Petra Elser.

Euskara eta lana III

2012ko irailaren 28a
00:00
Entzun
Imajinazioa buruko irudiak sortzean datza. Irudikapenetik berrikuntzarako bidea egin ohi da talde osoa irudi bera ikusteko gai izan eta hura hezurmamitu arte ekiteko aukera duenean. Ariketa interesgarria beraz, «Euskaldunok»— (euskal hiztunon zentzuan)— edo «euskal komunitateak» zer irudikatzen dugun esaten dugunean. Ba al dago irudi kolektibo bat, dagoena islatzen duenik edo berrikuntzara eramaten gaituenik? Hala ere, kanpotik iristen zaizkigun irudien isla ere bada irudikatzen dugun hori. Bakoitzak moldatzen, osatzen eta sailkatzen du informazioa, bere irizpideen arabera, baina iristen zaigunak elikatzen ditu gure irudiak.

Euskaldunen gaurko irudi publiko nagusia hiru eremuk osatzen dute, nire ustez: politikak, hezkuntzak eta kulturak. Abertzaletasunak eraman zuen euskara eremu politikora eta abertzaletasunarekin estuki lotuta sortu dira euskal kulturaren mugimenduak ere, herrikoia lehen eta intelektuala geroago. Frankismoaren trantsizioan Ikastolen aldeko mugimendua izan zen euskaldunen irudi ikusgarriena, eta gaur egun ere euskara asko lotzen da haur eta gazteentzako jarduerekin.

Hala ere, jende asko politikarekin nekatuta dirudienez, euskara han eta hemen beste sokatira batzuen ordezkari sumatzen duenez eta euskarazko hezkuntza lurralde batzuetan eredu publikora pasatu denez (eta beste batzuetan trantsizio aurreko garaira bueltatu), eta eskolen bitartez gizarte euskalduna sortzeko ere hutsuneak agertu direnez, une honetan, kulturak dirudi nortasun kolektiboaren faktore eraginkorra.

Adibideren bat: Jon Sarasuak BERRIAn 2012ko abuztuaren 7an esana: «Azken hamarraldietan euskaldun izateko ez dugu egin soilik hezkuntza estrategiengatik, baizik eta baita euskarazko sorkuntzagatik ere. Elikadura sinboliko bat eman digute sortzaileek gure burua hor ikusi eta eraikuntza sistema batean parte hartzeko. Horregatik sorkuntzak ere badu zeregina hiztun komunitatearen amets honetan».

Garai batean, mespretxu gisa, euskara baserritarren eta arrantzaleen hizkuntza zela esaten zen. Orain, lan-mundua euskaldunen mapatik desagertu egin dela dirudi.

Lan-mundua deitzen den hori, hots, enpresaritza, ekoizpena, lanbideak, ekonomia-eremuak... ia-ia ez da euskaldunen komunitatearen irudi publikoan agertzen; nire ustez ezta buruko irudikapen kolektiboan ere, ez bada zerbitzu publikoari dagokion hizkuntza-eskakizunaren bitartez. Horrek ez du esan nahi sektore pribatuan euskara ez dagoenik edo euskaldunak ez daudenik. Euskal hiztunak leku guztietan daude, baina kontua da nola definitzen duten beren burua leku horietan, zein hizkuntzatan, eta zer isla publiko duen izaera horrek.

Enpresa sektorean komunitate euskaldunaren estrategia landu eta zabalduena, une honetan, euskara planak deiturikoei dagokiena da. Ez dute ikastolak bezainbesteko onarpena, hizkuntza eskubideari dagokion justiziaren oinarria, eta oraindik eta gutxiago kulturak bezalako distira. Euskara planek, nahiz eta sektore estrategiko batean mugitu, itzaleko existentzia grisa daramate, zama edo betebehar antzeko zerbait, teknikarien eta erakundeen guneetara mugatua. Herritar arruntari euskara plana zer den galdetuko bagenio, seguruenik %95ek ez lukete erantzuten jakingo.

Zergatik? Gaia publiko zabalari komunikatzen ez zaiolako.

Hala ere, izen ezezagun horren atzean potentzial handia ezkutatzen da, nortasun kolektiboan eta herri eraikuntzan ere zerikusirik duena.

Euskara planek euskararen ezagutza, erabilera eta hiztunen jarrera lantzen dute enpresetan. Prozesua ez da bakarrik euskaldunentzat; euskaldun-erdaldun sailkapen horretako estereotipoak ere jokoan jartzen dira, hizkuntzei dagokienez langile guztiek dituzten gaitasun eta potentzialak abiapuntutzat hartuz. Norberak uste duena baino askoz gaitasun profesional gehiago duela deskubri dezake bakoitzak bide horretan: ulermen intuitiboa, komunikazioa, sorkuntza, konponbiderako gaitasuna, ohitura aldaketak, talde lana, eta abar.

Gaur egun enpresek eta lan merkatuek gehien baloratzen dituzten kalitate ezaugarrien artean daude aipatu gaitasun horiek. Gero eta beharrezkoago dira enpresetan arlo ezberdinen arteko zehar-lanak gauzatzeko, giza-gaitasunean eta sormenean oinarritutako eraldaketa prozesuak burutzeko, komunikazio gaitasuna elikatzeko...

Lan-munduko bilakaerak gizarte osoan du eragina. Euskaldunentzat oso gako garrantzitsua da lan-munduaren bilakaera gurekin ala gu gabe gertatzea. Euskaraz bizi ahal izateko lan eremua estrategikoa da, baina Euskal Herriko biztanle guztiek (erdaldun eta euskaldunek) eta enpresek berek ere asko dute irabazteko bide horretan.

Nazioarteko harremanetan ingelesak espazioa irabazten duen heinean, zuzeneko harremanetan tokikotasunak garrantzi gehiago hartzen du. Baita lan-prozesuetan, bezeroekiko harremanetan eta produktuen nortasuna bereizteko unean ere.

Euskarak balio batzuk transmititzen ditu, mendeetan zehar sortu direnak: nortasuna, gertutasuna, mundua ikusteko modu bat, komunitatea, horizontaltasuna... Gainera, nahiz eta gure irudikapenean oso presente ez izan, hizkuntza gutxik lortu dute bazterketa egoera batetik abiatuta nazioarteko industria-lurralde garrantzitsuenetako bateko muturreko teknologietan, komunikabideetan eta enpresa elkarte handietan presente egotea.

Lan-munduko estrategiak, lorpenak eta ekimenak gure irudikapen kolektiboan sartzeko, lehenengo eta behin komunikatu egin behar dira, festak, masa ekitaldiak edo bestelako kanpainak komunikatzen diren bezala. Eta euskara planak eta antzeko prozesuak enpresetako hormen barruan ez gelditzeko, gizarteko beste sektoreetan ere txertatu egin behar dira eta herriko plazara eraman.

Zentzu horretan, pauso bat da Bai Euskarari Ziurtagiriaren Elkarteak, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin elkarlanean, zerbitzuak euskaraz eskaintzen dituzten enpresen lehenengo azoka, urrian Donostian egingo duena, enpresa, langile, instituzio eta elkarteen arteko saretze lana bultzatzeko. Pauso garrantzitsu bat, irudikapena eta sabela betetzeko, berrikuntzaren bidean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.