Egin Dezagun Bidea, sortu den mugimendu berria, zinez begi onez eta kuraia berrituarekin hartzen dugu gure altzoan.
Beti izan da —eta gaur inoiz baino argiago dugu— herri hau nahiz Ipar nahiz Hegoa, biziki arranguratua; ez soilik arranguratua, aktibatua ere bai, preso, iheslari eta errepresaliatu ororen inguruan.
Azken 30 urte hauek bereziki krudelak izan dira euskal errepresaliatuen senide eta lagunendako.
Errepresio bortitza, bortitza bezain krudela, krudela bezain hotza, hotza bezain maltzurra, pairatu behar ukan duguna. Baina ez da finitua. Estatu Frantses eta Espainolak azken muturreraino eraman dute, eramaten ari dira eta eramanen dute.
Ozenki erran behar dugu, lehen ere anitzetan erran dugun bezala, jada dugun elkartasuna eta maitasuna izan direla maltzur eta mendekuzko errepresio horri aurre egiteko indarra.
Gu biziki harro eta pozik sentitzen gara gure senide eta lagun errepresaliatuekiko, maila berean ere Euskal Herriarekiko. Munduan zehar behartuak gara testigantza egitera, eta berriro diogu: harrotasunez egiten dugu.
Horregatik, euskal jendartearekiko esker ona bertzerik ez dugu. Segur gara aitzina so eginez are eta azkarragoa eta sakonagoa izanen dela gurekiko eta errepresaliatuekiko elkartasuna.
Gure uste apalean, zinez beharrezkoa eta egokia ikusten dugu Egin Dezagun Bidea mugimendu berria. Gure herriko sentsibilitate sozial, sindikal, politiko, kultural… zabalak barnean biltzeko. Gai honen inguruan pusatzeko den nahikari eta indar guztiak, benetako bakearen beharra eta nahia egia bihurtu daitezen, ahal den epe laburrenean.
Gure herria konsziente da preso, iheslari eta errepresaliatu guztiak eskubide ororen jabe gure herrietan, etxean izan gabe ez dela bakerik izanen, bake iraunkorra izateko justizian oinarritua izan behar duelako.
Bada beste gauza bat biziki kezkatzen eta mintzen gaituena. Azkenaldian eta sarriegi entzuten da «bakean» bizi garela; «behingoz hauteskundeak libreak» izan direla, «libreak eta zibilizatuak» izan direla azkenekoak, «bortizkeriarik gabeko garaietan» bizi garela, edota biktimen erreparazioaz.
Urtero munduan zehar 15.000 edo 20.000 senide eta lagun inguru behartuak dira auto, abioi, tren edo itsosontziak hartu eta bidaiatzera, milaka kilometro eginez, eta, askotan, 45 minutuko bisita inhumano bat egiteko berina baten gibeletik.
—Galde diezaiegun munduan zehar diren preso, iheslari, errepresaliatuei edota deportatuei.
—Galde diezaiegun osasuna galdu eta baldintza bortitzetan bizi direnei.
—Estatu Frantsesa eta Espainola «biktima» deritzoten horiek gehitu eta gehitu ari dira, sortu eta sortu. Guretzat gerra ez da amaitu; izan ere, gerrako neurri guztiek hor diraute.
Buka dezagun mendekuzko krudelkeria honekin. Egoera honekin bukatu gabe, zer erreparazio egin behar dugu?
Egin Dezagun Bideak deituriko mobilizazioa zinez kolosala izanen da.
Guretzat, gure senide edo lagun bati egin diezaiokegun urte berriko oparirik ederrena Bilboko karriketan sentituko den maitasun, elkartasun eta askatasun nahia sentiaraztea izanen da. Bilboko karrikak dantzan izanen dira 7an; ondoren, herri bakoitzera iritsiko da bake nahiaren garrasia. Horrela, herri guztiak dantzan, bulego eta instituzioetako aulkiak dardaraz jar daitezen.
Dardara berak kartzeletako hormak botako ditu. Qui trop embrasse mal étreint. Horrela bi estatuei hain mugimendu zabala izanen dena kontrolaezina egiteko.
Gure testigantza emateko hor izanen gara Bilbon eta herri bakoitzean.
Maitasunez, iparraldeko Etxerat.
Herritarrak direlako: Herrirat-Etxerat
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu