Iragana eta geroa geureak direlako

2012ko urtarrilaren 13a
00:00
Entzun
Eskoziako lehen ministro Alex Salmondek Eskoziaren geroari emandako hitzari eutsiz eta Hugh McDiarmid poetaren hitzak erabiliz hasi du urte berria: «Guk Eskozian sinesten jarraitzen dugu, Oraina eurena bada ere, iragana eta geroa geureak direlako».

Gogora ekar dezagun 2011ko maiatzak Euskal Herrira ekarri zuen aldaketa politikoa. Sekula izandako gehiengoak lortu zituen Bilduk Gipuzkoako herri, hiri edota Batzar Nagusietan, eta horrek euskal politikaren birplanteamendu beharrezkoa ekarri zuen. Baina Euskal Herria ez zen agertoki politiko berria estreinatu zuen nazio bakarra. Eskozian ere, Scottish National Party abertzalearen bozketen zenbatekoak maila gorenera igo ziren. Aurreko legegintzaldian alderdi horrek Eskoziako gobernuburu izatea lortu zuen, baina gutxiengo gobernu batekin. Izan ere, Britainia Handiko lege elektoralak halako trikimailu bat du, non oso zaila den gobernua alderdi bakarrak lortzea. Hala SNPk kanpainan behin eta berriz aldarrikatutako erreferenduma ezin izan zuten aurrera atera, eskoziar ganberak atzera bota zuelako proposamena.

Baina 2011ko maiatz eraldatzaile horretan, Euskal Herrian ez ezik, Eskozian ere independentziaren aldeko haizeak astindu zituen bozketara joandako jendearen gogoak, eta, orduan bai, SNPk gehiengo absolutua eskuratu zuen. Eta gehiengo hori programan zituen hiru ideia nagusiri esker lortu zuen:

1. 2020rako Eskoziaren elektrizitatearen %100 iturri berriztagarrietatik ekoiztea.

2. Egin beharreko arau eta legeak sustatu, Eskoziak independentziaren inguruko erreferenduma izan dezan.

3. Unibertsitateko matrikula tasak dohainik izatea eskoziar ikasleentzat.

Hiru puntuok argi erakusten dute zein gizarte klase aukeratu duten eskoziarrek: hezkuntzan oinarritua, energia ekoizlea, ingurumena errespetatzen duena, eta batez ere, independentea. Eskoziarrek badakite zer nahi duten; nolako Eskozia eraiki nahi duten; zelako baloreetan oinarrituko diren. Urtetan hala izan da, eta orain ere berdina egiten jarraitu nahi dute, inoren aginduak bete behar izan gabe.

Euskaldunok ere garbi geneukan zer-nolako Euskal Herria eraiki nahi genuen, eta borondate hori inoiz baino nabarmenago agertu zen kaleetan, eta instituzioetan ere. Hasi gara, bada, beste era bateko politika egiten; gure ikuspegiarekin, gure helburuak argi izanik, gure puntu sendoak profitatuz eta ahulak indartuz. Agerikoa izan dadin gure mezua, bai euskaldunen artean, baita Espainian edo Frantzian eta, nola ez, nazioartean ere; gure geroa geuk erabaki nahi dugula, badakigula egiten eta borondatea daukagula.

Whiskiaren eta tartanezko gonen herrira bueltatuz, orain beraientzat garrantzizkoena geroa kudeatzeko eskumenak izatea da, eta, horretarako, presenteari aldaketak egin behar zaizkio. Lehenik eta behin, Britainia Handiarekiko askatasun ekonomikoa behar dute, bestela zaila dute euren garapenean inbertitzea. Egun, Westminsterreko legebiltzarra ari da Scotland Bill delakoa aztertzen, zeinek eskumen ekonomiko batzuk luzatuko dizkion Edinburghekoari. Eskumen ekonomiko hori zifretan jarriz gero, 12 mila milioi libera lirateke, hau da, eskoziarrek beraien zergetatik eratorria denaren herena kontrolatuko lukete. SNP ez da inoiz Scotland Bill-aren inguruko eztabaidan tematu, Westminsterren kontrolpeko «poltsikoko xoxekin» ezin baita benetan aurrera egin haien ustez.

Beste era batean esanda; Eskoziak argi eta garbi hitz egin du INDEPENDENTZIAri buruz. Eta independentzia letra larriz idazten dut, herri horretan direnaz harro hitz egiten dutelako. Beldurrik, lotsarik eta erreparorik gabe. INDEPENDENTZIA. Noski, berau lortzeko urratsak egin behar dituzte, ezin egun batetik bestera lortu. Baina bidetik pauso bat aldendu gabe.

Eta bide horretan badirudi bidaide bat aurkitu dutela; nor, eta Britainia Handiko lehen ministro David Cameron bera. Cameron jaunak dio berez Britainia Handiko konstituzioak ez diola Eskoziako legebiltzarrari erreferendumik egiteko eskumenik onartzen, baina (eta baina hau da kontu guztiaren muina) eskoziarren gehiengoak independentziaren aldeko hautua egiten badu Westmisterrek onartu baino ezin duela egin, hau da, Eskozia nazio bezala onartzeaz gain, horrek berez duen autodeterminazio eskubidea onartzen dio. Ez da, bada, konstituzio kontu bat, borondate eta enpatia politikoarena baizik. Noski, Downing Streeteko burua ez da on puska bat, eta bere baldintzak mahai gainean jarri ditu: galdeketa hurrengo 18 hilabeteen buruan betetzea, eta bertan galdera bakarra: independentzia bai ala independentzia ez.

Orain Salmondek ihardetsi du 2014ko udazkenean jarriko dutela data, eta denbora behar dela zer-nolako galdeketa egingo duten ikusteko, txor-txor… Eztabaida sutsua dugu aurretik, baina eztabaida da, eta independentziaren ingurukoa. Horri egiten diot txalo nik. Eta penaz begiratzen dut Madrilera edo Parisera, halako demokraziaren zentzua galduta duten bi estatutako hiriburuetara. Eta neurre buruari galdetzen diot: Euskaldunok noiz galduko dugu independentziaren inguruan lotsarik gabe hitz egiteko beldurra? Noiz planteatuko ditugu gauzak hain argi? Izan ere, lagun eskoziarrek baino askoz botere politiko handiagoa dugu bideari ekiteko; hasteko, autonomia fiskal osoa… falta zaiguna da Euskal Herriarekiko sinesmen apur bat, eta, noski, benetan gai honi gogoz heltzeko borondatea. Nik, behintzat, badaukat.

Badakit badagoela Euskal Herri independentearen ideia gustatuko ez zaionik, baina Bilduren filosofian sinesten duenik: euskal indarren batasuna, erabakitzeko eskubidea, berdintasuna eta aurrerakoitasuna. Eta hemen askok ulertu zutena da, baita Eskozian eta Britainia Handian ere, edozein herrik baduela bere geroaren jabe izateko eskubidea. Badirudi, ordea, Frantzian eta Espainian oraindik ez direla horretaz konturatu. Gogorarazi beharko zaie, bada, oraina beraiena bada ere iragana eta geroa geureak direla.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.