Jokoz kanpo baina

2011ko urriaren 1a
00:00
Entzun
1990. urtea izanen zen, Lituaniak eta bere auzo lagunabarrek independentzia eskuratu berri zuten behintzat, Hernaniko ezker abertzaleko militante batzuek independentzia gaia zela hitzaldi bat ematera gonbidatu nindutela. Eman ere egin nuen eta, labur, atera nuen, independentzia olde hura ez zela gurera iritsiko. Akaberan militante haietako batzuek esan zidaten, ez nintzela ongi: bazela independentziaren unea, eta, gainera, «orain mezu baikorra» eman beharra zegoela. Nago, hurrengo urteetako zenbait neke ebita zitezkeela, egin izan balitz diagnostiko zuzena; edo, soil-soilik, egia esan izan balitz.

Nago, oraingoa ere ez dela independentziaren aldia, ezpada presoak kaleratzearena, eta betiereko borrokaren aldia. Akaso mezua beste bat izatea nahi izanen da: baikorrak izan behar dugu, hortxe dago, inoiz baino hurbilago gaude; salto bat antzeztu behar dugu; baina, berriz ere, diagnostikoa okerra bada, berriz ere kopetaz pareta joko dugu. Ez baita berez txarra (horretarako dugu kopeta), baina on da jakitea zertara goazen.

(Hau guzti hau, emanik-eta, balitekeela inor bere aurreikusi politikoetan ondorio honetara ailegatu izana, hau da, posible dela bihar edo etzi euskal Estatuaren izatea, zeinetaz —inor ondorio horretara ailegatu izanaz—noski ez nagoen batere seguru.)

Hori dela-eta, gaur gaurkoz ez da, agian, zentrala Estatuaren eztabaida, are, baliteke pixka bat jokoz kanpo egotea. Eta, hala ere, holako edo halako arrazoiengatik, horretaz hitz egiten denez, esan nahi dut, posible baldin bada kontra egon gabe alde ez egotea, ni, ez bainago kontra, alde ere ez nagoela; eta, bizitzan behin, bo, dagoeneko birritan besterik ez bada, ez dela nire ideala, urratuko dut. Hori guztia, betiere ukatu gabe, balitekeela probetxuzkoa, zenbait alderditatik, Estatu propioaren izatea; batipat protsimo-kontrarioak izorratzeagatik.

Gauza hauetaz jardun nintzen BERRIAn aurreko batean. Erantzuntzat edo, bertan, handik egun batzuetara, euskal Estatuzale bik No man's land? izeneko artikulua argitaratu zuten.

Diote lagunok, balizko euskal Estatuaren okerrak egun aipatzea, herrian federik ez izatea dela: Estatua, behar-beharrezkoa izateaz gain, esku zintzo eta bizkorretan dela, badaitekeela franko onerakoa. Nire sinestea laburragoa izanik, esanen dut ze, Estatuak, zenbait on eragin baldin badezake ere, txarra dela berez. Jende txikien etsaia dela Estatua. Herri-demokrazian Estatuak ez daukala tokirik.

Nahiago, espainiar erresuma (edo errepublika!) baino, nafar errepublika (edo erresuma!) izatea? Baiki, joko nuke tripetatik, baina, niretzako, ez da bera helburua.

Nire iritziak «atzerakoiak» direla, eta «benetako borroka aurrerakoia» zein den erakusten diguten lagunok esaten dute, «ezkerrak ez diola inoiz beldurrik izan herriari». Eta diot nik, ezkerra herri-beldur eta herri-izu dabilela beti; hala behinik behin ezker erreala, gure artekoa, sozialdemokrata edo dena delakoa, hau da, menperatzaileen blokean zati eraginkorra den ezker Estatuzalea, aldian aldian kapitalaren alternatiba autentikoa dena.

Orobat, diote lagunok, hizkuntza dela nazio baten «kohesioaren funtsezko elementua» (eta kohesio hori Estatuak bakarrik berma dezakeela). Ados aurrenekoarekin. Baina, ohartu egin beharko dugu, bada, elementu hori, hizkuntza hori, gurean, euskal Estatuan ere, oso ongi litekeela espainiera izatea (edo ez?). Eta, orain-oraintxe hala ez baldin bada: euskarak, sasiartean bada ere gure «kohesioaren funtsezko elementuetarik» izaten segitzen badu, gure eguneroko praktika, atrebentzia eta ahaleginagatik dela. Baina, gure ahalegin hori, ez da Estatu-ahalegina. Herri-ahalegina da, izan-nahizko ahalegina. Edo inork pentsatzen al du, azken-azkenean, Estatuak euskaldunduko gaituela?... Bistan da baietz.

Orobat, diote lagunok, «inplizituki Espainia eta Frantzia aukeratu» ditudala. Eta, falta handia baita hori, esanen diet nik lagun horiei: karajo, Frantzia eta Espainia zuek aukeratuko zenuten. Ni ez naiz Estatu horietakoa. Ez nago haien gainean, ez haien azpian ere. Ez naiz, hori da dena.

Nioen nik artikulu hartan, Estatu arrotzek egiten duten bezalaxe, «Estatu propioak [ere] herria (nazioa) bere menpe jarriko» lukeela; eta, hala da ze, hain lirateke demasak Estatu horrentzat xahutu beharreko indarrak, hain handia ordaina (ez, agian, nahiz seguru aski bai, odolezko ordaina, baina bai mixeria humanozko kostua), non ahalegin berean herria, nazio maltretxoa, seko urtuko bailitzateke. Gure garaia definitzen duten zeretarik da: nazioak Estatuetan ari dira urtzen. Hobekiago, Estatu propioan urtuta? Beharbada bai.

Armak erabiltzen dituen, edo parlamentuak erabiltzen dituen, hau da, erabilitako bitartekoek herria gero zer izango den adierazten eta markatzen duten bezalaxe, atzekoz aurrera ere, Estatuaren alde saiatzeak, edo Batzarrearen alde saiatzeak ere gure zer-izangoa adierazi, eta markatuko du. (Estatua eta Batzarrea ez direla kontrajarriak, esanen dit batek. Agian ez. Alabaina, helduleku eta ekinbide bereizi bi badirela onartuko dit halakoak.)

No man's land? artikuluaren egileen ustez, Estatua tresna askatzailea izan daiteke, «haren kontrola noren eskuetan dagoen». Ez dute esaten, ordea, Europa kapitalista den artean bertako Estatuak kapitalistak izanen direla, beraz ez askatzaileak. Bai, «nazio gisa» aska gintezke, nolabait; ez da hutsa hori. Baina, ba al daiteke, bada, bata gabe bestea? Eskola zaharrekoa naiz: ez zait iruditzen. Dena dela, oraintxe, Estatu botereen eta botere ekonomikoen menpekoa ez den sozialismoa, herri-sozialismoa, inor gutxik du gogoan. Hortaz, eskuinaren besotik izan zein ezkerraren besotik izan, jendeen esplotazioan eta miserian oinarritutako Estatua, begien bistan ez dago besterik. Guztiarekin, momentuz bera ere ezin da, kapitalista jauntxoak eta anderetxoak independentziaren aurka baitaude. Hortaz eta hartaz, bada, ezinen artean, nik esaten dut: Estatua eta kapitalismoa elkar hartuta edo bateratsu etorri ziren legez, baliteke, bada, finki saiatzera, eta xantza pixka batekin, geroko geroan, edo lehentxeago, biak ala biak bateratsu ezkutatu, edo deuseztea. Eta, behintzat, merezi du saiatzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.