Biblian jasotzen denez, Abrahamek bere seme Isaac sakrifikatzeko asmoa zuen, hari esan gabe Jaungoikoari eskaintzera zihoan sakrifizioa semea bera zela. Agindu jainkotiarra betetzeko prest zegoenean, aingerua agertu zitzaion, esanez: «Ez egin minik mutikoari, dagoeneko badakit Jainkoaren beldur zarela, ez baitiozu ezetzik esan zure seme bakarra niri emateari». Tamalez, testu biblikoak asteotako egunkarietako azalekin antzekotasun gehiegi ditu.
Espainiako Erresumako Presidente Mariano Raxoik lepora zuzendutako labankada eman die herritarrei, murrizketa,BEZaren igoera eta kotizazio sozialen beherakada —langileen soldataren zati bat jaitsita— deitu arren. Erasoa justifikatzeko, Aznarren ondorengoak «sakrifizioa onartu eta zerbaiti uko egiteko» unea heldu dela ziurtatu zuen, bestela «sakrifizioak alboratu eta guztiari uko egin» beharko litzaiokeelako. Banka ahalguztiduna odol eske ari da, eta ez du inongo aingerurik bidaliko Abrahamen eskua geldiarazteko. Herria da bere kateak eskatu beharko dituena, sakrifizioak orain onartzeak guztiari uko egitea ekarriko baitu.
Raxoik esan zuen Espainiari eman beharreko laguntzak inposatutako baldintzarik ez zuela izango. MoU deritzona (Ulermenerako memoranduma) ikusi ostean, PPko buruzagiak banan-banan jarraitu dituen eskakizun guztiak jasotzen direla egiazta daiteke; gezurretan ari ziren beraz, zigor bikoitzarekin gainera. Laguntza ez da Espainiarentzat, Alemaniako banku eta zordun diren banka pribatuko gainerakoentzat baizik. Gainera, ezarritako baldintza zorrotzek gutxien dutenak are okerrago egon daitezela besterik ez dute eragingo, Espainiako Erresuma beste erreskate baten atarian jarrita zorra ordaintzerik ez duenean. Europako Banku Zentralaren, Europako Batzordearen eta Europako Banku Agintaritzaren eskutik etorriko da inposatutako baldintza guztiak zintzo betetzen diren ikuskatzea.
Greziaren finantzak kontrolatzen dituen troikak ez bezala, zor pribatuaren zama arintzea proposatu berri duten NDFako ortodoxoak Europako Banku Agintaritzarekin ordezkatu dituzte, finantza sisteman egonkortasuna eta gardentasuna sustatzeko helburua omen duena baina Londresko City ilunean egoitza duena.
BEZaren igoera benetako labankada da, herritar guztiek modu berean ordaindu beharko dutelako, beren gaitasun ekonomikoa edozein izanda ere. Nekazaritzan eta abeltzaintzan erabilitako lehengaiak, esaterako, %8tik %21era igoko dira. Montorok, tartean, errugabeek bekatariengatik ordaindu beharko dutela onartu du (BEZarekin iruzurrean ari direnak eta amnistia fiskala darabiltenak, edota Erresumako hiriburuko hamaikagarren saio olinpikoa babestearen truke kenkariak baliatuko dituztenak). Kotizazio sozialen beherapena ere badakar erasoak, pentsio sistema publikoari kalte egin eta langabezia saria seigarren hilabetetik aurrera murriztuta, existitzen ez den enpleguaren bilaketa sustatzeko aitzakiapean. Murrizketek 65.000 milioi euro aurreztea dute helburu, baina ahaztu egiten dute sozialki zein ingurumenari begira sostengaezinak diren obretan zein armada, monarkia edo senatua bezalako eremuetan murriztea. Jaitsi egin dute, halaber, funtzionarioen soldata (parte bat bankari oparituta) eta aniztasunari zein kontrol politikoari ere kalte egingo diote, zinegotzien %30 murriztuta.
Pentsa zitekeen dagoeneko guztien kontra egin dutela, baina, tamalez, seguru gaude murrizketak ez direla horretara mugatuko: pentsioak jaistea eta erretiro adinaren atzeratzea bizkortzea laster izango ditugu mahai gainean.
Maastrichteko Ituna, Lisboakoa eta ukiezina zirudien konstituzioaren erreforma defizit publikoari muga jartzeko. Horiekin guztiekin, urratsez urrats, Espainiako Erresumak politika ekonomikoa egiteko berezkoak zituen lanabesei uko egin die. MoU memorandumak Espainiako finantza sistemak bete beharreko 37 baldintza zehazten ditu; are gehiago, jaso gabeko edozein neurri hartzeko asmorik izango balu, gobernuak jagoleei ohartarazi beharko lieke. Burujabetza laga dutela erakusten dute Margallo ministroaren hitzek «subiranotasun nazionalaz hitz egitea ergelkeria» zela esan zuenean, «partekatutako subiranotasunen munduan bizi garelako».
Memorandumak, halaber, aurrezki kutxek bankuen gainean duten jabetza %50aren azpitik mugatzera behartzen ditu. Espainiak horretarako beharra ezarriko du legez, eta, hori gertatzen denean, euskal kutxek Kutxabank kontrolatzeari utziko diote eta gizarte ekintza galtzetik urrats txiki batera egongo gara. Horrela, agerian gelditu da Gipuzkoako erakunde sortzaileen pribatizazioa saihesteko asmoz negoziatutako mugak ez direla nahikoak izan, are mingarriagoa dena banka publikoa inoiz baino beharrezkoa denean.
Konponbidea, berriz ere, hartu izan diren neurrien kontrako norabidean doa. Zergatik bultzatu zituen Europak fusio berriak, aurretik zabaldutako kezka finantza erakundeen tamaina zenean eta, ziotenez, erortzen uzteko handiegiak zirenean? Banka pribatua erreskatatu aurretik, aztertu beharko litzateke zergatik herritarren lepotik ordaindu behar den. Ackermannen banka alemaniarrak zor hori erosi zuenean, ez omen zekien ezinezkoa izango zela bueltatzea? Ikuskaritza egin beharra dugu, zorraren zein parte den zilegi erabakitzeko eta, horren arabera, zer ordaindu eta zer ez.
Etortzeke dauden politikek eta esku-hartzeek mozkinak eta finantza errenta jartzen dute beste ezeren gainetik. Austeritatea, eskubide murrizketak, pribatizazioak; guztiak dira gizarte desjabetze eta harrapakaritza politikak. Konponbidea errenta zein aberastasunaren eskutik etorriko da, eskubide sozialak indartzetik. Ez dugu sakrifiziorik onartuko, ez jainkoaren, ezta bankaren izenean ere.
Ez dugu sakrifiziorik onartzen
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu