Independentzia euskaldunerantz

2011ko irailaren 25a
00:00
Entzun
Euskaraz bizi den Euskal Herria gauza ona da denontzat. Ez du arriskuan jartzen ez euskal hiztun bakoitzak duen erdara, ezta erdaren iraunkortasuna ere beren lurralde historikoetan; eta beharrezko osagaia da Euskararen Herria berrosatzeko, Europako hizkuntz aniztasuna eta bakoiztasuna bermatzeko.

Hizkuntz gatazkak arrazoizkotasunez, senidetasunez eta elkartasunez konpondu behar dira. Pertsonak, hizkuntz komunitateak eta herriak berdinak baitira duintasunean. Horrenbestez, berdintasunezko tratamendua bideratu behar da: eskubide guztiak denentzat. Estatuek eragindako bazter hizkuntzak erdiguneko bihurtu eta hizkuntz iraunkortasuna bermatu behar da, globalizazioaren ekaitzei aurre egiteko.

Hizkuntz gatazka konpontzeko beharrezkoa da euskararentzat lortzea, Euskal Herri osoan, gaztelaniak eta frantsesak bakoitzak bere estatuan duten berdintasunezko estatusa eta parekotasunezko egoera eremu juridikoan, politikoan eta soziolinguistikoan.

Horretarako, Frantziak eta Espainiak beren estatu-hizkuntzen inposatze historikoa amaitu behar dute; euskara itotzeko eta menderatzeko politikak utzi, eta euskarazko komunitatearen burujabetasuna aitortu Euskal Herri osoan. Beharrezkoa da desagerrarazteko fasetik eta fase elebidunetik euskararen lehentasunezko fasera igarotzea.

Irtenbidea hizkuntz politika demokratikoa adostea da. Gutxienekoak, nire ustez, hiru dira: Euskal Herri euskalduna berrezartzeko ordenamendu juridiko politiko berria aitortzea,; euskal hiztunak euskara edonon erabiltzeko aukera bermatua izatea Euskal Herri osoan; eta Euskal Herri Euskalduna antolatzeko euskal herritarren ahalmena errespetatzea.

Oinarrizko akordio demokratiko horretatik oso urruti dago PSOE: «La mejor politica sobre el euskera es la del Gobierno Vasco en la presentelegislatura» esan berri dute. Baieztapen horrekin orain dela 32 urte EAJk eta PSOEk adostu zuten mendeko politikaren porrota ezkutatu nahi dute.

Hizkuntz politikarik onena, eskubideak aitortu, mendeko politikak gainditu, hizkuntz gatazka konpondu eta Euskal Herri euskalduna berrezartzen duena da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.