Gozatu aniztasuna euskaraz

Onditz Barandalla Ane Olabarri
2012ko martxoaren 25a
00:00
Entzun
Aniztasuna nagusi den jendartean bizi gara. Sexu, erlijio, ideologia, hizkuntza eta jatorri kultural desberdinetako pertsonak, besteak beste, elkarrekin bizi gara gure auzoetan. Azken urteetan izandako migrazioaren hazkundeak eta prozesu honetan gure herrietara hurbildutako lagun berriek aniztasun egoera hori areagotu dute, eta, batzuek aberastasun gisa sentitu duten arren, beste zenbait kasutan, errealitate horrek zalantzak, beldurrak eta mesfidantzak sortu ditu. Horiek, gehienetan, erlijioarekin eta jarrera kulturalarekin lotutakoak badira ere, bada beste faktore bat, kultura desberdinen arteko harremana indartzeko edo ahultzeko ezinbestekoa dena: hizkuntza, hain zuzen.

Hizkuntza, komunikaziorako tresna garrantzitsuena izanda, elkarbizitzarako oinarria da, eta, egoera berri honen aurrean, eztabaidarako gai garrantzitsu bihurtu da. Euskal jendartean, euskara hizkuntza gutxitua izanik, haren iraupenaren inguruko kezka areagotu egin da errealitate berri honekin, eta zalantzak, epaiak, usteak eta iritziak zabaldu dira, sarritan, ezjakintasunetik eraikiak.

Ondoko lerroetan, euskara eta etorri berriak lotzen dituen gaiaren inguruan gailentzen diren zenbait mitori buelta eman nahi diegu, arriskuetatik eta beldurretatik aberastasunera eta aukeretara salto eginez.

Euskara ikastea zaila da etorri berrientzat. Ez dago hizkuntza zailik ezta errazik.Txikitan hizkuntza guztiak ikasten dira adin berarekin. Gaztelania urte birekin hitz egiten hasten da Segoviako haur bat, urte birekin ikasten du txinatar batek bere hizkuntza eta berdin Mungiako haur batek euskara. Agian, Argentinatik datorren pertsona batentzat konplexuagoa izango da euskara ikastea, haren hizkuntzaren egitura eta euskararen egitura desberdinak direlako. Baina Japoniatik datorren pertsona batentzat zailtasun bera du gaztelania, frantsesa zein euskara ikasteak.

Etorri berrien integraziorako, egokiagoa da beraiekin gaztelaniaz edo frantsesez aritzea, beraiek eroso sentitzeko. Jarrera hori intentzio txarrekoa ez den arren, bazterketa modu bat izan daiteke. Horrela, konturatu gabe, bertakotzat jotzen ez ditugula adierazten ari gara, euskara ez dela beraientzako hizkuntza baliagarria. Heldu berriekin euskaraz mintzatzeko saioa egiten badugu, gure artean egoteaz pozten garela transmitituko diegu, euskara denontzako komunikazio tresna bihurtuz. Carme Junyent hizkuntzalariak esaten duen bezala, «hizkuntzak paperik gabeko nazionalitatea ematen du». Eta Irrien Lagunek abesti ezagun batean dioten bezala, «Atzerritar bat tokatuz gero, hurbildu euskaraz, behintzat; zeren bestela, ulertuko du euskara ez dela beretzat».

Etorri berrien seme-alaba gehienak, A ereduan matrikulatzen dira. 2010/2011ko ikasturteko EAEko datuek diotenez, baieztapen hori ez da egia. Etorkinen seme-alaben artean, %28,50 A ereduan eskolaratzen da, %31,42 B ereduan eta %40,08 D ereduan. Hortaz, gehienek, eredu euskalduna aukeratzen dute beraien seme-alaben ikasketetarako. Gainera, azken hiru urteetan D eredua igo da. Hala ere, harrera herriaren erantzukizuna da guraso etorri berriei seme-alabak D ereduan matrikulatzearen abantailez informatzea.

Gure seme-alaben ikasgeletan haur etorri berriak egoteak, bertakoen euskara mailan eta erabileran eragin negatiboa du. Kasu horretan arazoa orokorra da, etorri berriak duden ikastetxeetan zein ez daudenetan. Gaur egun, ikastetxe askotan euskara mailaren eta erabileraren kezka oso nabarmena da, baina horren errua ez daukate etorri berriek; arazoa, hezkuntza sisteman eta, oro har, jendartean errotzen da. Haurrek aisialdiko eskaintza gehiena edo hedabideen eragina, ez al dute erdaraz jasotzen? Haurrek gaur egun dituzten ereduak euskaldunak al dira?

Euskal Herrian lan egiteko, euskara ez da beharrezkoa. Zoritxarrez, kasu askotan egia da, eta gure erronketako bat euskarari merezi duen balioa eskaintzea da, baina etorri berriei adierazi nahi diegu Euskal Herriko toki batzuetan eta zenbait egoeratan euskaraz jakitea kontuan hartzen eta baloratzen dela, eta beraien lanerako oso baliagarria izan daitekeela. Esate baterako, taberna batean lan egiten duzunean, mediku moduan, eta adineko pertsonak zaintzen. Euskarak gertuko harremanetarako bideak zabaltzen eta indartzen ditu.

Horiek dira euskara eta heldu berrien gaiarekin lotutako hainbat uste eta mito. Baina, ohi bezala, usteek erdia ustel izan ohi dute. Baieztapen horietatik ondoriozta dezakegu euskaldunok euskararekiko ditugun gabezien eta betebeharren zama besteen lepoan jartzen dugula: euskaraz ikasten ez dutela, euskaldunak erdarara kutsatzen dituztela, ez direla integratzen, erdal ereduak nahiago dituztela, eta abar.

Baina nondik sortzen ditugu epai hauek? Elkarren arteko harremanetatik sorturiko ondorioak al dira? Elkarrekin eztabaidatutako gaiak? Edo alde bakarreko ikuspuntutik ausartzen gara horrelako baieztapenak egiten? Mito horiek ekidite aldera, kulturartekotasuna proposatzen dugu, jendartean dagoen aniztasuna onartu eta errespetatzeaz harago. Orain arte, kultur aniztasuna onartu dugu, errespetu keinu baten gisa, gure bizilagun berriekin espazioak konpartituz eta gatazkak ekidinez, besteak beste. Puntu horretan gaudelarik, badugu garaia kultur aniztasunetik kulturartekotasunera salto egiteko, hau da, kulturen arteko trukea sustatzeko, interesak partekatzeko, elkarren berri izateko, elkarrekin jolasteko, hazteko eta hezteko.

Amelia Barquin adituak dioen bezala, «euskara galduko bada, ez da etorkinen erruz izango; baina euskarak iraungo badu, ez da soilik bertakoen hizkuntza izango, bertakoena eta kanpotik etorritakoena baizik».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.