batean: euskarak du EAEn dagoen pediatra gabeziaren errua. Alegia, medikuei euskara eskatzeak du errua. PPko bozeramaile baten ahotik atera zen arren, PSEko bozeramaileek ere men egin zioten astakeria horri. Bi alderdi horien nahia beteko balitz, Euskadi litzateke munduko herri bakarra zeinean medikuei ez litzaiekeen berezko hizkuntza ofiziala jakiteko eskatuko. Bada, uste dut jada hori bera kasu askotan betetzen dela Osakidetzan. Osakidetzako zerbitzu askotan, erabiltzaileek ez dute euskaraz arreta jasotzeko aukerarik. Eskubidea egon badago; baina baliabiderik ez. Eta ez da kontrakorik gertatzen gaztelaniarekin: mediku guztiek baitakite gazteleraz. Beraz, PPren eta PSEren arabera, pediatrei hizkuntza ofizial biak eskatzeak dauka pediatra gabeziaren errua.
Euskara errudun moduan aurkezten diote gizarteari. Eta, astakeria astakeria izan arren, jende askok sinetsi egiten du, politikari horiek barne. Entzungor egiten diete datu eta ikerketei: Las Palmaseko unibertsitateak 2006 eta 2030 bitartean estatuko medikuen premia aztertu zuen ikerketa batean. Horren arabera, Euskadi beste erkidego gehienen gainetik dago, pediatra kopuruari dagokionez. Gaztelan, Errioxan eta Murtzian, esaterako, pediatra gabezia askoz ere nabariagoa da. Erkidego horietan ere hizkuntza eskakizunak du errua? Argi dago ezetz. Medikuen aldizkari espezializatuak irakurriz jakingo dugu egia: mediku espezialisten plazak ezartzerako orduan sortzen da arazoa.
Bigarren adibidea, Osakidetzako programa-kontratua berritzearekin batera heldu zitzaigun. Osakidetzaren zerbitzuen kalitatea urtero ebaluatzen da programa-kontratua deritzon dokumentuaren bitartez. Bertan ezartzen dira zerbitzuaren kalitatea neurtzeko parametroak. Osasun Sailak erabaki zuen euskarak ebaluazio horretatik kanpo egon behar zuela eta parametroetatik atera egin zuen. Erabaki hori indarrean dagoen normalizazio-dekretuaren aurkako erabakia da argi eta garbi. Dekretu horrek azpimarratzen du herritarrei osasun arreta hizkuntza ofizial bietan eman behar zaiela eta eurekin komunikazioa gaztelaniaz eta euskaraz izan behar dela. Alegia, komunikazioaren kalitatea eta zerbitzuaren kalitatea hertsiki lotuta daudela, logikoa den moduan.
Erabaki horrek ondorio nabarmenak izan ditu: lehenengoa, ez da euskara Osakidetzaren zerbitzuen berezko osagaitzat joko eta, beraz, Osakidetza erdaldundu egingo da, euskara hizkuntza arrotza izango baita; bigarrena, Osakidetzak euskararen normalizazioa sustatzeko eta ebaluatzeko tresna on bat galdu du; hirugarrena, aurrekontu gutxiago egongo da euskararen erabilera sustatzeko; eta laugarrena, horren guztiaren ondorioa, zerbitzuaren kalitateak okerrera egingo du, gerta baitaiteke herritar euskaldun batek osasun arreta bere hizkuntzan ez jasotzea.
Gai honen inguruan Aralarrek hainbat galdera egin dizkio Osasun sailburu Rafael Bengoa jaunari. Bere erantzuna hurrengoa izan da, euren filosofiaren eredugarri: «algunos queréis correr demasiado con el tema del euskara, otros queremos hacer las cosas bien». Gorri jarri gabe bota izan du esaldi hori hamaika aldiz. Ez al daki Autonomia Estatutua 1979. urtean onartu zela, Euskararen Normalkuntzarako Legea 1982tik indarrean dagoela eta Osakidetzako Euskararen Erabileraren normalkuntzarako Dekretua 2003tik existitzen dela? Legea betetzea da eskatzen duguna, denbora egon baita legea betetzeko.
Euskararen zokoratzearen hirugarren adibidea aipatuko dut bukatzeko. Legegintzaldi osoan PPk errepikatu duen mantra bat da, PSEren laguntza eta morrontzarekin: euskara baloratuegi egon omen da lan eskaintza publikoetan. Hori frogatzeko, PPko legebiltzarkideek grafiko xaloak ekartzen zituzten Osasun batzordera. Euskara jakiteak puntu gehiago ematen du master bat izateak edo ingelesa jakiteak baino. Baina konparazio hori asmo txarrarekin egiten den susmoa dut. Bestela, zergatik ez da euskara eta gaztelania maila berean jartzen? Eta zergatik ez da gaztelaniaren balorazioa zein den azaltzen? Alegia, gaztelania jakitea derrigorrezkoa da Osakidetzan lan egiteko; mediku batek ezin dezake Osakidetzan lan egin gazteleraz ez badaki, beste dozena bat hizkuntza eta dozena erdi master izanda ere; euskara jakiteak, aldiz, puntuatzeko bakarrik balio du. Ez du ba legeak esaten hizkuntza ofizial bietan osasun arreta ere jasotzeko eskubidea dugula?
Ba, badirudi hiru urte eta erdi iraungo duen Legegintzaldi honetan atzera egin dugula euskararen defentsan. PSE konbentzitu du PPk, EAE erdalduntzeko bidean eskutik joan baitira. Egia da Patxi Lopezen gobernuak bere hitza bete duela: euskara askatasunean praktikatu behar da, bai, baina eurentzako euskara askatasunean praktikatzeak euskara zokoratzea esan gura du.
Euskaldunen Legebiltzarrean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu