Iaz nazioartean eragin politikoa izan duten gertaerak azpimarratzekotan, mundu mailako krisiarekin, Europako konstituzioaren porrotarekin edota Durbanen klima aldaketari aurre egiteko ezintasunarekin batera, askoz ere oihartzun txikiagoa izan duen gertakaria aipatuko genuke, ondorio politiko garrantzitsuak izan baititu: Europako sozialdemokraziaren heriotza, hain zuzen.
Hala, Eslovenia, Grezia eta Espainiako Erresumako gobernuetako aldaketek mapa erabat kontserbadorea marraztu dute: Ia EB osoa eskuinaren esku dago, Danimarka, Errumania, Belgika eta Austria izan ezik (gobernu ahulak edota atzerakoiek lagundutakoak); Europako Legebiltzarra eta Batzordea ere kontserbadoreen zuzendaritzapean daude —gogora dezagun Barroso Azoreetako argazki lotsagarriko laugarrena dela—. Europako eskuinaren metastasia paradoxikoa da: Nahiago al ditugu eskubide urratzaileak, zapaltzaileak eta zerbitzu publikoak suntsitzen dituztenak, eskubideak eta askatasuna defendatzen dituztenak baino? Jakina, herritarrak ez dio bere buruari halakorik galdetzen; kontserbadoreek, liberalek eta sozialdemokratek neurri berberak ezartzen dituztenean eta euren arteko ezberdintasunak ezerezean gelditzen direnean, krisi honi aurre egiteko gai ez diren bitartean. Hala, sozialdemokrazia ez da statu quo-arekiko aukera bat, haren aldaera soil bat baizik, aldaketa irudikatu baina aldaketa bera oztopatzen duen txandakatze hutsa.
Krisiak aukera erreformista hau agerian utzi besterik ez du egin, eta 2011. urteak azken hamarkadetan egituraketa krisia pairatu duen espazio politikoaren behin betiko desagerpena ekarri du. Ez da bidean aurkitutako oztopo bat, sozialdemokraziaren koma egoera larria baizik. Etorkizunean, txandakatze dinamiken barruan noizean behin berriz agertzeko aukera egon arren, —Frantzian hala gerta liteke—, zilegitasun politikoa guztiz galdu du, ez bakarrik pairatzen ditugun arazo larriak konpontzeko gai ez izateagatik, arazo hauek sortzeko politiketan parte hartu duelako baizik.
Oparoaldi garaiak igaro dira; 50eko eta 60ko hamarkadak urrun dira; estatu esku-hartzailearen, merkatuen erregulazioaren, ongizatearen eta politika publikoen garaiak, alegia. 70eko krisia heldu zen gero, eta alderdi sozialdemokrata dirudunak alderdi sozial-liberaletan eraldatu ziren (neoliberalen tankerakoak, baina aurrerakoiagoak gai sozialetan), pribatizazio, desarautze eta sektore publikoaren suntsiketa prozesu guztietan parte hartuz. Haiek izan ziren egungo egoera bizitzera eraman gaituen munstroaren sorrera baimendu eta sortzen lagundu zutenak; botere guztia merkatuen eskuetan utzi zutenak eta gaur egun euren asaldura goraipatzen dutenean, merkatu horiei sekulako boterea izatea leporatzen dietenak; bai, Botin, MAFO edo Fernandez esan ordez, merkatu generiko delakoa aipatzen duten horiek; 70eko hamarkadan krisia kudeatu zuten horiek XXI. mendeko krisi erraldoia ekarri digute orain; krisiz krisi, antzara-jokoan bezala, baina oraingoan ez dira jolasten, ez baita beren txanda.
Eta ez da beren txanda sozial-liberalismoa alternatibak eskaintzeko gai ez delako. Sozialdemokraten artean izugarrizko kezka sortzen du honek, baina kezkatzeko arrazoilarriagoak dituzte: euren logikatik ez dutela aterabiderik, ezta sozialdemokrazioaren oinarrietara itzulita ere, sortzen lagundu duten mundua eta duela hiru hamarkadetakoa zeharo ezberdinak direlako. Egungo zibilizazio krisiaren aurrean, nork itzuliko du finantza sistema haiek irekitako Pandoraren kutxara? Nork egingo die aurre arazo globalei, neurri sakonik eta nazioarteko ordenean errotiko aldaketarik egin gabe? Nork itzuliko die herritarrei transnazionalen eskuetan dagoen sasi-demokrazia ez parte-hartzailearen bidez lapurtutako burujabetza? Laburbilduz, nork lortuko ditu eskubide eta askatasun handiagoak, pobrezia, desberdintasunak eta diktadurak ekarri dituen kapitalismoa gainditu gabe? Ez da erreformak edo apurkako aldaketak egiteko garaia; berebiziko momentuan gaude, eta eztabaida sistema erabat aldatu nahi dutenen eta hura defendatzen dutenen artekoa da. Dagoeneko ez dago sozialdemokraziarentzako tarterik; aukera bakarra ezkerrarentzat da.
Ezker alternatiboak ardura handia dauka eta baita ibilbide luzea egiteke ere. Bizi dugun abagunearekiko arduraz jokatu beharra dago, sozialdemokraziaren akatsez ikasiz: sozialdemokraziaren oportunismoaren eta ikuspegi bakarraren aurrean, borrokak bateratuko dituen mezu erradikal eta alternatiboa proposatuz, epe luzerako ikuspegia ezarriz; bertikaltasunari eta sozialdemokraziako kideen robotizazioari aurre egiteko, politika ulertzeko modu horizontal, demokratiko eta zabalak proposatuz; ezkerretik jaiotako hegemonia bat sortzeko beharrizana argi adieraziz, eskuindar eta sasi-eskuindarren arteko itunei aurre egiteko.
Euskal Herrian oso argi izan behar dugu mezu hau: sozialdemokrazia lurperatuta dago, eta hura berpizten saiatzen denak amaiera berbera izango du. Hemen ez digu balio gaiztoak baino zintzoagoak izatea. Haiek -eskuma- ez dira gure eredu, momentuak eskatzen diguna baizik: aukera erradikal batetik hegemonia eraikitzea, alegia. Ilusioz beteriko garaian gaude eta ezker anitzen artikulaziorako espazioak —non Alternatibak parte hartzen duen—eta tresnak garatzen ari dira. Egungo historia eta testuingurua kontuan izan behar ditugu, egoerak eskatzen duen mailan jardun behar dugu, pausoz pauso prozesu hau bideratzeko kapitalismoaren osteko trantsizio baterantz abiatuz, sistema gaindituko duen trantsizio erradikal baterantz hain zuzen.
Horregatik, hasi berri dugun urtean, Alternatiba sozialdemokraziaren hilobira hurbildu da honako mezua botatzeko: «Goian bego, betirako deskantsatu». Noizean behin hilobia bisitatzera etorriko gara, ez hura goraipatzeko, ondo lurperatuta jarraitzen duela ziurtatzeko baizik.
Goian bego sozialdemokrazia
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu