Ezin da gehiago itxaron: espetxe politika aldatzea ezinbestekoa da

2012ko martxoaren 31
00:00
Entzun
Argi dago garai berri batean gaudela. Gainera, denok gaude ados garai ona eta itxaropentsua dela.

Hori horrela izanik ere, oraindik ere zurruntasun handia dago pauso gehiago emateko eta bestelako neurri batzuk hartzeko orduan. Zurruntasun horrek etsipenez estal ditzake bake, bizikidetza eta askatasun haize hauek, eta horrek zailtasun ugari ekar ditzake, nahiz eta euskal herritarrek gogotik espero duten haize horiek behin betiko gure artean zabaltzea.

Horrexegatik animatu gara gogoeta hau, eskaera hau egitera. Espero dugu aintzat hartua izango dela. Eta espero dugu hartzaileek —euskal preso politikoei zein espetxe politika ezarri behar zaien erabakitzen duten horiek— ulertuko dutela eskaera honen atzean badagoela eskaera bat euskal gizarte plural eta askotariko honetako jende gehienak babesten duena.

Eta espetxe politikaren inguruan azaldu nahi dugu, hain zuzen, gure ikuspegia eta gure eskaera, idatziz azaldu ere. Beste garai bati, beste interpretazio bati dagokion espetxe politika bati eusteak, euskal gizarteak zorionez gainditua duen aldi bati eusteak ez du ezertarako laguntzen, ez du inor gizatiartzen, ez du ezer ekartzen.

Kondena betea duena 197/2006 doktrinaren bidez espetxean edukitzea eta halako beste hainbat salbuespen neurri hartzeko modua ematen duen legedi horri eustea, osasunez larri dauden presoei kartzelatik ateratzen ez uztea eta sakabanaketa politikari eustea; besteak beste, horiexek egituratzen dute gaur egungo espetxe politika. Hori guztia zigor bat, gure herrialdean jadanik ia inork ulertzen ez duena, atxikimendu edo joera politikoa gorabehera.

Baina ez gara ari datu eta neurri gutxi gorabehera etereo edo ondoriogabe batzuei buruz. Izen-abizenak dituzten pertsona batzuei espetxean eusten dien egoera ulertezin bati buruz ari gara. Pertsona horien bizia arriskuan dago, nahitaez aldatu beharra dagoen espetxe politika bat dagoelako indarrean. Horietako askok gaixotasun larriak dituzte, askotariko patologiak, espetxealdian bertan hartuak edo muturreraino larrituak, eta, hala ere, kartzelan daude oraindik ere, irizpide medikoen eta logikarik oinarrizkoenaren aurka.

Eta, besteez ahaztu gabe, preso horietako baten egoerari erreparatu nahi diogu bereziki: Txus Martin basauriarrarenari, hain zuzen. Benetan larri dago Martin; izan ere, buruko gaixotasun bat du, ezin tratatu dena; gaitz hori edukita ezin da egon minutu bat gehiago ere espetxean. Haren gaixotasuna zein larria den kontuan hartuta, Martin bakartuta eta espetxeratuta edukitzea ez da hura zorigaiztoko amaiera batera eramateko modurik eraginkorrena baino, eta inork ezin lezake halakorik nahi, Martin estimatu ala ez, haren ideiekin ados egon ala ez.

Horrexegatik diogu ezin dela gehiago itxaron, eta instituzioek, herriaren nahiaren ordezkari izan nahi badute eta herritar bakoitzaren eskubide guzti-guztiak ziurtatu, berehala utzi behar dutela aske Martin, jaso ahal izan dezan dagokion tratamendua, baita haren egoera larriari dagokion terapia ere.

Eta, Txus Martinen kasua azpimarratuta, jabetzen gara pertsona horiei guztiei —eta beste askori— espetxean egoteak ez dizkiela gaitzak eta gaixotasunak larriagotu bakarrik; horrez gain, ez dute jaso behar bezalako osasun laguntzarik, eta, ondorioz, hainbat zailtasun izan dituzte zegozkien tratamenduei aurre egiteko.

Ez da mendeku garaia. Euskal herritarrek ez digute halakorik eskatzen. Alderantziz: alde bakarreko erabakien garaia da; alegia, denok gure esku eta gure arduren menpe dagoen guztia egiteko garaia, bermatzeko bake eta normalizazio prozesu bat gaindituko dituena gure herriak hamaika urtean izan dituen—eta oraindik ere badituen— zauri sakon eta ankerrak.

Inork ez liguke barkatuko gehiago egin ahal izanda gutxienekoa baino ez egitea, edo isilik geratzea, edo ez ikusiarena egitea, aurka egin gabe hemen azaldu ditugun salbuespen egoera horiei eta beste askori. Espetxe politika aldatzeak ez du esan nahi alde baten ideiei men egitea, baizik eta denontzako ondasun bat bermatzen laguntzea: bakea, hain zuzen.

Azkenik, artikulu hau aprobetxatu nahi genuke gizarte osoari deia egiteko parte har dezan martxoaren 31n Iruñean egingo den mobilizazioan: han, larri dauden presoak aska ditzatela eskatuko dugu. Halaber, gogorarazi nahi dugu maiatzaren 19an aukera ezin hobea izango dugula presoen eskubideen alde indarrak pilatzeko gure hiri, herri eta auzoetan.

Artikulu hau honakoek sinatu dute: Maribi Ugarteburu, Dani Maeztu, Ikerne Badiola, Oskar Matute, Pello Urizar, Amaia Agirresarobe, Pernando Barrena.

(Erredakzioan itzulia)
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.