Egunero, albistegiak bete-beterik daude merkatuak, arrisku saria eta burtsaren gorabeherak direla eta. Gehienetan, dirua izaten dute hizpide. Askoz gutxiago hitz egiten da produkzio ekonomiaz, baina ekonomia horrek zuzenean nabaritzen ditu diru jardunaren ondorioak: izan ere, maileguak garestiagoak dira, eta horrek berekin ekartzen du enpresa asko ixtea eta pertsona askok duin bizitzeko modurik ez izatea. Orain, lehen halako bi dira elikagai bankuetan janaria eskatu behar dutenak, eta ez dira ohiko pobreak: mota askotakoak dira, eta ez dira falta unibertsitate ikasketak dituztenak ere. Ongizate estatua arrunt ahultzen ari da: osasun publikoan, ordainketa partekatua; pentsioak, gero eta gutxiago, eta gero eta eskuratzen zailagoak; erretiroa hartzeko adina, gero eta beranduago...
Hori zergatik gertatzen ari den sakon azaldu nahi badugu, ez da erraza ados jartzen, eta beste hainbeste gertatzen da krisitik ateratzeko neurriei dagokienez. Gobernuak kapital handiarekin batera ezarri dituen joko arauek mesede egiten diete finantza erakundeei, eta kalte, berriz, produkzio enpresa txikiei —zeinak nagusi diren gure artean— eta kontsumitzaileei. Herritar xeheek argi ikusten dute diru sarrerak apaltzen ari zaizkiela eta oinarrizko produktuak garestitzen ari direla. Modu ofizialean, esaten da zor publiko gehiegizkoa dela arazorik handiena, eta neurri gogorrak behar direla hura apaltzeko. Baina ez da esaten zor horrek zerikusi handia duela estatuaren finantzabidea aldatu izanarekin: zergen ordez—batez ere, zuzeneko zergen ordez—, nazioarteko merkatuetan lortutako zor publikoa erabiltzen da orain. Era berean, ez da esaten nazioarteko zorrik handiena finantza entitate pribatuentzat hartutakoa dela.
Badira kausa historiko batzuk, baina labur beharrez ez ditugu aipatuko; guztia merkatu librearen esku uzten da, esku hartze publikorik gabe, baina ez da esaten guztiz desberdina dela merkatuan parte hartzen duten batzuek eta besteek bertan eragiteko duten indarra. Merkatu hori botere ilun bilakatua da, eta halaxe ari da mundu osoan, guzti-guztia erabakitzen, baita zuzenean eragiten diguna ere, baina ezin du justiziarik eta bidezkotasunik ezarri, besterik badio ere. Nolanahi ere, erantzuleak ez dira merkatuak, berez ez baitira erabakimena duten erakundeak: pertsona eta erakunde jakin batzuk dira erantzuleak; izan ere, horiexek gobernatzen dituzte merkatuak, betiere beren interesen alde, eta «kanpoko esku hartzerik gabe», omen.
Desorekak eta krisia ekartzen ditu, ezinbestean, jarduera ekonomikoak, baldin eta luze gabe eta kanpoko inolako kontrolik gabe ahalik eta etekinik handiena lortu nahian egiten bada. Denak ez dira galduan ateratzen, ordea. Gogora ekarri besterik ez dago finantza erakundeetako goi kargudunek nolako ordainsariak kobratzen dituzten, nolako kalte-ordainak eta pentsioak, lanetik kanporatu ondoren; ahaztu gabe, gainera, finantza erakunde horietako batzuek erreskatea behar izan dutela, kiebra teknikoan zeudelako. Goi kargudun horiei inork ez die kargu hartzen beren kudeaketa dela kausa, eta bizi-maila ederra segurtatua dute bizi guztirako.
Gizartearen zati handi batean, zabalduz doa beldurra eta ondoezin larri bat; izan ere, arriskuan ikusten dute beren eta seme-alaben etorkizuna, edo lanik gabe geratu direlako, edo diru sarrerak txikiak dituztelako, edo diru sarrerarik ez dutelako batere, eta zorrak gero eta handiagoak direlako, etxea galtzeko arriskuan egoteraino. Eta horren guztiaren erantzuleak, berriz, patxada ederrean, zerikusirik ez balute bezala, inolako zigorrik gabe.
Krisiak pentsarazten digu gure etorkizun pertsonala okerrera doala, eta babesa nahi dugu horren kontra. Uste izan dugu betiko izango zela gure bizi-maila, baina, egiatan, bizi-maila horrek kateatu egiten gaitu kontsumoan, eta askok ez dituzten diru sarrera batzuk behar dira sistema honetan, eta ezin dute zor handiagorik egin. Kezkaturik gaude, erosahalmena galtzen ari garelako, edo ez delako handitzen ari guk nahi bezala antolatzeko gure bizimodua. Horrek guztiak adorerik gabe utzi ditu ondo kostata bizi-maila jakin bat lortua zuten herritarrak, baita gizarte eroso bat ikusten hasiak ziren edo jadanik gozatzen ari ziren gazteak. Orain, zapuztuta daukate neke gutxiagoko bizimodu bat izateko esperantza.
Krisia konpondu eta gainditzeko politikak sortzeko garaian, politika horiek era batekoak edo bestekoak dira egindako diagnostikoaren arabera eta indarren korrelazioaren arabera. Esaterako, defizit publiko gero eta handiagoaren kontra egin beharra dagoela esaten da, baina ez da esaten zerga bilketa, BPGarekiko proportzioan, bederatzi puntu beherago dagoela Europako Batasuneko batez bestekoa baino, zuzeneko zergak apaldu edo ezabatu egin direlako, ez delako borrokatzen zerga iruzur gero eta handiagoa —zeina zerga gutxi batzuekin egiten den—, BEZaren gainean zamatzen delako zerga bilketa —nahiz eta enpresariei eta lanbide liberaletakoei erraza zaien pagatu gabe uztea—, gastu partikularrak jardueraren gastuetan sartzen direlako, norberak ez ordaintzeko....
Borondate politikoa falta da krisia ekarri eta krisiaz baliatu diren horien kontra egiteko. Eta horrek berekin ekarri du herritarrak agintariengandik urrutiratzea. Ekonomia eredua berriz aztertu beharra dago, baita bizimodu jakin baten inguruan dugun jarrera ere, bizimodu horrek nabarmenkeria ekartzen baitu, eta alferreko gastua, besteen beharrei buruzko ezaxola...
Zerga iruzurra ezabatu beharra dago; lana, urria baita, modu bidezkoan banatu; eta gizarte sektore guztientzako gutxieneko sarrerak segurtatu. Hori da bide bakarra elkartasun sozial eta politiko eraginkorra izan dadin.
(Erredakzioan itzulia)
Falaziak krisiari buruz
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu