Azken garaiotan, hamarkadetako atzerakada nozitzen ari gara lan eta gizarte eskubideetan. Hori dela eta, hilabeteak daramatzagu mobilizatzen EAEko eta Nafarroako Gobernuek inposatutako murrizketen aurka eta zerbitzu publikoak garatzearen alde; irakaskuntzako murrizketak salatzeko eta aurrekontuetako gastu soziala areagotzearen alde. Hor kokatzen da, halaber, duela gutxi eginiko manifestazio erraldoia, Bilboko kaleak aldarrikapen bertsuekin jendez lepo bete genituenean. Atzerago bagoaz, jakina, ekitaldi ugari izango ditugu gogoan, gobernu eta patronalen erasoei aurre egiteko langileok egindako borrokak oso ibilbide luzea baitu; 2011ko urtarrilean pentsioen erreforma zela-eta egin genuen azken greba orokorra.
Tamalez, beste eraso baten aurrean gaude, eta badirudi ez dela azkena izango. Oraingo hau langileriaren aurka azken hamarkadetan ezagututako erasorik bortitzena dugu. Lan erreforma honek hankaz gora jartzen du lan harremanak arautzen zituen oinarrizko legedia. Aurreko gobernuek ezarritako erreforma guztiak baino gogorragoa da, harago doa. Erabateko hautua egiten du enpresarien alde lan harremanak ezartzerakoan, sekulako mesedea egiten baitie.
Lan erreforma honekin eta aurretik egindako beste neurri batzuekin, —pentsioen erreforma...— langileon egoera hurbilago egongo da XX. mendearen hasierako egoera latz hartatik, eskubideetan oinarritutako XXI. mendeko gizarte batetik baino. Atzerakada historikoa inposatu nahi digute, garai bateko morrontzara itzularaziz. Hamarkadetan zehar, borroka luzeetan lortutako lan eta gizarte eskubideak pikutara bidali nahi dituzte, lan baldintza duinak, pentsio sistema publikoa, kalitatezko zerbitzu publikoak, babes sozialeko neurriak...
Gobernuek eta enpresariek langileon lan baldintzak desarautzea dute helburutzat, krisiaren benetako errudunei —espekulatzaileak, banketxeak, iruzurgileak...— jazarri eta auzipetu beharrean. Ziria sartu nahi digute berriro ere, eta gezurretan ari dira! Orain arteko lan arautegiarekin eta lan baldintzekin onura itzelak eskuratu —eskura eraman— dituzte eta urte luzeetan errenta handiko jendea primeran ibili da hazkunde ekonomikoaren garaian, etekin bikainak zakuratuz. Egun, atzeraldi ekonomikoa heldu denean, joko arauak euren alde zeharo aldatu nahi dituzte, langileen lepotik etekin berberak xurgatzen jarraitzeko, inolako lotsarik gabe.
Zehaztapen batzuk aipatzekotan, PPren gobernuak ezarritako lan erreformak, beste neurri atzerakoi batzuen artean, honako hauek jasotzen ditu. Kaleratzea errazagoa eta merkeagoa izango da enpresarientzat, arrazoi ekonomikoengatik sorturiko kaleratze objektiboa zabalduz (20 egun, 12 hilabetez). Lehendabiziko aldiz eragina izango du erakunde publikoetan, kontratu laborala dutenentzat. Neurriz kanpoko malgutasuna ekarriko du, enpresariari banakako nahiz taldeko lan baldintzak (lanaldiaren banaketa, ordutegia, lansaria, lanerako sistema, txandak…) aldatzeko aukera emanez. Negoziazio kolektiborako eskubidea ahuldu egingo da, enpresa mailako hitzarmenari lehentasuna emanez eta ultraaktibitatea mugatuz. Kalitate eskaseko enplegua sustatuko da, formazio kontratuen iraupena 2 urtetik 3 urtera pasatuz. Kontratu mugagabe berri bat sortu dute, enpresarentzat onuragarria, baina langilearentzat urtebeteko proba aldia duena. ETTak enplegatzeko agentzia gisa arituko dira, sistema publikoaren parean, eta abar, eta abar.
Bitartean, enpresariek hobari fiskal nahiz pizgarri ugari jasoko dituzte. Sobera dakite neurri horiekin ez dela enplegu gehiagorik sortuko, langabeziarako zein bazterketa sozialerako bidea erraztu besterik ez dela egingo. Zerga-politikan, ordea, ez dute aberastasuna beste era batean banatzeko aldaketarik nahi. Ongizate estatua dute jomugan, eta hori deuseztatzen saiatzen ari dira. Guztion eskubideak eta oinarrizko zerbitzuak merkantzia bihurtu nahi dituzte euren negozioetarako, ahalik eta esparru gehien pribatizatuz.
Nahikoa da! Hemen ez da inor libratzen, denon bila datoz eta. Ezin gara txikikerietan erori eta gure arteko ika-miketan ibili euren jokoan sartuz, «hire lanpostua finkoa dun», «hi ni baino hobeto hago» edo «haiek gu baino okerrago zeudek»... Denok ditugu gero eta lan baldintza kaskarragoak. Denok ditugu gugandik oso gertu lagun eta senide langabeak, soldata eskasekin ari direnak edo lan ezegonkorrera behartuak. Ondo asko dakigu non dauden eta nortzuk diren benetako errudunak.
Horregatik, erasoaren tamainako erantzuna eman behar dugu. Greba orokorra da eskura dugun tresnarik boteretsuena. Arrazoi objektiboak sobera ditugu, baita norberaren haserrea ere. Horretaz gain, guri dagozkigun lan baldintzak hemen erabakitzeko eskubide osoa daukagu, baita ere Euskal Herrian lan harremanetarako esparru propioaren alde egiteko. Izan ere, Patxi Lopezek, Nafarroako Legebiltzarrak eta beste hainbatek adierazi duten bezala, ados ez badaude lan erreforma honekin, badakite zer egin Hego Euskal Herrian ezar ez dadin. Inola ere ez dugu onartuko langileriaren eta gizartearen aurkako neurri atzerakoirik ezartzea gure artean. Azken batean, greba deialdi hau ez da soilik gure desadostasuna kanporatzeko, baizik eta urteetako lorpenei duintasunez eusteko, langile zein herritarron oraina aldarrikatzeko eta atzetik datozenen geroa sendoki bermatzeko.
Hamarkadetako atzerakada lan eta gizarte eskubideetan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu