Aurten, berriro ere, Hernaniko eskola publikoan dauden gabeziak estali ditu Gasteizko Hezkuntza Sailak. Ez da lehen aldia, eta seguru ez dela azkena ere izango. Datorren ikasturtean zuloak berriro agerian geratuko dira, baita Hezkuntza Sailak behin betiko irtenbiderik ez egikaritzeko borondatea ere.
Partxe bat jarri diote zuloari. Hezkuntza sistema euskaldun, publiko eta laikotik at geratu ziren haurrak kolokatu dituzte Hernaniko beste eskola batzuetan. Zer gertatuko da erreserbako plaza horientzat baldintzak betetzen dituen haurren bat etortzen bada? Hasieran guri eman ziguten konponbidea emango diotela, hau da, ikastetxe pribatu eta erlijioso batean kolokatuko dutela. Eta zer gertatuko litzateke, aukera hori ematea zaila izan arren, haurren batek mailaren bat errepikatuko balu? Ez dago tokirik, plazak okupatuta baitaude! Gure haurrak horretaz libratu dira. Norbaitek esango du gaitz erdi. Gaitz erdi? Ez guretzat, behintzat!
Hernanin guraso gehienok hezkuntza eredu jakin bat aukeratzen dugu gure haurrentzat. Haurren haztea eta heztea markatuko duen hezkuntza eredua gauza garrantzitsua da, ezta? Bada, aukeratutako ikastetxean ez dago nahiko plazarik, eta Hezkuntza Sailetik haurrak beste ikastetxeetan partitzen dituzte. Azken finean, dena da hezkuntza publikoa, ezta? Izan daiteke, baina ez da berdin. Ikastetxe bakoitzak bere eredua du, eta horren arabera egiten da aukera. Hernanin, behintzat. Asko dira baita ere arazo honen jakitun, lehen aukera, badaezpada ere, beste ikastetxe batean egin dutenak, hezkuntza sistema publikotik at geratzeko arriskua ikusita. Horiek eta aukeratutako ikastetxetik at geratu diren haurrak kontuan izanda, 30etik gora haurrek ez dute gurasoek aukeratutako ereduan ikasi ahal izango. Eta hori haurren oinarrizko eskolatze bizitza osoan gertatuko da gainera. Ez da, ez, txukuna gure haurrentzat nahi ez dugun hezkuntza halabeharrez eman behar izatea, eta, uste dugu, ez dela erosoa izango ikastetxe horientzat ere haur horiek onartzea.
Gure ustez Hernanik arazo bat du. Ez dugu uste urtero afektatuak diren haur eta gurasoen arazo puntual eta partikularra denik, herriaren arazoa baizik. Errepikatuko den arazoa da, herriari eta herriko gurasoen gehiengoak aukeratzen duten hezkuntza ereduari dagokio. Guretzako akaso berandu xamar da. Dagoeneko markatu dute gure haurren hezkuntza, etorkizuna. Akaso hurrengo urtean aldatzeko aukera izango dugu gutxi batzuk, baina hori ez da konponbidea. Argi dago, herriko ikastetxe batek eskakizun handia duela eta horretarako baliabiderik ez duela. Beste ikastetxeek demanda urriagoa dutela. Plangintza kontua bada, epe luzerako plangintzak egitea litzateke zuzenena, eskaintza eta eskaria berdintzen joatea logikoa dela deritzogu. Horrela egin dugu gure aurtengo borroka planteamendua. Horrela egin diogu Hernaniko Udalari eskaera eta horrela ulertu eta onartu du Hernaniko Udaleko osoko bilkurak.
Aurrera begiratu behar dugu eta Hernaniko herriak nahi duen hezkuntza eskaintza eskuratu behar dugulakoan gaude. Norabide horretan bildu ditugun sinadurek, egun gutxi batzuetan milatik gora, eskakizun horrek herritarren babesa duela adierazten dute. Babes hori eman diguzuenoi eskerrak ematearekin batera, norabide horretan lan egiteko gure prestutasuna adierazi eta hernaniarrak zein herriko eragileak ere helburu horren alde lan egitera deitu nahi zaituztegu! Animo!
Testu hau honako hauek sinatu dute: Garazi Andonegi, Jon Armendariz, Eider Vicario, Ainhoa Larrañaga, Irantzu Jauregi eta Iñigo Elkorok, Hernanin aukeratutako ikastetxetik kanpo geratu diren haurren guraso talde baten izenean.
Hernanin, hezkuntza arazoa betirako?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu