India da munduko bigarren estatu populatuena, hamargarren ekonomia eta demokraziarik handiena. Hogeita zortzi estatuk osatzen dute eta hogeita bi hizkuntza ofizial ditu. Horietako hiru daude hiztun gehien dituzten munduko hamar hizkuntzen artean: Hindia eta ingelesa, gobernu-hizkuntzak, eta Bengalera. Gobernu hizkuntzez gain, estatu bakoitzak bereak zehazten ditu, eta horren arabera antolatu zituzten estatuak.
Egoera horrekin egiten dute topo gure enpresek Indiara joaten direnean negozio aukera berriak zabaltzera. Han arrakasta izateko, hainbat alderdi kontuan hartzen dituzte. Horien artean, ezinbestekoa zaie hizkuntzak kudeatzea, eguneroko lanetan hango eta hemengo lana koordinatzeko. Zein irizpide dituzte? Hobetu daitezke? Zentzuzkoa litzateke euskara eta gaztelania hara eramatea? Egokia da ingelesez bakarrik aritzea?
Indian lehen pausoak eman dituzten makina erremintaren arloko enpresen (AFM, Danobat, Juaristi eta Korta) bizipenak ezagutuko ditugu IMHn, urriaren 24an antolatu dugun 30+10 Mintegia, hizkuntza-kudeaketa enpresan jardunaldian.
Zazpigarren urtez antolatu dugu, hizkuntzen kudeaketaren ikuspegitik, ekarpena egiteko enpresei, ikastetxeei eta erakundeei. Horretarako ekarri ditugu, ohi bezala, bertako eta nazioarteko esperientziak, praktika onak, eta merkatuan diren baliabide eta zerbitzu eleanitzak.
Aurten, beraz, nazioartekotzeari begira, India lantzeaz gain, Europako enpresa-praktika eleanitz onenen mapa eta Tecnaliaren ikuspegia ere ezagutuko ditugu. Lanbide Heziketari begira, hizkuntza katea ikastetxetik enpresara nola luzatu aztertuko dute mahai inguru batean hainbat eragilek.
Euskal Herrian sortutako esperientzietan sakontzeko, Xabier Erizek Management eta hizkuntza-plangintza lana aurkeztuko digu, eta, goiza amaitzeko, Elayko Anaje Narbaiza eta Euskaliteko Galder Lasuenen arteko elkarrizketa interesgarria izango dugu. Solasaldi horretan aztertuko dute enpresa batek hizkuntza-kudeaketa egokia lortzeko Bikain ziurtagiria nola baliatu dezakeen, eta zein aholku edojarraibide izan behar dituen kontuan. Goiz osoan, Maquelsa enpresak erakusgai izango du pantaila euskaraz duen Konika Minolta fotokopiagailua.
Gai horiek guztiak interesgarriak direlakoan gaude, eta enpresak gonbidatu nahi ditugu horien gaineko hausnarketa egitera, gero eta nabarmenagoa baita hizkuntza-kudeaketak haien jardueran duen eragina. Horren lekuko ditugu azken hilabeteetako berriak. Euskal Herria Esnearen etiketak eta Enpresarean azokaren arrakastak baieztatu digute euskal hiztunen komunitatea gero eta egituratuagoa dagoela merkatu gisa, eta gora egiten ari dela euskara eta hizkuntzen kudeaketa erreminta eraginkortzat duten bertako enpresen kopurua.
Aldi berean, Gipuzkoako Foru Aldundiak prentsaurrekoetarako eta hornitzaileentzako onartutako hizkuntza-irizpideen inguruan entzundakoek erakutsi digute, oraindik ere, lana dugula ikuspegi hori sendotzeko.
Mintegia IMHk antolatzen du Ahize-AEK hizkuntza aholkularitza, Eusko Jaurlaritza, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Elgoibarko Udalaren laguntzarekin. Urte hauetan, hainbat eragilek ere lagundu dute lan horretan, besteak beste: AFM, Langune, Artez, Emun eta Elhuyar Aholkularitzak.
Antolatzaileon aldetik jaso ezazue etortzeko gonbita, eta, informazio gehiago behar baduzue, www.imh.es webgunean edo (0034) 943-74 41 32 telefonoan gaituzue.
Indian... euskaraz?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu