Ezin da ukatu, behingoagatik, Espainia zerbaitetan buruan egon dela, beste herrialdeen aurretik. Eta asmo gaiztokoei aurrea hartuz esango diet ez dela lardaskeria, ustelkeria, nepotismo edo antzeko arloren batean izan. Jakina da ere bakoitza den modukoa dela, duen kultura duela eta barra-aldiak hartzen dituen moduan hartzen dituela. Igelaren eta eskorpioiaren alegia datorkit burura. Eskorpioiaren izaeran dago jokatzen duen eran jokatzea.
Informazioaren gizartean bizi gara, mundu zabalean hedatu den eredua (bere ñabardurekin noski) eta gure bizitzeko, harremantzeko eta mundua ulertzeko modua sakonki aldatu duena. Mikroelektronikan, informatikan eta telekomunikazioetan izandako iraultzak ahalbidetu du mundu mailako informazio masa ikaragarri bat eskura izatea eta istant batean bidali ahal izatea. Informazioaren gizartea denbora birtualean trukatzen diren bilioika mezuen esfera kolore aniztuna da, epe luzera izango dituen ondorioak ikustear dauden arren.
Eta esfera honetan, hain zuzen ere, erakutsi du talentu hispaniarrak bere distira eta sormen gaitasuna. Bere modura izan bada ere. Alegiako eskorpioiaren tankeran. Izan ere, «besteek asma dezatela» jarreraren zale izanik, Espainian arrakastatsua den ikerketa eta garapen arlo bakarra Guardia Zibilarena da. Berau baita espainiarren sorkuntzarik eraginkorrena, Ermandade Santuaren oinordekoa: «Tienen, por eso no lloran, de plomo las calaveras. Con el alma de charol vienen por la carretera. Jorobados y nocturnos, por donde animan ordenan silencios de goma oscura y miedos de fina arena» (G. Lorca). Memoria eta literatura. Alabaina, informazioaren gizartean loratzen dira, berunezko kapuluak bailiran, kontrolerako makineria honen emaitza informatiboak.
Duela aste batzuk Nafarroa Bizirikek, orain dela 500 urteko Nafarroaren konkistaren oroimen historikoa aldarrikatzen duen plataformak, parlamentu espainiarrean bere tesia azaltzeko gela bat eskatu zuen. Parlamentuak ez zion baimenik eman, eta erabaki hau azaltzeko unean ohiko ministroak poliziaren informeak erabili zituen. Eztabaida xaxatzeko, prentsak anekdotaren berri eman zuen, eta balentria belikoei buruzko informazioa argitaratu. Helburu bakar batekin: pertsonak, ideiak, asmoak kriminalizatzea. Informazio honen jatorria ez zen kazetarien ikerketa propioa, ez eta iturri judizialak ere (aspaldian epaitutako eta kondenatutako gertaerak ziren arren). Prentsa hispaniarra ere polizia-filtrazioz elikatzen da. Aitzitik, ohiko prozedura dugu hau lurralde hispaniarrean. Diktadorearen garaiko lagun antifrankista batek, aspaldi erretiratua, kontatu zidan orain dela gutxi Europa komunitarioan zentzurik ez duten muga horietako bat gurutzatzera zihoalarik agiriak eskatu zizkiotela. Ordenagailuan denbora birtualean datuak egiaztatu ondoren, irri zuriz bota zion funtzionarioak: «zu gaiztoetako bat izan zinen...».
Hori bai poema; ...goma iluneko isiluneak eta harea xeheko beldurrak; borrokalari antifrankista gaiztoetako bat omen da oraindik ere; informea idatzi zuen polizia antifrankista, ez. Denok gaude poliziaren artxibategietan. Baina arazoa hori baino larriagoa da: ditxosozko artxibo horiek nola osatzen, erabiltzen eta zabaltzen diren, alegia.
Gaiztoetako bat...
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu