Globalizazio-krisi garaiotan, berebiziko garrantzia hartzen du pertsonen prestakuntza mailak. Ez dugu esan nahi titulu unibertsitarioa daukatenek krisitik libratuko direnik, ez. Esan nahi duguna da krisiari aurre egiteko goi mailako prestakuntza izatea lagungarria izan daitekeela. Euskaldunok, esaterako, ondo baino hobeto dakigu zer den amaigabeko krisian bizi behar izatea. Hau da, XVIII. mendetik iragarri zigutela euskara desagertzear zegoela eta, halere, XXI. mendean euskara inoiz baino biziagorik dago.
Egia da euskaraz bizitzea bizimodu apala dela; apala baina duina. Txikia izateak ez du esan nahi eskasa denik. Unibertsitateko goren mailako graduetara euskara iristea hizkuntzarentzat ona da, jakina, baina baita euskaldunentzat ere. Krisialdiak agerian utzi ditu gure garapen ereduaren ahuluneak; lehiakorkeria eta neurri gabeko kontsumoa ezin izan daitezke garapen orekatuaren oinarriak. Haien ordez, ingurumenaren mugak eta gertuko gizartearen beharrak izan behar dira garapen eredu jasangarriaren erreferentzia nagusiak.
Etorkizuna izango badugu, ingurumena zaintzen dugulako izango da. Ingurumen diogunean, bere adierarik zabalenean ulertu behar da: lurraldea, pertsonak, hizkuntzak eta kulturak. UEU Udako Euskal Unibertsitatearen irakaskuntza-eskaintza euskararen hiztun-elkartearen errealitateari so egin izan da. UEUren udako ikastaroetatik atera izan dira oinarrizko ideiak euskararen hiztun-elkartea sendotzeko, pedagogian, bertsolaritzan, literaturan, soziolinguistikan zein informatikan, jakintza alor batzuk aipatzearren. Ez zegoen lekuan eremu berriak zabaldu ditugu eta aukera berriak eraiki ditugu; irakaskuntzan, aldizkarietan, hedabideetan eta abarretan. Hori oso garrantzitsua izan da, bai, baina garrantzitsuagoak izan dira UEUren ikastaroetatik igarotako pertsonak, unibertsitateko irakasleak, goi mailako teknikariak eta, oro har, guztiak euskaldun prestuak. Euskaldun prestu horiek dira, hain zuzen ere, euskararen hiztun-elkartearen bizkarrezurra.
Ekonomia-hazkunde garaietan euskaldunok latz borrokatu behar izaten genuen oparotasun giro horretan zirrikitu bat irekitzeko. Orduan ikusi genuen lana eta goi mailako hezkuntza beharrezkoak zirela oparotasun eremu hartatik kanpo ez geratzeko. Orain, krisi gorriak jotzen gaituenean, iraun ahal izateko bide beretik jo behar dugu. Adituek diotenez, krisiaren ondorengo gizarteak zorrotz zaindu behar izango du ingurumena, eta gizarte orekatuagoa izango da. Hotz-hotzean begiratuta, euskaldunentzat ez da lehengo gizarte eredua baino gogorragoa izango. Deskuiduan, euskaldunok biziraupen tekniketan trebaturik zailduta gaudenez, gizarte eredu egokiagoa izan daiteke guretzat. Dena den, beti bezala, gure lekua irabazi behar izango dugu; gure burua prestatu behar dugu, alegia.
Horregatik, hain zuzen ere, UEUren eskaintza akademikoa aukera polita dela iruditzen zait. Aukera polita ikasteko eta, baita ere, neurri batean euskararen hiztun-elkarteak dituen beharrizanak betetzeko. UEU 40 urte bete berriak, bere helduaroan, goi mailako irakaskuntzan beste aurrerapauso bat eman du: azken 10 urteotako graduondokoen eskaintza zabalena egiten du. 2001. urtetik, lehenego graduondokoa antolatu zuenetik, apustu garrantzitsua da, zalantzarik gabe, UEUk egiten duena. Eta ez bakarrik gizarteak behar dituen aditu kualifikatuak formatzeko ahaleginari dagokionez, baizik eta aditu horien profesionalizazio bidean, gizartearen hizkuntza beharrak ere betetzeko helburuarekin euskaraz antolatzeko indarrak metatu dituelako. Izan ere, tamalez, oraindik gutxiengo bat da euskaraz eta goi mailako hezkuntzan egiten den eskaintza. Hedabideak, itzulpengintza, hondakinen kudeaketa edota softwarea dira irakaskuntza-eskaintza horietan jorratzen diren gaiak, eta 2012-2013 ikasturterakoUPV/EHUk onartutako Berezko Tituluetatik, 4 graduondoko berriek gai horiek euskaraz landuko dituzte: Euskal Herriko pentsamendu kritikoa XX-XXI. mendean; Neuroerrehabilitazioa; Hondakinen kudeaketa eta tratamendua eta Itzulpengintza eta teknologia. Guztiak gaurkotasun handikoak eta gehienak hizkuntzaren iraupenerako behar-beharrezkoak.
Bertzeak oro izan dira bere goien gradora; orai hura iganen da bertze ororen gainera. Euskara! Horrela idatzi zuen Bernart Etxeparek 1545. urtean. Laurehun urte baino gehiago itxaron behar izan dugu euskara goien gradura iristeko. Hezkuntzaren piramidetik gora unibertsitateraino ailegatu da euskara, erpineraino, poliki-poliki; euskara, ederto kostata, hezkuntzaren goien graduraino iritsi da.
Goien gradora
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu