Esaldi edo lelo horrek ongi irudika dezake urtarrilaren 7an Euskal Herrian ozen entzungo den aldarria. Horretarako, bi ekitaldi oso garrantzitsu izango dira egun berean; bata, Bilboko manifestazio nazionala, kolosala izango dena, eta bestea, Hatortxu Rock 13, Atarrabian egingo den jaialdia.
Kartzelatik adi jarraitzen ditut manifestaziorako deialdiak, jasotzen ari diren atxikimenduak eta egiten ari diren ekitaldiak. Era berean, ez zaizkit pasatzen Hatortxu Rock 13 jaialdiaren inguruko artikuluak, komunikabideetako erreportajeak eta aurtengo kartel bikainaren iragarkia. Honekin guztiarekin, aurtengo urtarrilaren 7a nolakoa izango den ideia egiten dut ziegan, eta egia esan behar badizuet, gorputzeko ile guztiak tente jartzen zaizkit! Jada aurreratu diezakezuet egun horretan urduri egongo naizela eta irrikitan itxarongo ditudala Euskal Herritik etorriko zaizkidan berriak; hasieran telefonoz kontatuko dizkidatenak eta egun batzuk beranduago gure egunkarietan irakurriko ditudanak.
Azken egunetan helarazitako berriek, ordea, sentimendu guztiak aztoratu dizkidate, eta bat gailendu da haien artean; mina. Dirudienez, gure herri txiki honetan oraindik ere badago Hatortxu Rock ezagutzen ez duen jendea, eta, horren ondorioz, manifestazioa eta Hatortxu bateraezinak direla ikusten du. Horien arabera, egun berean Bilbon egingo den Manifestazio Nazionalaren oztopo izango da kontzertua. Iritzi horien aurrean, Valdemoron preso naukaten arren, orain dela gutxi arte Hatortxu Rock jaialdiaren antolakuntzan ibilitako pertsona moduan hitz egin nahi dizuet, eta idatzi honekin horrelako gaizki-ulertuak betirako lurperatzea espero dut.
Hatortxu Rock jaialdia 1999. urtean sortu zen, Nafarroako herrialdeko jaialdi moduan, eta bere betiko helburua errepresaliatuen eta horien senideen aldeko elkartasuna jorratzea izan da. Horretarako, jada 13 kontzertu egin ditu 12 urtetan, eta, esan bezala, aurten 13. kontzertua egingo du, Atarrabian. Ekimen xume moduan hasi zen arren, urteen poderioz goi mailako jaialdia izatera iritsi da; musikalki Euskal Herrian ez ezik, estatu mailan bere lekua egin du Hatortxu Rockek. Gainera, urteetan lortutako esperientziak profesionalen pare jartzen du haren antolakuntza.
Baina hori guztia nabarmentzekoa den arren, Hatortxuren zati txiki bat besterik ez da. Benetan garrantzitsuena Hatortxuk urte hauetan guztietan lortu duen elkartasun olatua da; laino guztien azpitik, euri eta elur ekaitzei aurre eginez eta sasi guztien gainetik, nafar faxisten trabak gaindituz lortutako errepresaliatuen aldeko elkartasun olatua: musikaren munduan ugariak izan dira inplikazioa eta elkartasuna adierazi duten musika taldeak, bakarlariak, DJak eta teknikariak. Halaber, milaka dira boluntario moduan lanera hurbildu direnak eta desorduetan eguraldi zakarrari aurre eginez lan gogorra eta serioa gauzatu dutenak. Hatortxun, urtero-urtero 700 pertsona inguru batzen dira lanerako, eta urtero milaka pertsonak erosten dute «laguntza» (sarrera) Euskal Errepresaliatu Politikoen eta haien senideen alde.
Aniztunak eta oso ezberdinak dira Euskal Herrian errepresaliatuen alde urte osoan egiten diren ekitaldiak: zozketak, bertso afariak, karteladak, Amnistia Egunak, manifestazioak eta abar, horiek guztiak maila ezberdinetan eginez, hala nola kuadrillan, lantegian, auzoan, herri eta eskualdeetan… Guzti-guztiak elkartasun olatu txikiak dira, eta urte hasieran Bilbon batu egiten ditugu, elkartasun olatu erraldoia eta nazionala osatuz. Aurten, gainera, inoiz ikusi ez dugun elkartasun uholdea espero dugu Bilboko kaleetan. Hala izango da, urteetan egindako lan guztiagatik eta egun bizi dugun momentu politiko garrantzitsu eta itxaropentsuak eskatzen duelako.
Hatortxu Rockek urtarrilaren 7an hamahiru urte beteko ditu, Bilbon izango den elkartasun erraldoi eta nazional horri bere ekarpena eginez. Hamahiru urte errepresaliatuen eta haien senideen egoera gizarteratzen, haien eskubideen aldeko aldarrikapena eginez, haienganako elkartasuna musika esparruan bilduz. Beraz, horrengatik guztiagatik min handia ematen dit kontrakoa pentsatzen duenik egon daitekeela sumatzeak. Hatortxu Rock 13 Bilboko manifestaziorako traba izango dela pentsatzen duenik baldin badago, ekitaldi hau ezagutzen ez duelako izan daiteke.
Azken datu bat: 12 urte hauetan batak eta besteak behin baino gehiagotan kointziditu dute, eta erabat bateragarriak izan direla esan nahiko nuke. Hatortxu arratsaldeko zazpietan hasten den arren, goizaldera arte irauten du, eta jendeak Bilbotik kontzertura joateko denbora aski soberan izaten duela ongi ikusi dugu orain arte.
Hatortxu Rock ezagutzen ez duenari, proposamen bat: larunbat honetan Bilboko manifestazio benetan kolosala amaitzen denean eta pote azkar bat edan ondoren, autoa edo autobusa har dezake, milaka pertsonak ohitura dugun moduan, eta Nafarroara, zehazki Atarrabiara joatera animatuko nuke. Bertan, errepresaliatuen aldeko elkartasunez beteriko jaialdi zoragarri bat ezagutuko du, eta, gainera, ziurrenik ongi pasatuko du. Orduan konturatuko da igandean prentsan agertuko den zenbaki potoloari, hots, Bilbon bildutako milaka pertsonari Atarrabian bilduko diren milaka pertsonena gehitu beharko zaiola.
Kolosala izango da zuen berotasuna sentitzea.
Guk ere maite zaituztegu!
Hator hator neska-mutil etxera
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu