Haur etxeak versus haur eskola

Ana Perez Egoitz Isasi
2011ko azaroaren 27a
00:00
Entzun
LOGSE legeak, 1990. urtean argitaratu zenean, izaera hezigarria eman zion 0-6 urtera bitarteko zikloari; alegia, etapa hezitzaile bezala definitu zuen. Horrek bi ondorio ekarri zituen: ikastetxeetan 2 urteko gelak orokortzea, eta 0-3 urtera bitarteko zikloaren planifikazioarekin hastea, haur hezkuntzako etapa honetan zegoen gizarte eskaintzari erantzuna emanez.

Ziklo hezitzaile garrantzitsua den heinean, Hezkuntza Sailak haur eskola hauen sorrera bere gain hartzea zuzenena eta logikoena zen, baina formula nahasi baten aldeko apustua egin zen, Hezkuntza Sailaren eta Udalen artean, Haurreskolak Partzuergoa sortuz. Modu honetan, 2003. urtean lehenengo 30 haur eskola jarri ziren abian.

Familien laguntzarako Instituzioen arteko Planak eskaintzaren %40a 2011 urterako bermatzea planteatzen zuen. Hori, egun, oraindik lortu ez den gauza da (%4,5 behetik), baina familien eskariei erantzuna emateko, haur eskoletako plazak handitu beharrean, Gemma Zabaletak, Lan eta Ongizate Saileko arduradunak, gizarte osoari ezusteko ederra eman digu (Hezkuntza Saila eta Haurreskolak Partzuergoa barne) Haur-etxeak proiektuaren sorrerarekin, eta dagoeneko martxan dagoen haur eskolak proiektua bigarren planoan jarriz.

Proiektu hori iparraldeko herrialdeetan orain dela 35 urte martxan jarri zela argudiatzen dute (herrialde haietatik datorren guztia ondo omen dagoela dirudi beti). Beharbada, hemengo ibilbidea orain dela 35 urte hasi izan balitz, txalotuko genuke, baina egungo errealitatea guztiz kontrakoa da: haur eskolak ia 10 urte daramatza martxan, eta zerbitzu honetan, profesionalak diren hezitzaileak lan egiten dute, gutxieneko 2.000 orduko hasierako formazioa dutenak (haur hezkuntzako teknikaria), edo are gehiago haur hezkuntzako maisu-maistrak baldin badira. Haur etxeen langileen formazioa, ordea, lau hilabetetan jaso duten 250 ordukoa da, eta «habia» horien arduradunek, guztiak emakumeak, lau haur zainduko dituzte ondoko baldintzak bildu behar dituen pisu batean: pertsona bakoitzeko zortzi m2 izatea (langilea barne), txizatokiak egotea, entxufeak babestuta izatea eta tximinia edo gas berogailuak ez izatea. Begiratzea besterik ez dago haur eskolek bete behar duten baldintza eta araudiak, konparazioak ateratzeko.

Ekimen honek aurrez aurre talka egiten du legeak orain urte batzuk ezarritako 0-6 urtera bitarteko ziklo hezitzaile honen ikuspuntuarekin. Haur hezkuntzako lehen ziklo honek umeen mugimenduaren garapena, gorputz oreka, komunikatzeko eta hizkuntzako lehen urratsak, balioak, jarrerak, bizikidetza sustatzeko trebetasunak eta abar landu behar ditu.

Zentzugabekeria honen aurrean STEE-EILAS sindikatuak salatu nahi du haur etxe hauek haurtzaroan eskaini behar den kalitatezko hezkuntzatik oso urrun dagoen eredu zaharkitu bat dela, haurren zaintzaz arduratuko diren profesionalen kalifikazioari, instalazio baldintzei eta, jakina, langile hauen lan baldintzei dagokienez.

Proposatu duten zerbitzu honek, gizon eta emakumeen artean zaintza lanak era orekatuan banatzeko bidea zabaldu eta zerbitzu publikoa bultzatu beharrean, arlo pribatura zuzentzen du haurren arreta, eta amaren papera indartzen du berriro.

Gemma Zabaletak haur eskoletan 2.000 plaza libre daudela esaten duenean, «egia» denarekin tranpa egiten du, ez baitu aipatzen zenbat eskari gelditzen diren onartu gabe. Egia da, herrietan eta eskualde batzuetan plaza libreak daudela, baina aldi berean, hutsune larriak daude Bilbo eta Gasteiz hiriguneetan, non plaza bakar bat ere ez da eskaini hainbat auzunetan (Santutxu, Rekalde, Alde Zaharra...). Isiltzen du plaza horien prezio garestia ere.

Nola da posible haur etxe hauek arlo pedagogikoa bermatzea? Nola egongo dira haurrak zortzi orduz pisu horretatik irten gabe? Zer gertatuko da langileari zerbait gertatuz gero, nor arduratuko da haur horietaz? Non dago edo nork ezagutzen du hain «berritzailea» den ekimen honen funtzionamendu araudia eta plangintza pedagogikoa?

Etapa hau asistentziala izateaz gain hezitzailea ere badela urteak darama aldarrikatzen gure sindikatuak, eta Haur-etxeak izeneko proiektu honek alor asistentzial hori baino ezingo du, gehienez ere, bermatu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.